Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
gara-2023-02-03-Reportaje
Argazkia: Jon Urbe | FOKU

Bakardadea, bizi hautua

Kalean bakarrik ikusten zituen emakumeei jarri ohi zien fokua Irene Larrañaga Arrutik. Kamera eskuan, inkontzienteki egindakoak ezkutatzen zuena arakatzen hasi zen. Bere ispilu zela konturatu zen arte. Formenteran bakardadea besarkatuz bizi diren 38 emakumeren eskutik egin du bidea.

Bi besoak zabalik eta aurpegia zerurantz begira. Irribarrea ezpainetan. Oinak belarretan, aireak leun orrazten dio azala. Askatasun irudia da Barbara Burgassena. Tamaina handiko argazkiak bisitariari ongietorria egiten dio Irene Larrañaga Arrutiren (Azpeitia, 1972) ‘Insuladas’ erakusketan. Martxoaren 12ra arte ikus daiteke Aquariumeko Nautilus Aretoan.

Eta Burgassen irudiarekin batera, Simone de Beauvoir-en esaldia irakurriko du bisitariak: ‘Ez gaitzala ezerk definitu. Ez gaitzala ezerk lotu. Askatasuna izan bedi gure berezko mamia’.

Libertateak zeharkatutako proiektua da ‘Insuladas’. «Bakardadea zentzu onean hartzen duten emakumeak jarri ditut kameraren aurrean. Independentziak, autonomiak, benetan betetzen ditu. Beraien bizitza osotasun batean bizi dute. Emakume osoak direla ulertzen dute. Badira bikotea duenik, baina bakoitzak bere etxean bizitzeko hautua egin du», azaldu du argazkilari eta kazetariak.

Askatasun egarriarekin batera, badute beste zerbait komunean: Formentera dute bizilekua. Garai batean andreak ziren uharteko biztanleria nagusia, gizonezkoek penintsulara jotzen baitzuten lan bila. Ondorioz, emakumeak geratzen ziren baserriaren, animalien eta lurren kargu.

Gaur egun ere emakume komunitate saretua dago bertan. Aurrez aurre ezagutzeko aukera izan du. «Formentera uharte txikia da eta bakarrik bizi diren emakume ia gehienak kanpotarrak dira. Familiaren faltan, beraien artean oso saretuta daude. Bakarrik egoteagatik daukaten hauskortasuna asko indartzen dute ahizpatasun horrekin. Kopiatu egin beharko genuke hango eredua, egundoko inbidia eman izan dit», aitortu du azpeitiarrak.

Itsasoz bakarrik –Eivissatik ontzia hartuta– irits daitekeen irlan egin dute bakardadearen hautua, 82 kilometro eskaseko zabalera duen lur mutur isolatuan. Neguan 11.000 biztanleko herria, abuztuan zortzi bider handitzen dena.

Bost urte hauetan dozenaka emakume ezagutu ditu Irene Larrañaga Arrutik. Haietako bakoitzari argazkia egiteaz batera, bakardadearekin duten loturaz eta bizipenaz galdetegia pasatu die.

38 emakume. 38 irla.

«Gutako bakoitza irla gara. Eta beraiek irlan bizi diren irlak dira. Hortik dator ‘Insuladas’. Ni ere banaiz irlan bizi naizen irla», nabarmendu du argazkilariak.  

Burgassek 83 urte egingo ditu aurten. «Alemaniarra, duela 53 urte oporretan iritsi zen uhartera. Kazetari lanak egin ditu, bloga dauka alemanez. Gaztez inguratuta bizi da, sekulako energia dauka», dio. ‘Aukeratutako bakardadea bizi dut, baina ezin naiz nire lagunik gabe bizi, eta urteak bete ahala orduan eta garrantzitsuagoak dira’ esaldia berea da.  

23 urte ditu Lorena Garciak. ‘Kosta ahala kosta, bakarrik bizitzea da nire aukera’. Modu honetan laburbildu du bere bizi filosofia. «Uharteko funtzionariorik gazteena da, Gobernuarentzat lan egiten du. Murtziakoa da. 800 euro gastatzen ditu bere alokairua ordaintzen eta 200,23 euro geratzen zaizkio hilabete osoa pasatzeko. Eta hala eta guztiz, aukeratu du bakarrik bizitzea! Batek arrautzak, besteak arraina... ‘hainbesteko sarea daukat inguruan diru horrekin aurre egin diezaiokedala bizitzari’, esan zidan».

Garciari etxea alokatzen dion familiako amona da Maria Rivas. Proiektuko helduena. «Argazkia egitean 92 urte zituen. Baserritarra da, bertakoa. Oraindik bere baratze txikia lantzen du, hiru ardi dauzka. Hamar seme-alaba ditu.

«Sei seme-alaba irlan bizi ditu. Autonomia mantentzen duen bitartean ez da semearen etxera —500 metrora— bizitzera joango», dio argazkilariak. ‘Bakarrik bizi nahi dut. Oihu eginez gero etorriko da norbait’, ezin garbiago esan.  

