Urtzi Urrutikoetxea
1225_tubman_01
Erreportajea zabaltzen, ekintzaileari eskainitako murala.
AEBetako Kongresuko Liburutegia

Harriet Tubman, bere herriaren askatzaile, 200 urte geroago

‘Bere herriaren Moises’ deitu zioten; aurten, Harriet Tubman abolizionistaren jaiotzaren 200. urteurrena izendatu dute, esklabotzaren aurkako borrokalari ezagunenetako bati omen egiteko.

Ez du askorik axola ospakizunaren data zehaztugabea izatea: esklabo jaio zen Harriet Tubman, eta ez zuten inolako jaiotza agiririk gorde haren ugazabek. Azken batean, Harriet Tubmanen figura heroiek sarritan inguruan izaten duten mitoaren eta egiaztatutako datuen artean lausotu ohi da. 1820 eta 1825 bitartean sortu zen, 1822ko martxoa da ziurtasun handienez aipatu izan den jaiotza data, eta horrexegatik izendatu da aurtengo urtea Harriet Tubmanen 200. urteurrena. Urte osoan hainbat ekitaldi antolatu dira harekin nolabaiteko lotura duten lekuetan: Marylandeko jaioterrian, Filadelfiarainoko Lurpeko Burdinbideko geltokietan, baita iparralderago bizitoki izan zuen Auburn New Yorkeko herrian ere.

Duela bi mende, Marylandeko Dorchester Countyko zortzi mila afro-amerikarren erdiak esklabotzan ziren oraindik, eta beste erdiak askatasuna lortu zuten nekazariak ziren. Lehenen artean ziren gerora Harriet Tubman izena hartuko zuen Araminta Minty Ross haurtxoaren gurasoak; bederatzi umetatik bosgarrena izan zen, eta sekula ez zuen ez idazten ez irakurtzen ikasi. Esklabo izanik, oso txikitatik behartu zuten lanera familiarengandik bereizita: bost urterekin, inguruko nekazari zuriei ‘alokatu’ zieten haurra, Benjamin Drew abolizionista zuriari kontatu zionez: «Abandonatutako sasi baten antzera hazi nintzen, askatasunaz ezjakin, haren esperientziarik gabe. Ez nengoen pozik edo zoriontsu: gizon zuri bat ikusten nuen bakoitzean, eramango ninduen beldur nintzen».

Etxean bertan bizitako esperientziatik mintzo zen, ahizpa nagusietako bi Hegoaldera saldu baitzituzten: «Bi ahizpa eraman zizkidaten kate-talde batean, haietako batek bi ume utzi zituen atzean. Ezinegona genuen beti». Harriet Tubmanek sekula ez zituen berriz ikusi, familia osoarentzako askatasuna lortzeko egin zituen espedizioetan behin eta berriz bilatu arren.

Nerabe zela, mutil gazte esklabo bat haren nagusiaren kontroletik ihes egiten ikusi zuen. Unean sortutako nahasmenean, ez zuen bete iheslariari heltzen laguntzeko eman zioten agindua. Esklabotzari desafio egin zion lehen aldia izan zen Harriet Tubmanentzat, eta garesti ordaindu zuen. Nagusiak burdinazko kilo bateko pisua jaurti zion mutil gazteari, baina Tubmanen buruan jo eta zauri larria eragin zion. Biziarteko orbaina utzi zion fisikoki, eta gogoan berriz, Jainkoarekiko lotura izpirituala izatera bultzatu zuen. Sinesmen horrek gidatu zuen esklabo ziren dozenaka laguni askatasunera laguntzera. «Sekula ez zidaten ilea orraztu eta anega eta erdiko otzara bat bezala harrotzen zitzaidan… ile horrek bizia salbatu zidalakoan nago». Burdinak garezurra kraskatu zion, «etxera eraman ninduten, odoletan eta konortea galduta. Ez neukan oherik edo etzateko lekurik, eta ehungailuaren gainean jarri ninduten. Hantxe egon nintzen egun osoan, eta biharamunean». Gero, «lanera behartu ninduten berriz ere, aurpegian behera odola eta izerdia zerizkidala, gehiago ikusterik izan ez nuen arte».

