Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Mertxe Lopez, Anaitasuna Elkarteko jokalarien babesean.
SDCR ANAITASUNA
Mertxe Lopez, Anaitasuna Elkarteko jokalarien babesean.

Sasi guztiak aldentzen bidea badagoela erakusteko

Oraindik ere salbuespena dira kirol klubetan ardura postuak dituzten emakumeak. Aurrerapausoak eman dira, ezin dira ezkutatu, baina oraindik ere bidea oztopatzen duten sasiak kentzen jarraitzen dute aitzindari diren emakumezko presidente edo kirol zuzendariek. 

Tristea da hainbeste denbora pasatu behar izatea lehendabiziko emakume presidentea izateko». Itziar Eguren Arraun Lagunak elkarteko presidente da 2019tik, lehendabiziko emakumea, «gizonen mundu batean». Halaxe deskribatzen baitu donostiarrak arraun mundua. Hain da gizonezkoena, ezen Traineru Kluben Elkarteko (TKE) bazkide izateko baldintza gizonezkoen trainerua edukitzea da, Arraun Lagunakek betetzen ez duena, alegia. «TKEko zuzendaritza batzordea hamabi pertsonak osatzen dute, guztiak gizonezkoak», zehaztu du Egurenek. Jada hiru urte pasatu dira presidente kargua hartu zuenetik eta orain, bai, igartzen du errespetua irabazten ari dela. Hasieran «muskulu gehiago» atera behar zuela ere esaten zioten, telebistan baikorregi azaltzen zelako, baina berak argi zuen bere modura egingo zuela bidea. Eta kluba arrakastara bideratu du, 2021ean Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabaziz. Saihetsezina zaio hunkitzea, «sekulako zama» askatu baitzuen.

Une oro gainerakoen oniritzia bilatzen ibili behar horrek ere sortzen du nolabaiteko nekea, baina Egurenek ziurtatu du «mahaian kolpe asko» eman dituela, hasiera batean ez baitzuten bera lehendakari gisa ikusten, baizik eta delegatu gisa: «Joserra Gomez Esnal izan da nire aurretik egon den presidentea; oso pertsona errespetatua da. Gogoratzen naiz Zarauzko estropadara joan nintzela eta, bera oporretan zegoenez, guztiek berataz galdetzen zidaten. Oporretatik itzuli zenean, jende guztia jaiki zen bera agurtzera, presidente izaten jarraituko balu bezala».

Agurtzane Elorriaga Bizkaia-Durango txirrindularitza klubeko kirol zuzendaria da aspaldidanik; data ez du ondo gogoratzen, baina «esango nuke 2015etik». Iurretarra ez da sekula gutxietsia sentitu, ez behintzat bere ingurukoekin, nahiz eta txirrindulari zenean edozer entzun behar izaten zuen. Eduki duen oztoporik handienaz hitz egitean, profesional izateko zailtasuna aipatzen du eta ez zaio arrazoirik falta, bere horretan badelako oztopo nabarmena. Bere aisialdi guztia txirrindularitzarako «hipotekatu» behar izan duela dio. Pasioa du txirrindularitza eta bera kirolari zenetik «aurrerapausoak» izan direla ziurtatu du. Hori bai, oraindik ere «dirua» falta dela dio, babesleak aurkitzeko zailtasunak dituztelako. Hori errealitate bat da profesionala izan ahal izateko.

Agurtzane Elorriaga, Bizkaia-Durango taldeko kirol zuzendaria.

Babesleen kontuari helduta, Iratxe Rodriguez Araskiko presidentearen adierazpenetan antzekotasunak aurkitu ditugu. Kutxabank Araski bere osotasunean emakumezkoen saskibaloiko kluba da eta «babesleak aurkitzeko orduan badirudi bigarren maila batean gaudela», baita publikoa erakartzeko orduan ere: «Betidanik egon diren trabak dira, oraindik ere jarraitzen dutenak eta deuseztatzea asko kostatzen dena». Gorengo mailan dauden 16 taldeetan soilik bi emakume lehendakari daude, biak euskaldunak, aipaturiko Rodriguez eta Carmen Muguruza IDK Gipuzkoan. «Eta, gainera, hain justu, kointziditzen du gure taldeetan daudela lehen entrenatzaile gisa jarduten duten bi emakumeak», zehaztu du Rodriguezek. Azu Muguruzak, gainera, aste honetan jaso du Carmen Adarraga saria eta ligako entrenatzaile onenen azken sariak Urieta eta bere artean tartekatu dira. «Gure entrenatzailea [Madelen Urieta] erreferentea da saskibaloian; Espainiako selekzioan ere badago; emakume entrenatzaile onena gure artean edukitzeko aukera ezin da alferrik galdu. Honekin, erakusten baitugu emakumeok ere sobera gai garela horrelako proiektu handi bat aurrera ateratzeko».