Donostiako Aquariumekoa ez da erretratu hutsen erakusketa, hainbestetan oinezko ibilaldietan zeharkatu dituen txokoek eta paisaiek ere protagonismo berezia dute.

‘Aske bizi naiz giltzarraporik gabe’

Marga Berenguerren esaldia iltzatuta geratu zaio Larrañagari. «Afrikan erizain aritu zen eta barkuetan lanean ere bai. Itsasoarekin lotura handia du», dio. Irlako itsasargietako baten irudia jarri du Larrañagak Berenguerren ondoan. «Itsasargiaren indarra bezala, bere begiradak ere badu indar hori. Bere argiaren atzetik jarraitzeko gogoa pizten du».  

Larrañagak ez du erretratu soilen erakusketa egin nahi izan. Burgassena salbu, gainerako emakumeak uharteko zenbait elementuren irudiez lagunduta jarri ditu. Horrez gain, Formenterako paisaia ederra irudikatzen duten argazkiak ere eskegi ditu paretetan. «Irla ere protagonista izatea bilatu dut», esan du.

‘Bizitza partekatua zoragarria da, baina baita bakarrik bizi zarenean ere’. Tania Carrascoren hitzak dira. 39 urte ditu, irakaslea da San Ferran herrian. «Plataforma feministako kidea, niretzat borroka da bera», adierazi du Larrañagak. Bere ondoan bi sugandila ikus daitezke borrokan.

Paisaiak txiki, erretratuak handi. «Txikiak ikusteko hormara hurbiltzen da bisitaria, eta handiagoa ikusteko, urrundu. Hurbilketa eta urruntze horretan olatuen mugimendua egiten du oharkabean», azaldu du Larrañagak. «Besteen bakardadera eta norberaren bakartasunera bidaia proposamena da. Uhartean egin dezakezun ibilbidea erakusten dute paisaiek. Emakumeekin izandako topaketen ondoren, bertan bizitako sentsazio eta sentimenduak nirekin nituela, irlari buelta ematen nion kamera hartuta. Gero konturatu nintzen hirukiaren –feminitatearen– irudia marrazten duten irudiak egin nituela», argitu du.  

Olga Lopezen eskuei jarri die fokua beste argazki batean. «La Mola herriko –izen bereko mendixkaren gainean– artisau azokan saltzen ditu. Madrildarrak droga adikzioa izan zuen. ‘Bakardadeak sendatu ninduen’, aitortu zion Larrañagari. «Sei hilabetez isolatu eta drogak utzi zituen bakardadea lagun zuela».

Besteen bakardadera eta norberaren bakartasunera bidaia proposamena da «Insuladas».

Jendartean nagusi den bizi filosofiatik aldenduta

Gizarteak bazterreko jotzen dituen emakumeak dira ‘Insuladas’ proiektuko protagonistak. «Gizarteak zerbait falta balute bezala hartzen ditu, nahiz eurak emakume osoak eta sendoak izan», iritzi dio Larrañagak. «Korrontearen kontra bizitzearen ideia azaldu dit euretako askok. 70 urte inguruko emakumeek kontatzen dute familian galdetzen zietela ‘noiz ezkonduko zara?’».

Ideia hauxe nabarmendu du Encarni Palominok. ‘Korrontearen kontra bizi izan naiz, baina ez naiz inoiz ez besamotz ez herren sentitu, neure buruarekin bizi naiz eta maite dut’. Beraren eskutik bukatuko du bisitariak erakusketa. Beste emakumeen argazkietan ez bezala –ez da ozeanorik ikusten– irlatik itsasora begira dago Palomino.

Denera 4.500 argazki egin ditu Larrañagak. Zuri-beltzean. «Ni beltzaren bila ibiltzen naiz, harrapatu egiten nau. Hango argiak badu kontrasterako erraztasuna. Koloreak bazuen arriskua; itsasoa Karibekoa bezalakoa denez, distrakziorako arriskua zeukan. Intimoa edo intimista izatea nahi nuen», argitu du.

2022an Barakaldoko Baffest jaialdian finalista izan zen 160 proiekturen artean. Bost urtetako ahalegina dago erakusketaren atzean. «Esaten da argazkilaritza ispilua edo leihoa izan daitekeela. Ohartu nintzen neure ispilua neukala aurrean», azaldu du. Bera bezala bakarrik bizi diren emakumeei erretratuak egiten hasi zen. Argazkia egitearekin batera galdetegia luzatu zien beraien bizimoduari eta bakardadeari buruzko galderez osatua. Estreinakoz ikusgai jarri ditu proiektuko bost emakumeren argazkiak, bere bakarkako lehen erakusketa den honetan. Bideaz gozatzen ari da. «Erakusketa erantzun ona izaten ari da. Polita da: emakumeak hurbildu zaizkit, ‘ni ere insulada naiz’ esanez», kontatu du irribarrez.