AEBetako Kongresuko Liburutegia
Harriet Tubman jaio zela uste zen lekuan paratutako plaka, Bucktown-en.

Ihesa

Harriet Tubmanen aita 1840an geratu zen libre, haren ugazaba hildakoan, hala utzi baitzuen testamentuan, eta lursail bat lortu zuen, isilpean Lurpeko Burdinbidean laguntzen zuen bitartean ihesi zihoazen esklaboekin. Amaren askatasuna 45 urte betetzen zituenerako izan behar zen, baina Edward Brodess esklabo-jabeak ez zuen baimenik eman. Hura hil zenean, 1849an, familia-zorretan zegoela jakitun, ihesari ekitea erabaki zuten Harriet Tubmanek eta bi nebak, ahizpekin gertatu bezala Hegoaldera salduko zituztelakoan. Nebek, ordea, atzera egin zuten.

Harriet Tubmanek bakarrik ekin zion Iparraldeko bideari, Filadelfiarainoko bidea egiteko, ia 200 kilometro. «Nire buruan halaxe arrazoitu nuen: bi gauzetako bat izateko eskubidea nuen, askatasuna ala heriotza; bata ez banuen lortzen, bestea izango nuen, ez baininduen inork ere bizirik harrapatuko». Iparrizarrari jarraitu behar ziola ikasi zuen, gauez egindako bidean, Maryland ekialdeko baso eta paduretako inguruan. Lehen aterpeetako bat Samuel Green apaiz metodistarenean aurkitu zuen (bere burua askatu eta emaztearen askatasuna ere erosi zituen arren, euren seme-alabek esklabo jarraitu zuten). Iparralderago Marylanden Adiskideen Erlijiozko Elkarteko kideek zeuzkaten lurrak zeuden, ingelesez quaker edo kuakero izeneko talde protestantekoak, alegia. Jok Walsh historialariak talde horren garrantzia azpimarratzen du, esklabotzaren aurkako zuriak izanik: «Pertsona bat esklabo izatea Jainkoaren hitzaren kontrakoa zela uste zuten; debekatuta zeukaten, eta oso rol garrantzitsua jokatu zuten Lurpeko Burdinbidean». Hannah Leverton emakume kuakeroa izan zen, hain zuzen ere, Harriet Tubmani lehen aldiz laguntza eskaini eta Lurpeko Burdinbidea benetakoa zela ulertarazi ziona, artean esklabo zela. Hala, levertondarren etxean aterpe hartu ostean, Marylandetik Delawarera eta handik Filadelfiaraino iristea lortu zuen.

Burdinbideko gidari

Pennsylvaniako esklabotzaren aurkako elkartea eratu zuen William Still beltz librearekin bat egin zuen Harriet Tubmanek Filadelfian; idazle eta negozio gizon hori Lurpeko Burdinbidearen aitatzat jo izan da. Besteak beste, ihesi iritsitako 800 lagunen testigantzak bildu eta argitara eman zituen duela 150 urte.

Filadelfiako beltz libreen eta iheslarien komunitatean murgilduta ere, bakardadea sentitu zuen Tubmanek. «Arrotza nintzen lurralde arrotz batean, Marylanden neukan etxea, han bainituen aita, ama, neba-arrebak eta lagunak. Baina librea nintzen eta haiek ere libre izan behar zuten». Senideak Hegoaldeko jabe esklabistei saltzearen arriskua bere horretan zegoen, izan ere. 1850erako, Filadelfiatik Baltimoreko portura joanda, Chesapeake badiaren beste aldeko lehen bi espedizioak antolatu zituen. Horietako batean, enkantean bertan zeukan iloba salbatzea lortu zuten. Hurrengo espedizioan senarraren bila joan zen, harentzako arropa eta guzti, baina hura ordurako berriz ezkonduta zegoen eta beltz librea izanik, uko egin zion bidaiari. «Banituen arropak, baina senarrik ez», esan zuen Tubmanek. Baina ez zuen etsi, eta senideak eta beste hainbat lagun ekarri zituen hurrengo urteetan egindako espedizioetan.

