Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
gara-2023-02-28-Reportaje
Argazkia: Olaso Dorrea Fundazioa

Olaso Dorrea, memoria kondentsatua ikusgai

Memoriak mendeetan zehar laboratu eta eutsi duena ikusgarri egiten da Bergarako Olaso dorrean. Iragana irakasgai, oraina lanabes eta etorkizuna ardatz, memoriaren gordailu eta kondentsadorea da, gezia urrutirago jaurtitzeko. Ateak zabaldu dizkigu bidaia zoragarri batera gonbidatuz.

Eguerdiko eguzki handiaren pean, aurrez aurre dugu eraikina, sendo, elegante. XVI. mendeko eraikina da, ‘dorrea’ izena duela badakigu, baina azkar ohartzen gara kareharrizko bi gorputz dituela. Bata, zutik, garaiena; eta, bestea, baxuagoa, laukizuzena. Hiru solairuko blokeak biak, baina dorreak laugarren bat du. Atentzioa eman digute leihoek, ez diegu patroi jakin bat antzematen. Mendeen joan-etorrian barrualdean berrikuntzak egin direla esaten digute, korridoreak eta galeriak ipini eta kendu zaizkiola, eta, hartara, leihoak itxi eta zabaldu behar izan dituztela.

Errenazimentu garaiko dekorazio elementuak ditu, baina dorrearen izkinetan dauden elementu zilindriko handi batzuek bereganatzen dute gure lilura. Garitoiak dira, lehen begiratuan nabarmentzen diren osagai azpimarragarrienak, harrigarriki trinkoak, deigarriak. Kokotsa altxatuta garitoiak begiratzen ditugunean, berehala ohartzen gara dorre-itxurako atalari oparotasunez landutako hegal barrokoa gehitu ziotela. XVII. mendearen erdialdekoa da teilatu-hegala, eta zur landuan zizelkaturiko inskripzio hau irakurri dugu: «M satissima conzebida sin mancha de pecado original. Amén». Amabirjina sortzez garbiaren jarraitzaileak izan zirela ematen du jakitera, eta, artea, arkitektura, historia eta politikarekin batera, erlijioa gure bisitan presente egongo dela aurreratzen digu. Kaperak, koadroak, Vatikanoaren ziurtagiria duten askotariko erlikiak, martirien hezur zatitxoak, santuen maindire zatiak, gurutzeen ezpalak... horietatik ere ikasiko dugu.

Etxebizitzaren irudi bat.

Magnoliaren itzalpean

Jardinean hasi dugu Olaso dorrearen bisita, eta, bertan, ikusgarri, inguruko eraikinen gaindi, zuhaitz indartsu batek ongi etorria ematen digu. Magnolia zaharra da, baina sasoi onean dago, bizi-bizi. Ez da ezagutzen zenbat urte dituen, baina bai zeinek eta noiz landatu zuen: 1860. urtean Telesforo Monzon Zurbanok, ezagunagoa zaigun beste Telesforo Monzonen aitonak, besteak beste Bergarako alkate, Erret Mintegian kokatua zegoen Gipuzkoako Institutu Probintzialeko zuzendari, Madrileko Gorteetan diputatu eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoak. Eta ezaguna da ere nondik ekarritakoa den: Bergarako Lorategi Botanikotik.

Magnolia zuhaitz mezularia da, bere kokaleku, forma, tamaina eta izaeragatik gauza asko kontatzen dizkigu: gris beltzaxka koloreko enborrak zuzentasunaz hitz egiten digu, tinkotasunaz; bere hazkunde geldoak, denboraren igaroaldiaren lekuko, iraunaz: Ez da gutxiagorako, antzinako zuhaitzen leinu batekoa dugulako, 20 milioi urte baino gehiagokoa, erleak mundu honetara etorri aurrekoa da, kakalardoek polinizaturikoa. Adarrek piramide itxura hartzen dute, monumentala egiten da magnolia. Hostoek distira berezia dute eta bere lore handi eta zuriak, perfume askoren osagarri, testura eta kolore deigarri bat oparitzen digute. Sartzear gauden unibertsoan aurkituko ditugun perla eta marabillen berri emanez.

