Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Ander Elosegi
Piraguista
Ander Elosegi, Santiagotarrak klubeko biltegian.
Ander Elosegi, Santiagotarrak klubeko biltegian.
Andoni CANELLADA (FOKU)

«Kontent nago; konstantzia bat egon da eta porroten bailara horretan, garaipenak ere egon dira»

Ander Elosegi (Irun, 1987) piraguista izango da beti, nahiz eta goi-mailako lehiak utzi dituen. Bizitza erdi eman du elitean. Munduko azpitxapeldun, Europan brontzea, lau domina olinpiko... Iruditzen zaio zorteduna izan dela eta mantendu duen konstantziak ematen diola neurria bere ibilbideari.

Kirol ibilbide profesionala utzi eta etapa berri bat hasiko du Ander Elosegik. Ausburg-eko Munduko txapelketaren ostean, goi-mailako piraguismotik erretiroa hartzeko hautua egin zuen, azken urteko sentsazioei jaramon eginda. «Une egokian hartu dut erabakia», dio tinko irundarrak. Jada hotzean, kirolari moduan izandako bilakaera, piraguaren inguruan bizitako momentuak, garaipenak, porrotak –«porrotak asko izan direlako»–, Olinpiar Jokoak... oroitu ditu naturaltasun osoz, umiltasunez.

Santiagotarrak Arraun Elkartearen egoitzaren parean egin du hitzordua NAIZekin eta onartu du ilusio handiz begiratzen diola etapa berri honi. Lan bila dabil, lasaitasunez: «Sentsazioa berria da, orain beste erronkatxo batzuk edukiko ditut. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta etapa berri bat hasi da niretzako, eta egia esan ilusio handiarekin nago». 

Entrenamenduetara joatea gehiago kostatzen ari zitzaizun. Erabakigarria izan da hori?

Bai. Azken urtea izan zen alde horretatik gogorrena. Konturatzen nintzen kostatzen zitzaidala gero eta gehiago entrenamenduetara joatea. Gero, gure kirolean zorte handi hori dugu praktikatzeko oso polita delako eta oso ondo pasatzen duzulako. Baina ikusten nuen askotan kostatzen zitzaidala ohetik jaiki eta etxetik honera etortzea. Badakizu egin beharra dagoela, eta egiten nuen, baina kostatzen zitzaidan gero eta gehiago. Eta hor konturatzen zara unea iristen ari dela. Horregatik esaten dut izan dela prozesu bat, ez dela izan une konkretu batengatik. Munduko txapelketaren ostean esan nuen uzteko garaia iritsi zela.

Ausburg-eko Munduko txapelketan finalera ez sailkatzeak nolabaiteko eragina izan zuen?

Egia da emaitzak ez zuela lagundu, noski, baina hala ere ez zen inola ere horregatik izan. Urte osoko gauza izan zen, nahiz eta emaitza on bat lortu nik uste dut erabakia jada hartua zegoela. Nik uste dut aurretik, barruan, erabakia hartu gabe ere, banekiela jada azken urtea izango zela.

Tokioko Olinpiar Jokoak urtebete atzeratzea ere nekeza egin zitzaizun.

Bai. Beti da pixka bat gogorra. Baina ez soilik nire egoeragatik, adinean aurrera joan ahala beti da gogorragoa. Uste dut, dena den, gogorra izan zela kirolari guztiontzako. Prestakuntzan zehar badaukazu tentsio hori, urduritasun hori, eta kirolari gehienek esango dizute nahi dutela momentua iristea lehenbailehen. Lau urtez prestatu duzu oso gogor, behin pauso zailenak gainditu dituzunean, sailkapena lortu duzunean, gertatu zen gertatu zena eta urtebete gehiago atzeratzea nahiko gogorra izan zen. Prestatzen duzulako zure burua une horretarako eta beste urte betez atzeratzea...

«Nire kirol ibilbide honetan beti sumatu dut hobetzen nindoala eta azken urteetan, goi-mailan zaudenean, oso zaila da hobetzea eta aurrerapauso txikiak izaten dira oso neketsuak»

Lehen aldiz piragua hartu zenuen momentu jakina ez duzu gogoan baina bai gogoratzen duzu egunero zerbait berria ikasten zenuela. Azken urtean goia jo zenuela igarri zenuen?

Bai. Gauza guztietan bezala. Txikitan edo ezer ez dakizunean, edozein txorakerirekin ikasten duzu pila bat. Asko disfrutatzen nuen horregatik. Etortzen ginelako, oso ondo pasatzen genuelako eta bukatzen zenuelako gauza berriak ikasita, eta hori da gauza oso polita. Pentsatzen dut kirol eta gauza guztietan gertatzen dela. Hasiberritan beti da oso emozionantea, ikusten duzulako aurrerapausoak eman dituzula egunetik egunera. Maila bat hartzen duzunean, gero eta zailagoa da hori hautematea. Nire kirol ibilbide honetan beti sumatu dut hobetzen nindoala eta azken urteetan, goi-mailan zaudenean, oso zaila da hobetzea eta aurrerapauso txikiak izaten dira oso neketsuak eta askoz ere zailagoak.

