Jon Pagola Galardi
Alde Zaharrean Bizi auzo elkarteko Goto Egaña eta Loren Loidi. Gorka Rubio | FOKU
Alde Zaharrean Bizi auzo elkarteko Goto Egaña eta Loren Loidi. Gorka Rubio | FOKU

Nola eta norentzat ari da antzaldatzen Donostiako Alde Zaharra?

Pandemia iritsi aurretik, eztabaida mahai gainean zegoen. Donostiako Parte Zaharraren fisionomia zeharo aldatu da azken urteotan, turistifikazioa eta masifikazioa direla eta. Nola heldu gara honaino? Zer gertatuko da datozen hilabeteetan?

Larunbata, ekainak 26. Iritsi da eguna. Jaques Dutronc-en “Hippie Hippie Hourrah” jarri dutenean, eguzkiak albo batetik agurtu du eta badia argitu da. Handik gutxira, enkante dibertigarri bat hasi da eta mahaietan eserita dauden dozenaka lagun ustekabean harrapatu ditu. Herritar gehienei enkanteez hitz egiten bazaie, berehala pentsatuko dute artelanetan edo, asko jota, arrainetan, olioetan, frutetan edo ez ordaintzeagatik esleitutako etxebizitzetan. Are gehiago Interneten aroan, non erabiltzaileak eskaintzak egiten ohituta dauden produktu bat erosteko itxaropenarekin, markatutako denbora batez. Bestelako eskaintza izan da Urgulleko Polborina terrazan martxan jarri dutena, erdi txantxetan: krisi pandemikoaren ondorioz ateak itxi behar izan dituen taberna batena, hain zuzen ere.

Iker Irastorza eta Mario Sanchidrian 2017ko udan ohartu ziren Ikatz kaleko Ilargi taberna alokairuan zegoela. Elkarri begiratu eta bi aldiz pentsatu gabe hartu zuten erabakia. Koronabirusak kolpe gogorra eman die eta ezinezkoa bihurtu du bideragarritasuna, lau urteren ostean. Musika zaindu dute une oro, lagun mordoa egin dituzte eta azken agurra eman nahi izan diote tabernari. Amaiera izan duen arren, festa giroa arnastu da Urgullen.

Apaingarri, oroigarri eta bitxikeriak enkantean atera dituzte, horien artean tabernako kudeatzaile ohiak. Okurrentziak berehalako efektua izan du. Bezero denak batera lehertu dira barrez eta milaka “ilargi" eskaini dituzte enkantean, euroaren ordez sinbolikoki erabili den dibisa merkatua. Arratseko bederatzietan behin betiko amaiera eman diote ibilbideari. Mariok eta Ikerrek ez dute porrot egin izanaren sentsazioa. Ziklo bati agur esan diote, baina ez dute modu txarrean bukatu. Segituan aurkitu du lana Ikerrek, Juantxo tabernan. «Harreman ona» izan dute Ilargiren jabeekin, Marioren esanetan. Adierazi du koronabirusaren izurrian jarritako oztopoak zailtasun gehigarriak erantsi dizkiola ostalaritzari, eta esperantzari eutsi dioten arren –“Erresistentzia musikala” izan da Ilargiren leloa– tabernaren biziraupena bermatzeko ez dira bete lan baldintza duinak.

Narrika, Ensanche, Eiger, A Fuego Negro, Txiki, Rekalde, Estrada alpargata denda, Ilargi bera… Kaltetuen kopurua gora doa. Luzea da zerrenda. 2016. urteaz geroztik, Donostia Europako Kultur Hiriburu bihurtu zenetik, turistifikazio eta masifikazioaren inguruko eztabaida mahai gainean egon da. Betiko taberna eta saltoki txikiak behera egiten hasi ziren apurka-apurka Parte Zaharrean, horietako bat Aldamar kaleko Rekalde. Berotasunez eta gozotasunez ondua, bidegurutzea bihurtu zen trago bat hartzeko jatorri ezberdina zuten hainbat kulturzalerentzat. Gogoan geratzeko moduko bukaera izan zuen. 2018ko abenduaren 30ean ixteko agindua heldu zen eta enpresa batek erosi zuen eraikina, espekulatzeko egin zen operazio berri baten atarian, antza denez. Agus Rodriguez Rekaldeko jabea zen. Gaur egun lokala hutsik dago eta bi urte eta erdi bete dira Groseko Pandora taberna Txofre kalean abian jarri zuenetik, pandemiaren bezperan. Agusek jakinarazi du «zoriontsua» dela Pandoran, Donostiako bere betiko auzoan, eta gainditu egin dituela hark aurreikusitako emaitzak. Terrazaren eragina «nabarmena» izan dela esan du. Astiro bada ere, langileak aldi baterako erregulaziotik atera ditu, eta euskaraz, ilusioz eta tratu onez eraikitzen ari da Pandoraren identitatea, betiere modu inklusiboan. «Karmari» leporatu dio Agusek azken urteotan bizi dituen gorabeherak. «Bitxia da. Baina oso kontziente naiz murrizketa gogorrenen garaian, gehienez ere, bizpahiru pertsona egongo ginatekeela Rekalden lanean. Eta orain, asko jota, lau», aitortu du.