Sarrera printzipaletik sartu gara eta bertan kondentsatua den memoriaren lehen pertzepzioa hartzen dugu. Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren argazkiak ikusten ditugu, Askatasunaren Martxarekin 40 urte erbestean izan ondoren Bergarara itzuli zireneko irudia. Euskaldunen ‘Novecento’ partikularra dirudi, herri bat martxan erakusten du. Sarreraren bukaeran ezker abertzaleko politikari ikonikoaren erretratua ikusten dugu, azpian bere makila zintzilik duela, eta, ezker-eskuin begiratzean, euskal pintoreen koadro eder bana.

Jose Maria Uzelai pintore bermeotarrarena da bat; gure herriko paisaiaren eta jendearen errepresentazioa errealismo oso pertsonal batez erakusten du, forma oso estilizatuekin, teknikoki perfektua. Beste koadroa Juan de Aranoa bilbotarrarena da, Telesforo Monzonek erbestean idatzi zuen ‘Urrundik’ lehen liburuko ilustrazioak egin zituena. Figura soil eta indartsuak ditu, trazu segurua, malenkonia arduratsu bat. Koadro hauek bisitan zehar landuko den beste hari bat erakusten digute: monzondarrek euskal abangoardia artistikoekin izan zuten kontaktua eta elkarkidetza, hain zuzen.

Goian, Maria Mercedes d’Olassoren, dorrean sartu zen lehen monzondar Tadeo Monzonen emaztearen, XVIII. mendeko koadroa.

Leinuaren genealogia

Sarreran bertan, ezkerrera jo eta Olaso leinuaren genealogia ikusten da, paretan zintzilik, antzinako paper-izkribu handi batean. Magnolia bezala, denboran oso atzera doan zuhaitza da hori ere, iraunaz mintzo zaigun genealogiarena. Mila urteko historia kontatzen digu, oparoa. Eta bukaera tristea duen historia. Izan ere, Telesforo Monzon Maria Josefa Ganuzarekin ezkondu zen, baina ez zuten ondorengorik izan. Telesfororen anaia Isidro bezala, beste lau arrebak ere, Pilar, Francisca, Angela eta Dolores, ezkongabe hil ziren. Eta leinuaren zuhaitz genealogikoa hala idortu zen.

Olasotarrak, jatorriz, 1020. urtean, Erdi Aroan, Araban errotua zen misterioz eta legendaz beteriko Gebara leinu boteretsutik datoz, Iruñea eta Nafarroako erregeen mandatuz hiru belaunaldiz Araba eta Gipuzkoako boterearen ordezkaria izan zen familia nobletik. Mendeetan zehar Gebara jaurerria eta Oñatiko konderria mantendu zuten; horiek izan ziren beren nortasunaren ikur. Eta Euskal Herria odolustu zuen oinaztarren eta ganboatarren arteko gerra banderizoetan, Olaso leinua ganboatarren bandoa osatu zuten nagusietakoa izan zen, Nafarroako Erresumako antzinako leinuaren jarraitzaileak izan ziren agaramontarren aliatua.

Milurteko batek askorako ematen du eta zuhaitz genealogikoaren adarrek ezin asmatuzko loturak erakusten dizkigute. Adibidez, Europako erret etxeekin zituztenak, Frantzia, Portugal, Ingalaterra, Nafarroa eta Gaztelakoekin. Olasotarren ukitu aristokrata aspaldikoa da, bai. Atentzioa eman digu beste detaile batek, genealogia mota ezberdin bat erakusten duen beste zuhaitz bat erakusten duelako. Galdetu egin diogu gidariari, eta ahaidetasun loiolarra erakusten duen zuhaitza dela diosku, «Parentesco Loyoleo» zeritzona. Familia nobleek santuen familiekin lotura egiteko zuten irrikaz hitz egiten digu, prestigioa, posizioa eta mesedeak bilatzeko bidea zela. Eta olasotarrek nola lortu zuten beraietako batek Loiolako Inazioren iloba batekin ezkontzea.

Historiak kontatzen digu olasotarren hasierako dorrea Elgoibarren zegoela, gaur hilerria dagoen mendi-bizkarrean. Haien seme bat Bergarara etorri zen ezkontzera eta beren izena eman zioten Ariznoako San Pedro parrokia eta oihartzun historiko handia duen Komenio kalearen ondoan eraiki zuten dorreari. Koadro pare handi batek ematen digu Olaso dorrean etxekotu zen lehen monzondarraren eta bere emaztearen berri: Tadeo Monzon eta Maria Mercedes d’Olasso ageri dira.