Oro har, zure ibilbidea nola baloratuko zenuke? 20 urterekin lehen Olinpiar Jokoak, orain 35 urte dituzu...

Oso kontent nago egin dudan ibilbidearekin. Esan beharra dago porrot asko izan ditudala. Nola neurtzen da kirol ibilbidea? Zaila da.

Noski, nork esaten du ibilbide bat oparoa den edo ez?

Hori da. Nik ez dakit. Pentsatzen dut, egon banaiz 17 urtez goi-mailako txapelketetan, ba horrek ematen dizu neurria. Porrotak garaipenak baino askoz gehiago izan dira baina, azkenean, horrek denak egiten du ibilbide bat oparoa izatea. Egon da konstantzia bat eta porroten bailara horretan, garaipentxoak ere egon dira. Hori guztiagatik, ateratzen da ibilbide luze bat eta ni, egia esan, oso kontent nago egindakoarekin. Atzera begira, oso kontent.

Nostalgikoa zara? Gustatzen zaizu atzera begiratzea?

Bai, batzuetan bai. Nire bizitzako zati handi bat izan da piraguismoa. Zerbait gogoratzen dudan bakoitzean piraguaren inguruko anekdotak daude tartean, piraguaren inguruan bizitako momentuak. Nire bizitza erdia egon naiz honetan, orduan normala da gogoratzen ditudan gauza askok lotura izatea piraguarekin.

2019ko Munduko txapelketan lortutako zilarra ibilbideko garrantzitsuena izan zen?

Bai, palmaresa ikusita, hori izan da punturik gorenena. Munduko txapelketetan gertu ere ibili naiz, finaletan hainbatetan sartu naiz, baina ez nuen inoiz lortu finaleko jaitsiera hori nire mailan edo nik nahi bezala egin ahal izatea. 2019an hala gertatu zen, lortu nuen nire maila horretan egotea eta eskuratu nuen domina hori. Nahiz eta beste momentu asko ere garrantzitsuak izan, seguraski hori izan da lorpenik handiena.

Zeintzuk dira beste momentu garrantzitsu horiek?

Olinpiar Jokoetan lehiatzea; bi momentutan egon naiz dominetatik gertu, laugarren amaituta. Europako txapelketan ere badut domina pare bat...

Eta arantzarik? Edo ez diozu buelta handiegirik ematen?

Ez diot buelta handirik ematen. Izatekotan, dominetik gertu egon izana Olinpiar Jokoetan, baina arantza zerbait esateagatik. Azkenean, askotan aipatu izan dut, laugarren amaitu nuen beste hiru hobeak izan zirelako. Kirolean gertatzen dena da.

«[2008ko Olinpiar Jokoetan] Azken edo azkenaurreko atea gogoratzen dut nola jo nuen... eta sekulako amorrua eman zidan, azken akats horrek zikindu zuelako jaitsiera oso on bat»

Hala ere, 2008ko Olinpiar Jokoetan nahiko haserre ikusi zitzaizun.

Bai, ondo gogoratzen dut. Banekien jaitsiera oso ona nuela baina momentuan ez nuen espero domina lortzeko postuetan egotea. Banekien ongi nengoela eta denbora onak egiten ari nintzela baina, egia esan, hara joan nintzen ongi egiteko gogoarekin eta helburu handirik gabe. Behin finalean egonda eta finaleko jaitsiera oso ona egiten ari nintzela, azken edo azkenaurreko atea gogoratzen dut nola jo nuen... eta sekulako amorrua eman zidan, azken akats horrek zikindu zuelako jaitsiera oso on bat. Nire atzetik jaisten ziren beste lehiakide batzuk, eta nik ez nekien zenbagarren geratuko nintzen, baina une horretan amorru hori atera zen.

Zure esku zegoena gaizki egin zenuelako, agian?

Bai, hori da. Detaile txiki batengatik ate bat jo nuen, bi segundoko zigorra zeukan eta azkenean, laugarren geratu nintzen. Akats hori gabe, hirugarren, brontzezko domina. Baina amorru hori ez zen izan domina ez lortzeagatik, ze ez nekien zein postutan bukatuko nukeen.

Gainontzean, bereziki gogoratzen duzun jaitsierarik onena?

La Seu d'Urgelleko Munduko txapelketakoa ona izan zen, noski. Baina asko daude, asko izan dira garrantzi handirik ez daukaten probetan.

