2026 AZA. 21 Jostaketa Maider Iantzi Nire goiti-beheitiak izan ditudan arren, azkenaldian izugarri gozatzen ari naiz parkean. Semea eta lagunak kontent ikusten ditut, bizitza oroitzen ez nuen modu batean bizitzen, eta haiei begira bertze gurasoekin kontuak partekatzea eta tarteka jostetara batzea plan ederra da. Nora Salbotx eta Ane Ablanedo irakurri ditut azkenaldian eta, haiek bezala, nik ere ozen aldarrikatu nahi dut jolasa garrantzitsua dela bizipoza ematen duelako, eta kito. Zoragarriak iruditzen zaizkit begiak zabaltzen dituztenetik betazalei gehiago ezin eutsita ixten zaizkien arte josteta bilatzen duten pertsonak. Xaboi-burbuilen artean begiek dir-dir egiten diete, eta begi horietan nire burua aurkitzen dut. Ablanedok dioen bezala, gure gizateria hainbertze urrundu da gizaki gisa benetan identifikatu beharko gintuen gizatasunetik, gelditu eta haurren modu oraindik sanoei begiratu beharko geniekeela. Baina kontrakoa egiten dugu, eta gu jartzen gara eredu gisa, hantuste, haiei erakusteko duguna gure izate eta gizarte errakitikoa baino ez dela ohartu ez bagina bezala. Egiaz sinesten dut, Oinherri proiektuak ere bultzatzen duen bezala, haurrak eta gaztetxoak aditu behar ditugula, haien iritziaren premia dugula eta haiek pozik bizi diren bizitza bat hobea dela denontzat. Parkean sarri erraten dugu helduok gure artean: «Aprobetxa dezatela!». Ume handiagoak dituztenek jada abisatu digute gero lanpetuta ibiltzen direla etxeko lan, eskolaz kanpoko jarduera eta azterketekin. Ikastolan uzten dudanean ere, «disfrutatu!» erraten diot semeari. Ematen du orain dela jostatzeko garaia eta laster bukatuko zaiela. Baina, egiaz, jostaketa adin guztietako pertsonentzat da, denok jolasten gara gehiago edo guttiago eta horretarako aukera izan beharko genuke beti. Gure bizitza ere aunitzez ludikoagoa izan daiteke eta hori bilatu nahi dut. Jostatzeko denbora librea behar da. Ablanedoren hitzetan, galtzekoa den denbora baino ez da librea, orduan azaleratzen baita egiaz garena eta gustatzen zaiguna. •