«Ausardian, trebezian eta eginahal desinteresatuan, esklaboen artean Marylandera bisita pertsonalak eginez lagunak erreskatatzera, parekorik gabekoa zen», idatzi zuen William Stillek. «Arrakasta zoragarria izan zuen. Behin eta berriz joan zen Marylandera Lurpeko Burdinbidean, eta hainbat asteetan egongo zen kanpoan, (…) baina ez zirudien beldur pertsonalik zuenik. Bazirudien esklabo-ehiztariek edo esklabo-jabeek harrapatzearen ideia ez zitzaiola inoiz burura etortzen». Inozotasunik gabe egindako espedizioak izan ziren, horratik; arau sinple bezain zorrotz bati jarraika: askatasuna ala heriotza ziren alternatiba bakarrak, berarekin zihoanak debekatuta zeukan etsitzea edo atzera itzultzea aipatze hutsa. Hala, argi esaten zien berarekin zihoazenei: «Bizirik den iheslari batek kalte handia egin dezake atzera egiten badu, baina hildakoak ez du sekreturik kontatuko».

Halaxe, Moises deitu zioten, bere herria askatasunera gidatzen duen figura biblikoa. Zenbait kontakizunek ehunka lagun aipatu arren, kopuru zehatza 70 lagun ingurukoa omen da, 1850eko hamarkadan Hegoalde esklabistara egindako hamahiru joan-etorrietan. Are datu garrantzitsuago batez zegoen Harriet Tubman harro, 1896an hitzaldi batean aipatu legez: «Lurpeko Burdinbideko gidaria izan nintzen zortzi urtez, eta gidari gehienek esaterik ez dutena esan dezaket: nire trena behin ere ez zen bidetik irten eta sekula ez nuen bidaiari bat galdu».

Marylanden hasten den ibilbidea Filadelfian amaitzen da, 250 kilometro iparraldera. Hiriko iparraldeko auzune behartsu batean dago Harriet Tubmanen eta Lurpeko Burdinbidean lan egin zuten eskualdeko abolizionisten omenezko murala.

Gerrara bidean

Harriet Tubmanek ihes egin zuen urtean, beste ehunka lagunek lortu zuten askatasuna Marylandeko mugaldean. Hegoalde eta Iparraldearen arteko arrakala zabalduz zihoan, eta sezesioaren ahotsak gero eta ozenagoak ziren estatu esklabistetan. Tentsioa zertxobait baretuko zelakoan, Kongresuan Esklabo Iheslarien Legea onartu zuten. Aurrerantzean, Filadelfia eta esklabotzarik gabeko estatuak ez ziren eremu seguru izango ihesi zihoazenentzat, eta esklabo-ehiztariek legearen babesa izango zuten estatu horietan ere iheslariak harrapatzeko. Hala, askatasuna iparralderago zegoela ulertuta, Kanadaraino bidali zituen gurasoak Harriet Tubmanek, esklabo gehiago askatzeko misioekin jarraitzen zuten bitartean. «Orain libre izan naiz, badakit zeinen egoera izugarria den esklabotza. Ihes egin duten ehunka esklabo ikusi ditut, baina bakar bat ere ez atzera itzuli eta esklabo izateko gogorik zuenik. Esklabotza infernuaren hurrengo gauza dela uste dut», laburbildu zuen Harriet Tubmanek bere esperientzia.

Kanadan John Brown abolizionista ezagutu zuen Harriet Tubmanek. Iraultzarako prest zegoen Brown, matxinada lehertzear ikusi zuen, eta ‘Tubman jenerala’ deitzen zion Harrieti («kontinente honetako pertsonarik onenetako eta ausartenetako bat dakarkizut, Tubman jenerala deitzen diogu», esanez aurkeztu zion Brownek Tubman Wendell Philips Bostongo abolizionista eta indigenen aldeko defendatzaileari). 1859ko urrian eraso zion Brownek Harper’s Ferry herriko armategiari, hura hartuta esklaboak altxatu eta matxinada piztuko zelakoan. Operazioak porrot egin zuen, Brown exekutatu egin zuten, baina gerra zibilera zeraman bidea zabalik zen. Esklabo Iheslarien Legea indarrean izan arren, Harriet Tubman New Yorkeko Auburn hirira joan zen bizitzera, Lurpeko Burdinbideko geltoki garrantzitsua zelako.