Iratxe Rodriguezek 20 urtez jokatu zuen saskibaloian, Abaroa taldearen fundatzaile ere izan zen, baina orduko kontuak oraingoekin ezin direla alderatu dio. «Gu lagun talde bat ginen; inoiz ez dut profesional gisara jokatu. Orain gauzak ezberdinak dira». Araski 2010ean sortu zen eta 2016tik gorengo mailan dago. Beheko taldeetan aritzen diren haurrek «erreferentziazko taldea etxean bertan» daukatela nabarmentzen du gasteiztarrak. «Etorkizunean beraien pasioa profesio izan daitekeela erakutsi behar diegu», gehitu du. Urtez urte hazten joan da kluba eta, egun, 210 neskak osatzen dute egitura. 2019an Gasteizek jaso zuen Kopako azken fasea hauspo izan zela onartu du, nahiz eta ondoren pandemiak kasik lan guztia ezerezean utzi zuen. Babesleak lortzeko jendea erakartzea beharrezko dutela jakitun, lanean dabiltza berriro ere, nahiz eta askotan ez den erraza alboan Baskonia eta Alaves bezalako klubak izanda, gizonezkoen kirolean oinarrituta daudenak, gehienbat. «Kirola mugitzen duena publikoa da».

Iratxe Rodriguez (erdian), Araskiko entrenatzaile Madelen Urieta (ezkerrean) eta Livia Lopez (eskuinean) presidente ohiarekin batera. (ARASKI)

Errespetu bila

​Iratxe Rodriguez ez da Araskiko lehendabiziko presidentea. Aurretik, 2019ra arte, Livia Lopez izan zen, klubaren sortzaileetako bat. Anaitasuna Elkarteko lehendakari Mertxe Lopez, ordea, bai, emakume aitzindaria da. 2019an hartu zuen kargua, inoizko bozketa prozesu jendetsuenean garaile izan ostean. Eskubaloia baino gehiago da Anaitasuna, baina ez du ezkutatzen Asobal ligako taldea dela elkarteko muina. Eskubaloiko gizonezkoen gorengo mailan bi lehendakari emakume daude –Lourdes Melero, Antequeran–. «Ilusioz gainezka» hartu zuen kargua Lopezek, zeinak aspaldidanik laguntzen zuen elkartean, gehienbat kultura alorrean. «Gainontzeko emakumeei bidea ireki izana» espero du, bera iritsi arte ez baitzen sekula emakumerik aurkeztu presidentetza hauteskundeetan. Asobaleko bileretan «gizonak proportzioz gehiago» izan arren, entzuna sentitzen dela adierazi du. Hori aintzat hartuta eta testuinguruari erreparatuta, bere zuzendaritza taldean gehiengoa emakumeak dira (11tik zazpi) eta aukeraketa hori «nahita» eginda dagoela onartu du: «Ni presidente naizen koiuntura aprobetxatu nahi nuen, emakumeen lana zuzendaritza batzordean ere islatuta egoteko».

Asobalen dauka gizonezkoen taldea Anaitasunak, baina duela urte batzuetatik emakumezkoen taldea sustatzeko lanetan ere badabil. 2019an sortu zen taldea eta egun Zilarrezko Mailan dago, «mantentzeko borrokan». Orain arte, jokalarien haztegia izan da –mutil eta nesken talde kopurua parekatua daukate–, baina txikienentzat erreferente izan daitekeen taldea etxean edukitzearen garrantziaz ohartuta, proiektua bultzatu zuten, «iristen garen lekura iristeko», izan Ohorezko Maila edo ez, «giltzarria oinarrian baitago». Babesleak aurkitzeko lanketa hemen ere izugarria izaten ari dela adierazi du.