Jaitsieran zehar erabakiak azkar hartu behar dira, ez dago astirik ezertarako. Nola ikasten da?

Praktikarekin, ez dago besterik. Somatzen da gazteek horretan asko dutela ikasteko. Hori ikasten da praktikarekin eta esperientziarekin. Guk ikusten dugu ibilbidea eta egiten dugu nolabaiteko plana, nola egin nahi dugun, baina inoiz ez da ateratzen nahi bezala. Hor jakin behar da unean-unean ondo erreakzionatzen.

Intuizioa da?

Bai, baina intuizioa ere ikasi egiten da praktikarekin. Horretarako, sartu behar dira ordu asko uretan. Intuizioa ematen da dela berezko gauza bat eta puntu bateraino izan daiteke, baina noski, landu ahal da.

Piragua zure gorputzeko zati garrantzitsua izan da. Nola urruntzen duzu orain zure gorputzeko zati handia izan dena?

Hori esan dut noizbait, batez ere uretan izan delako zati garrantzitsu bat. Uretatik kanpo ere noski izan da bizitzako parte handi bat, egunerokotasunean hori zelako nire bizitza. Orain, hori gabe arraroa da. Lehen beti baneukan nolabaiteko planifikazio bat urte osorako, helburu jakin batzuk... Orain, lasaitasuna alde horretatik. Sentsazioa berria da, orain beste erronkatxo batzuk edukiko ditut. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta etapa berri bat hasi da niretzako, eta egia esan ilusio handiarekin nago.

Gorputzak baino buruak esan dizu erretiratzeko. Alde horretatik, orain piragua hartzen duzunean disfrutatzeko aukera ere izango duzu. 

Goi-mailan aritu garenok edo helburu batekin entrenatu garenok, askotan praktikatu dugu disfrutatze hori apur bat albo batera utzita, badakigulako edo une askotan beharrezkoa delako egitea. Askotan egiten duzu beharrezkoa delako baina ez duzu asko disfrutatzen. Gure kasuan, piraguismoak daukan gauza onenetako bat da gehienetan piraguan ibiltze soila oso polita dela. Orain, helburu jakin gabe piraguan ibiltzea ere oso atsegina da, asko disfrutatzen da. Asko somatzen da forman egon gabe gauza asko egitea kostatzen zaizula gehiago (barrez). Hala ere, batez ere ur bizietan ibiltzea oso polita da eta nik jende guztiari gomendatzen diot gutxienez behin edo probatzea.

Presiorik sentitu duzu ibilbide honetan? Espektatiba jakin bat betetzearen motxila izan duzu bizkar gainean?

Presioa ez nuke esango, baina badaukazu norberak sortzen duen zera hori. Urte bat prestatzen ari zarenean badakizu lehiaketa garrantzitsua zein den eta badakizu txapelketa hori izango dela urtea neurtuko duen parametro bakarra, seguraski (barre). Badaukazu nolabaiteko presio hori, ondo egon behar duzula momentu horretan. Hasieran arraroa bada ere, gero urtero da gauza bera eta ikasten duzu horrekin bizitzen; presio hori da zure eguneroko gauza bat, ohitutzen zara.

«Behin Pekinera iritsita, nire helburua zen Londreserako sailkatzea; gainera, ikusten nuen nik baneukala maila hori lortzeko, eta orduan ez nion garrantzia berezirik ematen»

Prentsaurrekoan naturaltasun handiz aipatu zenuen lau Olinpiar Jokoetan lehiatu izana beste estatistika soil bat zela, anekdotikoa.

Bai, ulertzen dut jendea harritzea. Baina niretzako izan da gauza naturala, horrela eman dena. 20 urte nituela lortu nuen lehendabizikoz sailkapena eta hor bai izan zen ezusteko moduko bat. 19 urterekin ez dugu gehiegi pentsatzen horretan baina adin horretan hobetzen duzu oso azkar, eta ni iritsi nintzen maila horretara gazte nintzela. Baina behin iritsita, nire helburua zen Londreserako sailkatzea; gainera, ikusten nuen nik baneukala maila hori lortzeko, eta orduan ez nion garrantzia berezirik ematen. Riorako beste hainbeste eta Tokiorako, bada berdin. Ni nengoen nire helburu horiekin buru belarri, urtez urte, eta bide horretan izan dira lau Olinpiar Joko, baina nire buruan ez zegoen kopururik; nire buruan izan da urtez urteko helburu horiek betetzen joatea, besterik gabe. Egia da, estatistikoki, ni omen naiz lehendabiziko gizonezko euskalduna lau Olinpiar Jokoetan lehiatu dena. Unean ez nion garrantzirik ematen eta orain, esaten dudan bezala, estatistika bat da, anekdota bat, Trivialerako galdera moduko bat (barrez).