1861ean piztu zen AEBetako Gerra Zibila. John Andrew Massachusettseko gobernadoreak armadarekin bat egiteko eskatu zion Harriet Tubmani; hasieran erizain, gerora esploratzaile eta espioi, kostaldeko mapak eta baliabideak bilatzen. Carl Westmoreland National Underground Railroad Freedom Center-eko historialariak dioenez, «Gerra Zibileko gauzarik harrigarrienetako bat izan zen itsas armadarekin Hego Carolinan lehorreratu eta plantazio batera joan zenekoa, bertako esklaboak ihes egin zezaten konbentzitzera». Halaxe, konfederazioaren lerroetan ibili izan zen Tubman etsaiari buruzko informazioa biltzen esklaboen artean. Ekintzarik garrantzitsuena 1863ko ekainean izan zen: Combahee ibaian gora talde bat gidatuz, lur jabe esklabisten zelaiak erre eta ia 800 esklabo askatzea lortu zuten. Emakume batek gidatutako lehen operazio militarra izan zen AEBetako armadan, eta inoizko esklabo gehienen emantzipazioa erdietsi zuten.

Pobrezian

Gerra amaituta, berriz, beteranoen ordaina ukatu zioten, emakumea zelako. Aurrerago baino ez zuen lortu pentsio bat Harriet Tubmanek, eta ez bere balentriengatik, soldadu ibilitako gizon baten alarguna zelako baizik; zortzi dolar ziren hilabetean. 1899an baino ez zion onartu Kongresuak hileko 20 dolarreko ordainketa.

Harriet Tubman Auburnera itzuli zen, eta han bizi izan zen hurrengo hamarkadetan, zailtasun ekonomiko handiekin sarritan, ordurako oso figura ezaguna izan arren. Sarah Bradfordek ‘Harriet, the Moses of Her People’ (Harriet, bere herriaren Moises) biografia 1866an argitaratu zuen lehen aldiz, eta beste hiru edizio hurrengo hamarkadetan. Mendearen amaieran behin baino gehiagotan deitu zioten emakumeen eskubideen aldeko bileretan hitz egitera. Halaxe ezagutu zuen Susan B. Anthony bezalako emakumeen ondoan, sufragisten kanpainetan hizlari indartsuaren fama hartu zuen.

1897an, Ingalaterrako Viktoria erreginak, Harriet Tubmanen lorpenen berri izan zuenean, gutun ofiziala bidali zion zilarrezko domina batekin, diru zorro batekin, eta aurrerantzean harro jantzi zuen zetazko xal batekin. Urtebete lehenago, baina, AEBetako Auzitegi Gorenak segregazioa legezkoa zela ebatzi berri zuen. Esklabotza amaitua zen, baina borroka luzea zegoen aurretik.

Harriet Tubmanek berak ikusi zuen garaiko figura ospetsuenetakoa izateak ere ez zuela pobreziatik libratu, eta jakitun zen esklabo izandako beste afro-amerikar askoren egoera are tamalgarriagoa zela. Auburneko etxeko lur zati bat Elizari eman zion, eta baliabiderik gabeko adindun afro-amerikarrentzako egoitza zabaldu zuten 1908an. Handik bost urtera hil zen Harriet Tubman Auburnen. «Bere bizitzako gertaerak ondo dokumentatuta zeuden, baina Gerra Zibilaren hurrengo urteetan, historiatik kanpo utzi zuten, beste afrikar asko bezala», dio Fergus Borderwich Lurpeko Burdinbidearen adituak.

Mende erdi igaro zen Tubmanen heriotzatik eskubide zibilen mugimenduak 1960ko hamarkadan haren figura berreskuratu arte. Testuliburuetan agertuz joan zen, eta 2013an, haren heriotzaren mendeurrenean, hainbat ekimen prestatu ziren, orain jaiotzaren 200. urteurrenean legez. Besteak beste, esklabotzaren memoria biltzeko Tubmanen figura baliatzen duten bi parke nazional izendatu zituen Barack Obamaren administrazioak, New Yorkeko Auburnen bata eta Marylandeko jaioterriaren inguruan bestea, eta 2019ko Kasi Lemmons zuzendariaren ‘Harriet’ filmak are gehiago eguneratu zuen haren figura. Marylandeko Cambridge herritik hurbil dago gaur egun Harriet Tubman Underground Railroad Visitor Center. Herrian bertan Tubman Museoa dago, eta hainbat mural bisitatu daitezke. Cambridge da, halaber, 200 kilometro inguruko ibilbidearen abiapuntua, Filadelfiaraino, Lurpeko Ibilbideko lekurik esanguratsuenetan geratuz.