«Donostia ez da promozionatu behar»

Gaur Konstituzio plaza bezala ezagutzen dugunak 1813an Plaza Berria izena zuen. Eguraldi epela lagun, bazkalostean jendez lepo daude terraza guztiak. Bi emakume agertu dira. Margolan bat balitz bezala, konposizioaren ardatzean tente pintaturik dauden bi emakume dira. Ester Uriarte eta Loren Loidi, biak ere 1994an etorri ziren Parte Zaharrera bizitzera, eta biak ere euren borondatez. Ikatz kalean bizi da Uriarte, Ilargi tabernatik oso hurbil; Fermin Kalbeton kaleko etxebizitza batean bizi da Loidi, «Alde Zaharreko eskaparate gastronomiko nagusia» dena eta «plataforma turistiko potente» gisa definitu du bere bizilekua. Zergatik egin zuten aukera hau galdetuta, Loidik oso argi du: «Uliatik etortzea aukeratu genuen, hain zuzen ere, bizitza hemen egiten genuelako. Gure harreman sareak hemen zeuden. Pozik hautatu genuen hona etortzea», esan du Hamabost tabernako terrazan eserita. Baina, finean, nolakoa izan da azkeneko 25 urteotako bilakaera Donostiako auzorik famatu eta zaharrenean? Hitz egiten jarraitu du Loidik. «Alde Zaharraren eraldatzea ikusten ari gara, bertatik bertara». «Etxea erosi nuenean zarata handia zegoen baina gaur egun iskanbila areagotu da», gaineratu du Uriartek. «Nire etxeak Ikatz kalera ematen du alde batetik; bestetik, Konstituzio plazara. Ikatz kalean garai gogorrak pasatu ditugu, zarata handia zegoen hasieran, baina gauzak baretu ziren eta taberna batzuk itxi egin ziren. Hainbat urtez behera egin ondoren, berriro ere ugaritu egin dira. Zikinkeria mordoa dago, zarata pila… Bizilagunek hori guztia jasan behar dugu». Egin duen deskribapenak hondartzako olatuen joan-etorri etengabea dakar gogora eta urtetik urtera okerrera egin du egoerak.

Parte Zaharrean Bizi auzo elkartean ezagutu dute elkar Ester Uriartek eta Loren Loidik. Jomuga berbera dute: duintasunez bizi nahi dute, besterik gabe. Gogoeta eta ekarpen batzuk egin dituzte. Elkarteak datu batzuk azpimarratu ditu, «alarma pizteko modukoak», eta bilakaera horren «isla» direnak. «2004tik 2017ra biztanleriaren %9 galdu du auzoak, horrek esan nahi du gero eta jende gutxiago bizi dela bertan. Galtzen dugun biztanleria adin ugalkorrean dagoen jendea da; beraz, zahartutako auzoa ere bada orain. Gazteek alde egiten dute izugarri ari delako garestitzen auzoa. Pisu turistiko asko dira. Inbertsoreek etxeak erosten dituzte eta espekulatzaileen eskutan geratzen ari da Alde Zaharra. 452 ditugu hutsik, eta hori parke osoaren %17,3 da», salatu dute.

Behera egin du turismoak izurriarengatik, baina «monokultiboa» ez dela eten ohartarazi du Lorenek, eskutan dituen apunteak eta oharrak txukundu eta gero. Merkataritzaren pisua galtzen joan da eta ostalaritzarena handitzen, hitz gutxitan. «2004tik, denda txikiek %10 egin dute behera. Burdindegia, mertzeria edo okindegi bat topatzeko zailtasunak ditugu, bakarren bat gelditzen da. Zer gertatzen ari da? Itxi dituzten taberna eta denda txiki horiek biltegi bihurtu dira edo turistentzako souvenir salmenta zuzeneko lokalak dira. Ostalaritzak, aldiz, gora egin du nabarmen. 240 taberna ditugu, 20 biztanleko bat. 2000. urtean 186 genituen», nahiz eta urte hartan izendatu zuen Udalak Parte Zaharra gune saturatua. «Beti daude trikimailuak gorakada egiteko», dio Lorenek, burumakur.

