GAUR8 - mila leiho zabalik

Okupak eta okupak


Google Maps aplikazioan Gasteizko hiriguneko hego-ekialdea arakatzen baduzu, “Errekaleor Auzo Askea” erreferentzia aurkituko duzu, izendapen horrekin erregistratu baitzuen, noizbait, Interneteko mapa-zerbitzariak hiriburuko auzune hori. Izan ere, 1950eko hamarkadan hiriko industrian lanera etorritako migratzaileei aterpea emateko eraikitako etxadi merke haiek, eremu askatua bilakatu dira hamarkada batzuk geroago, 2013an unibertsitateko ikasle talde batek hutsik zeuden eraikinetako bat okupatu eta bertatik egun ehun lagunetik gora biltzen dituen proiektu komunitario bat abian jarri zuenetik. XXI. mendearen lehenengo urteetan eremua etxegintzaren negozioaren jomugan zegoen, eta hango bizilagunak desjabetu egin zituzten, inguruko auzo berrien zabalkundearen aitzakian. Baina, ondorengo okupazioak eta gerora haren inguruan gorpuztu zen herri-egitasmoak asmo espekulatzaile haiek zapuztu egin zituen. Geroztik hamaika trikimailu baliatu dituzte bateko eta besteko udal gobernuek Errekaleorreko auzotarrak kanporatzeko. Ura moztu diete, gero argindarra, polizia ere sarritan bidali diete, baina errekaleortarrek asmatu dute beti ogi gogorrari hortzak erakusten, mundu mailako proiektu autogestionatu eta autonomo eredugarria bilakatzera iritsi diren arte.

Aste honetako erasoak, baina, ez du aurrekaririk bortizkerian eta ankerkerian. Bortizkerian, oldarraldiak auzokide bat larri zaurituta utzi duelako. Eta ankerkerian, bizilagunek salatu dutenez, Ertzaintzak, VOXeko militante talde batekin elkarkidetzan koordinatutako segada batean, bazterkeria egoeran zeuden pertsona etxegabeak erabili dituelako lan zikina egin zezaten. Hainbat hedabidek, gainera, eskuin muturraren diskurtsoa elikatzeko probestu dute, erasoaldi planifikatua “okupa nazionalen” eta “okupa migratzaileen” arteko gatazkaz mozorrotuz.

Errekaleorren jokoan dagoena lagun batzuen etxebizitza baino zerbait gehiago da. Datorkigunaren probalekua da. Lagun diezaiegun proiektu askatzaile horri eusten, besteak beste, hango txosnetan trago bat hartuz, gaur auzoko jaiak dira-eta. •