 

Lurpeko Ibilbideari buruzko Tubman Visitor Center-en haren bizitza biltzen duen erakusketa dago; besteak beste Gerra Zibilean ehunka esklabori ihes egiten lagun zien unea jasotzen du. 

20 dolarreko billeteak, oraindik ez

Barack Obamaren agintaldiaren amaieran, Jack Lew Altxorraren idazkariak iragarri zuen Harriet Tubmanen aurpegia 20 dolarreko billete berrietan agertuko zela. Ordura arte –eta egun ere bai– Andrew Jackson presidentearen bisaia dakar billete berdeak. 1829tik 1837ra izan zen Jackson presidente; alderdi demokratak izan zuen lehena (alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, hain zuzen ere).

Hortik aurrera, bere agintaldian eta oro har bizi ibilbidean izan zitzakeen merituak bi jarrera eta gertaera larrik iluntzen dituzte: ezagunena, militarra izateaz gain, esklaboek lan egiten zuten The Hermitage etxalde eta kotoi plantazio handia izan zuela Tennesseen. 20 urterekin erosi zuen lehen pertsona; plantazioaren hasieran bederatzi esklabo zituen, eta zenbait hamarkada geroago 150 pertsonaren jabe zen. Bizi osoan, 300 esklabo inguru izan zituen.

Bigarren gertaera, presidente hautatu eta gutxira gauzatu zuen: ordurako seminolen aurkako gerra egin zuen Jacksonek. Espainiari Florida erostea ekarri zuen handik gutxira, eta Hegoaldean zehar hedatuz zihoazen AEBak, Texaserantz. Hala, 1830ean ‘indiarrak egozteko legea’ sinatu zuen. Seminolak, choctaw-ak, creek-ak, txerokiak eta chicasaw-ak ‘bost tribu zibilizatuak’ ziren orduko izendapenaren arabera. Ohitura anglosaxoiak hartuak zituzten, baina hala ere, Gobernuak ez zien onartu lurraren jabetza, Europatik zetozen kolonoentzako nahi zuelako. Hala, Malkoen Bidea (Trail of Tears) egitera behartu zituzten, Florida, Alabama, Georgia eta Louisianatik kanporatu eta Mississippi ibaitik mendebaldera joateko, egungo Oklahoma estaturaino. Milaka indigena hil ziren bidean.

Donald Trumpek argi utzi zuen ez zeukala presarik Harriet Tubman diru paperetan agertzeko, eta Andrew Jacksonen jarraitzaile handia zela esan zuen; haren argazkia Etxe Zuriko bulego obalean esekitzera iritsi zen, bere erreferente nagusietakoa zela nabarmentzeko. Joe Bidenek kargua hartu eta egun gutxira azaldu zuen berriz ere Obamaren garaiko egitasmoa betetzeko helburua. Ez dirudi baina, berehala gertatuko denik, billeteen diseinua txanponena baino konplikatugoa omen delako, eta prozesua luzeagoa. «Bidenek martxan jarriko zuela esan bai, baina ez da halakorik gertatu. Familia atsekabetuta dago. Ez dakigu zer gertatzen ari den hain luze jotzeko», salatu du Tubmanen ondorengoa den Michele Jones Galvinek. Women on 20s (Emakumeak 20ko billeteetan) elkarteak argi eta garbi esaten du Jackson kendu eta emakumeak billeteetan irudikatzeko ordua dela. «Olinpiar Jokoak eraiki dira, Marten ibilgailu bat jarri da, covid-arentzako txertoa urtebetean garatu da. Nahi izanez gero, egin liteke, eta nahi izan behar dugu», dio elkarteko sortzaile Barbara Ortiz Howardek.