Aipatu emakume hauek, beren alorrean, aitzindariak dira. «Mutilen leku batean errespetua bilatzen» ari da Itziar Eguren. Lehendabizi, arraunlari zenean gainditu behar izan zituen oztopo guztiak, orain, presidentetza karguan. «Gizonezkoek gobernatu duten eremu batera sartzen zarenean, begirada asko zuzentzen zaizkizu», azaldu du donostiarrak. Uste du oraindik ere ardura guneetan emakumeak falta direla «aukerarik eman ez zaielako. Inoiz ez zaizkie ateak ireki, oraindik ere gizonen mundua delako arrauna». «Sasiz betetako bide bat da, baina bidea badago eta nire lana izango da sasi horiek kentzea, konturatuko baitira bidea badagoela. Gogorra da batzuetan, inpotentziaz beterikoa», azaldu du.

Gizonek hartutako erabakiei men egitea egokitzen zaio askotan. Hala gertatu da orain arte –emakumeek distantzia motzagoa egin behar dutela erabaki zenean–, eta jarraitzen du oraindik ere, 2023. urtean Euskotren Ligan zortzi traineru ariko direla adierazi zenean. Baldintzak oraindik guztiz ezagutzen ez dituenez, ez du balorazio irmorik egin nahi, baina argi dauka «ezin dela txapelketa bat indartu eta oinarria ahuldu».

Itziar Eguren Arraun Lagunakeko presidentea iaz irabazitako Kontxako Bandera atzean duela. (Jon URBE/FOKU)

Txapelketa indartu duena, ezbairik gabe, iazko lehia estua izan zen, Arraun Lagunak eta Orioren artekoa: «Urteetan egon gara entzuten nesken arraunak ez zuela erakartzen ikuslerik, entzuleak ere entxufatzen zirela mutilena hastean edo neskena bukatzear zegoenean. Eta aurten, hasieratik, jendeak jarraitu du pila bat. Kontziente gara ligari eman diogula beste buelta bat». Hala ere, dirulaguntzak jasotzeko orduan, oraindik ere entzun behar izaten du «mutilen trainerua ateratzea gehiago kostatzen dela neskena baino. Eta nik esaten diet: gasolinak berdin-berdin balio du neska edo mutila izan, errekuperatzeko produktuek ere bai, entrenatzeko erremintek ere bai... Nik diru gehiago edukiko banu, noski emango niokeela neska bakoitzari merezi duena, baina ezin dugu eta oso tristea da. Ikusi nola entrenatzen ari diren eta…». Gizarteak jarri dio balio bat gizonezkoari, eta hori hartzen da aitzakiatzat edozein ezberdintasun justifikatzeko, izan arrauna, saskibaloia, eskubaloia edo txirrindularitza, Egurenek, Elorriaga, Lopezek eta Rodriguezek ondo islatu bezala.

Ausencia de mujeres también en la formación para ejercer de entrenadores

Agurtzane Elorriaga, exciclista y ahora directora deportiva de Bizkaia-Durango, es también profesora en Kirolene, el directorio de enseñanzas deportivas por donde pasan los interesados en conseguir títulos académicos para entrenadores. «La mayoría de los alumnos es hombre, te diría que alrededor del 98%, y esos son los que en un futuro cercano ejerzan de técnicos, y que haya tan pocas mujeres a excepción de deportes como la gimnasia rítmica...». «Parece que el deporte no es cosa de mujeres», indica preocupada.

Itziar Eguren, presidenta de Arraun Lagunak, remarca que las mujeres entrenadoras son una minoría en el remo «porque nunca se les han abierto las puertas». Eso mismo comentaba Azu Muguruza, entrenadora del IDK, en este diario. Y los datos reflejan que no hay entrenadoras en Asobal, solo dos en División de Honor de balonmano femenino, dos también en la Liga Endesa de baloncesto, ninguna en ACB, seis en la élite del fútbol femenino, ninguna en la máxima categoría del fútbol masculino...