Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
1172_7K_txapela6
Albora edo atzerantz botatzen den «Relevée» pamela (1945-48). Modan egon ziren 40. hamarkadan. Argazkiak: Museu del Disseny de Barcelona

Kapelei buruzko klase bat Balenciagarekin

Familiako albumak esku artean hartzean nork ez du pentsatu: «Zein dotoreak, 50. hamarkadako aktoreak dirudite!». Argazkiei berriz so egin eta «glamour» horren ezinbesteko erantzuleetako bat aurkituko dugu: burukoa. Balenciagak ongi zekien.

Ana Maria Torra Amat de Gili editore katalana, oporretan bere Balenciaga «total look»-arekin. Amat de Gilitarrak Picassoren lagun minak ziren.

Gezurra dirudi hain hutsala dirudien apaingarri batek, hain delikatua eta askotan inolako eginkizun praktikorik ez duena –bueno, eguzkitik eta elementuetatik babestea salbu–, zenbat esanahi gordetzen dituen bere barnean. Historia anitz, milaka istorio. Antzinatik, kapelak nortasunaren, bereizketa hierarkikoaren eta estatus sozialaren adierazle izan dira. Babes-elementu izan dira, baina, aldi berean, baita aginte adierazle ere zituzten apainduren ezaugarrien edo tamainaren arabera. XVII. mendetik aurrera, Estatu frantsesean chapeau hitza erabiltzen hasi zen, latinezko caput-etik hartua eta ‘buru’ esan nahi duena. Eta XIX. mendearen amaieran, kontsumo ohitura berriekin, emakumeen kapelak izugarri hedatu ziren gizartean. XX. mendeko goi-mailako jantzigintzaren eskutik, are gehiago, glamourrak eztanda egin baitzuen: gizarte maila guztietako emakumeak hasi ziren kapelak erabiltzen, dotoretasun ikur bihurtu ziren... bat-batean kaleetatik desagertu ziren arte. Zeintzuk izan ziren glamourraren bat-bateko desagertze horren ‘erantzuleak’? 60. hamarkadako mugimendu sozialak eta, batez ere, feminismoa. Zergatik? Kapelek goi-mailako klaseekin eta patriarkatuarekin zuten lotura azaleratu zutelako. Bularretakoak, sutara; buruko pinpirinak, trastelekura.

Infanteriako kasketen ondorengoak dira txano hauek («casquete», frantsesez). Irudikoa 1960koa da.  Mota honetako kapelek koroa edo kopa bat dute, hegalik gabe. Askotan ilea osorik estaltzen dute. «Gutxiago gehiago da» Balenciagaren leloaren adierazle garbia.

 

«Casquete» bat (1964-1965). Marabu lumez egindakoa da eta aurrealdean krisantemoen egitura duen apaingarri bat du. Parisen egindakoa da. Erakusketaren arabera, Balenciaga etxearen ezaugarriak ospea, dotoretasuna, tradizioa... eta oparotasuna ziren. Kapela hau, azken horren eredu.

Egun, kapela gutxi ikusten dira. Biserak, gehixeago; zorionez, txapelak ez dira sekula erabat modatik pasa –euskal gizonezkoen artean garai batean hain ohikoak ziren burukoak emakumeek artean ere izan ziren modan 1920ko hamarkadan–... eta hortik aparte, ezer gutxi. Hori bai, pieza ederron zaleek, aukera aparta dute parez pare kapelen historia ezagutzeko: urriaren 3ra arte Bartzelonako Diseinuaren Museoan dagoen eta udazkenean Getarian ikusgai egongo den ‘Balenciaga. Kapelen dotoretasuna’ erakusketa bisitatzea. Aurretik, xehetasun bat: Balenciaga etxeko kapelen atzean, emakumeen unibertso oso bat zegoen. Getariako diseinatzailearen Pariseko eta Madrileko kapela sailen zuzendari, kapelagile eta saltzaile guztiak emakumeak ziren. Baita bezeroak ere. Elitekoak.

Soineko urdin ilun batekin konbinatzen zen irudiko 1933-1934ko buruko hau. Ana Maria Torra de Gilik Diseinuaren Museoari emandakoetako bat da. «Balenciagatarrak» goitizena jarri zien prentsak diseinatzailearen filosofiarekin bat egiten zuten emakumezko bezeroei.

Erakusketan 30. hamarkadatik 1968ra arte –Balenciaga etxea itxi arte– Eisa tailerretan egindako 173 kapela daude ikusgai. Eisa amaren omenez hautatu zuen izena Balenciagak. Tailerrotatik ateratzen ziren kapela dotoreak Balenciaga shape ezizenarekin egin ziren ospetsu. Benetako artisau lanbideak ere sortu ziren tailerrotan, plumassier edo fleuriste izenekoak kasu. Askotariko iturrietatik edan –baserritarren txapelak, arrantzaleen jantziak...– eta bere erara moldatu zituen burukoak getariarrak. Total look, hau da, goitik behera jantzita ateratzen ziren bezeroak. Saltzaileek –Belita Dauvilliers Parisen eta Maria Ozcariz Madrilen– kapela nola jantzi ere erakusketen zieten. Zorrotz, gainera.

Gaueko soineko bat (1949), Madrileko Eisa tailerretan egindakoa. Tradiziotik hartu zuen inspirazioa Balenciagak, ondoren bere erara egokitzeko. Antzina, garai historiko desberdinetan, burua estaltzeko erabiltzen zen oihalarekin lotura du, baita mojen burukoekin ere.