«Ipar Euskal Herria da monokultiboaren eredua: irailean pertsiana botatzen da eta Donibane Lohizune desertua da. Hori da nahi duguna?». Oharra: ez dituzte taberna guztiak zaku berean sartu nahi. Ez dute ostalaritzaren aurka egin nahi. Azkenaldian inbertsio taldeak hainbeste erakarri dituen auzoan bizi dira, non «eskua sartu duten eta arimarik gabeko negozioak muntatzen dituzten katean. Lauzpabost inbertsio talde ia 20 tabernaren jabe egin dira eta gehiagora doa hori». Eta ondoren, albo-ondorioak aipatu dituzte banan-banan: kalitatearen beherakada, langileen prekarizazioa, pintxoak gero eta garestiagoak dira, arima desagertu da…

Iazko urtean pandemiaren tunelean sartu ginenean ziurgabetasun garaia izan zen, baita Parte Zaharrean ere. Bizilagunek auzoarekin zuten harremana aldatu zen eta zenbait espazio publiko berreskuratu zituzten, galdutzat jotzen zituzten gune jakin batzuk berriro okupatzeko aukera izan zuten. «Alde onak eta txarrak izan zituen itxialdiak auzoan. Zarata desagertu zen, umeak kalera irten ziren jolastera, lo egiteko aukera izan genuen, txoriak entzun genituen… Aldi berean elkartasuna adierazi nahi diegu gure taberna eta komertzio txikiei; galera ekonomikoak izan dira», laburbildu du Esterrek. Dagoeneko apunteak utzi ditu Lorenek, eta bota du azken mezua, denetan mezurik zintzoena: «Donostia ez da gehiago promozionatu behar. Desazkundeaz hitz egiten hasi behar dugu».

Hiritik landarako zubi gastronomikoa

15 urte bete behar zituen ekainean A Fuego Negro tabernak Abuztuaren 31 kalean. Tradizioa, modernitatea eta musika beltza uztartu ditu 2006tik, baina ezinezkoa egin zaio Edorta Lamoren tabernari aurrera jarraitzea eta ezin izan du urteurrena ospatzeko ekitaldia egin. Koronabirusak baldintzatu du ibilbidea eta 2020ko azaroan argiak behin betiko itzaltzea erabaki zuen Edortak: «Barrak debekatu zituztenean, gureak egin zuen. A Fuego Negro bezalako formatuari etekina ateratzeko barra ezinbestekoa da, irabazien %80 zen. Saiatu ginen mahaiak jartzen baina lau aldiz gehiago egiten genuen lan eta lau aldiz gutxiago fakturatzen genuen». Hilean 6.000 euroko alokairua ordaintzen zuela kontatu du, «elur bola ikaragarri handitu» zen arte. Etorkizuna erabat ilundu zitzaion azken hiruhilekoan eta «pena handiz» itxi zuen A Fuego Negro.

Abandonatuta sentitu dira, ikusirik, «inor, ez udaletxea ez beste edozein erakunde», ez dela irten haiek babestera. «Ez genuen instituzioen deirik jaso», ziurtatu du Edorta Lamok. «Arraroa da: aurreko urteetan elkarlanean aritu baikara Donostiako Kultura Hiriburuarentzat, esate baterako». Itolarri ekonomikoaren eraginez, bizitzak bigarren aukera eman dio, ordea, eta aprobetxatzen ari da. Pasa den abenduan ireki zuen Kanpezun, bere jaioterrian, Arrea! izeneko jatetxea, sustrai gogor eta basatietara bueltatuz. Erasora joz defendatu du Lamok bere ogibidea eta atzean utzi du Donostiako Parte Zaharra, turisten eta nagusi berrien neurrira eraldatzen ari den auzoa, akaso. «Pentsatzen zuten erotu nintzela, Euskal Herriko leku ezatsegin batera etorri naizelako, Kanpezura. Baina oso ondo moldatzen naiz. Hemen jaio nintzen. Hemen dago nire etxea eta nire bizitzako proiektua», esan du sukaldariak.