Zein Olinpiar Jokorekin geratzen zara?

Denak izan dira bereziak bere horretan baina bat aukeratzekotan, agian lehendabizikoa, lehenengoak direlako. Baina ez arrazoi berezi batengatik.

Taldekide onez inguratuta egon zarela nabarmentzen zenuen eta hauentzako erreferente izan zara. Alde horretatik, bai sentitzen duzu zerbait eman diozula piraguismoari?

Pentsatzen dut baietz. Hor agertu ziren Miren Lazkano, Klara Olazabal, Olatz Arregi... Hauek ni baino askoz gazteagoak dira eta pentsatzen dut gaztetxoentzako Olinpiar Jokoetara doan pertsona bat beti dela erreferentzia bat. Pentsatzen dut nahigabe beti izan naizela hasi berri diren horientzako erreferentzia bat.

Hasiberri eta ez hain hasiberrientzako. Maialen Chourrautek ere onartu zuen NAIZen bidelagun paregabea izan zarela.

Bai, noski. Biok egin ditugu lau Olinpiar Joko elkarrekin. Ni izan naiz askotan bere eredu eta bera ere izan da nirea. Kirol honek daukana da, eta proba guztietan ikusten da, jende guztiak begiratzen diola jende guztiari; nola egiten dituen maniobrak, nola entrenatzen duen... Modu horretan, ni izan naiz jende askoren eredu eta nik izan ditut eredu asko, eta horietako bat Maialen izan da, egon delako nirekin taldean hasi nintzen lehendabiziko egunetik.

Beste izen propio bat agian, Xabier Taberna.

Bai, noski, izan da nire entrenatzailea urte askotan. Munduko txapelketetan hasi nintzenetik bera hor egon da. Erlazio oso ona dugu, konfiantza handia batak bestearekin. Esan bezala, zorte handi hori eduki dut jende onez inguratuta egon naizelako.

Baina zortea besterik gabe etorri egiten da edo lanarekin bilatzen da?

Bilatzen da eta etortzen da, biak batera. Ezin esan dena guk egin dugunik. Zati handi bat bai, noski, baina etortzen den zortea ere ongi etorria da.

Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak?

Ondo, oso ondo. Nik uste dut maila badagoela. Pariserako nor sailkatuko den eta nor ez ikusteko gogo handia daukat. Hor betikoa, egongo dira dramak eta egongo dira pozak. Baina uste dut borroka polita izango dela, eta ez bakarrik Pariserako baizik eta aurrera begira ere. Atzetik badatoz beste gazte batzuk agian Paris goiz etorriko zaienak baina Los Angelesera begira edo aurrerago hor egongo dira.

«Kanala egiteak ez du esan nahi txapeldun olinpikoak edukiko ditugunik lau urtero, baina bai lagunduko du hazten eta notizi ona izango litzateke»

Eta zer behar dute gazte hauek? Edo zer falta zaie? Kanala?

Bai, kanalaren historia betikoa da. Kanala beharrezkoa dela? Bai, lagunduko du asko, hori garbi. Harrobia hazten eta harrobia ez dena. Kirola zabaltzen bada, ezagunagoa izango da, jende gehiago animatuko da, eskuragarriagoa... Baina hemen dago beste gauza bat, kanala egiteak ez du esan nahi txapeldun olinpikoak edukiko ditugunik lau urtero. Baina bai lagunduko du hazten eta notizi ona izango litzateke.

Eta zure kasuan, orain zer? Basque Team Fundazioak aipatu zuen baduela programa bat erretiroa hartu osteko prozesuan laguntzeko.

Bai, Basque Teamekin badago programa bat kirolariak bere ibilbidea bukatzen duenean lan mundurako sarbidean laguntzeko. Horretan nago, ea bizitzak zer dakarren horri begira. Egia esan, Basque Teamekoek esker handiak eman behar diet, beti egon direlako hor laguntzen. Eta baita orain ere, ibilbidea bukatu eta gero ere hor daude, eta egia esan oso eskertuta. Horretaz gain, tratu oso ona daukagu betidanik. Ni izan nintzen Fundazioko lehendabiziko generazioa, lehendabizikoa ez banaiz.

Bertigorik sentitzen duzu?

Apur bat, baina ez hainbeste. Lasai hartzen dut eta ilusio handiarekin nago, ea zer dakarren bizitzak.

Santiagotarrak klubean ere agertuko zara, ezta?

Bai, bai. Esan nuen lehengoan, orain lehiaketa utzi dudala baina piraguista izango naizela betirako. Hau izan da nire kluba txiki-txikitatik eta piraguismoa ez dut utziko.