Tadeo Monzon, Telesfororen herenaitona, Iruñetik etorri zen Bergarara. Sevillako maestrantea zen, Real Maestranza de Caballeria de Sevilla nobleen ordenakoa, Maestranza zezen-plaza sortu zuena. Telesfororen amaren partez ere, familia Sevillako goi mailako nobleziakoa zen. Aitona, Isidro Ortiz de Urruela Ceballos, diplomazialaria izan zen; Sevillan, Guatemalako kontsula; sekulako ondarea zeukan Ameriketan, Andaluzian lur pila-pila bat. Jornaleroen «Esku Beltzen» matxinada lehertu zen garaian, aberatsen lurren konfiskazioak eta ondareen lapurretak ohiko egin zirenean, kolegio onak zituen ospea zeukan Bergarara etortzea erabaki zuen. Urteak egin zituen Bergaran eta gero Azkainera jo zuen familiarekin. Eta Azkaingo etxean aterpetu zuen aita Santa Kruz gerrillari sonatua.

Isidro Monzonek Ramiro Arrueri bere etxebizitzarako eskatu zion mural ikusgarri, katalogatu gabea eta estiloz kanpokoa.

Ilustrazioaren bihotzean

Olaso dorrea Euskal Herriari asko eman dioten pertsonen sehaska izan da. Bertan jaio zen Miguel Jose de Olaso, Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais-Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrerakundearen anfitrioi eta betiereko idazkari izandakoa. Bertakoa zen Telesforo Monzon Zurbano, Bergarako Erret Seminarioko zuzendari izandakoa. Olaso dorreko peto-petoa zen Telesforo Monzon Ortiz de Urruela, gerraurrean eta Errepublika garaian EAJko buruzagi izandakoa, Madrilen diputatu, euskal gobernuko Barne sailburu, Ertzaintzaren sortzaile, erbestean Kultura ministro, Anai-Artearen bultzatzaile, Herri Batasunaren sortzailea... Eta horiek guztiak aski ez, eta aberriaren propagandista aparta ere izan zena, idazlea, antzerkigilea, Euskal Herrian aztarna sakona utzi duten kantu eta alegia askoren sortzailea.

Olaso dorrean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzea erabaki zuten Xabier Maria de Munibek, Peñafloridako kondeak, eta Azkoitiko gainerako ‘caballerito’-ek –Joaquin de Eguia, Narroseko markesa, eta Manuel Ignacio de Altuna–. Elkartearen sorrera erabaki zen mahai dotorea hantxe bertan ikusiko dugu, Euskal Herriko ilustrazioaren, garaiko begirada ireki eta ideia aurrerazaleen lekuko gisa. Olasotarrak izan ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Seminarioan, Euskal Herriko zientziaren sorlekuan, antolatu zuen Laboratorium Chemicum-en mezenas garrantzitsuenetarikoak.

Munduko abangoardiako zientzialari askok eskolak eman zituzten bertan eta hainbat arlotan ikastetxe ekintzailea izan zen: fisikan, kimikan, zoologian, botanikan, mineralogian… Bertan aurkitu zuten Elhuyark anaiek wolframa, mundua argitzeko ezinbestekoa izan zen minerala; bertan aurkitu zuen Chabaneauk platinoaren xaflakortasuna lortzeko metodoa, bertan eman zituen eskolak kimika modernoaren fundatzaileetakotzat jotzen den Louis Joseph Proust-ek, proportzio definituen legea proposatu zuenak, edo Nicolas Thumborg kimikari suediarrak, mineralogiako eskolak.

Olaso dorreko tranpolinetik jauzi egin zuen fenomeno ilustratuaren sinbolo eta garaian abangoardiako erakunde izan zenak. Ordura arte, eskolastika zen jaun eta jabe inguruan, eta, handik aurrera, zientzia hasi zen indarra hartzen. Heziketaren arloan, bestalde, euskarari ere eman zioten lekua. Ez, ez da txiripa bat, egun, Olaso dorrean egoitza izatea Jakiundek, Eusko Ikaskuntzak sortutako Zientzia, Arte eta Letren Akademiak.

Franco Larraona Kardinalarekin dagoela.

Frankistek konfiskatua eta arpilatua

Berrogei urteko erbestearen ondoren, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza Olaso dorrearen beheko solairuan bizi izan ziren. Egongela printzipaleko altzairuei  begiratzean ohartuko gara denborak horituriko pegatina bat duela hizki larriz idatzia: «confiscado» irakurtzen da. Goiko solairuan, koadro batean pegatina bera ikusi dugu; hain zuzen, Pasaian finkatutako ontzigile baionarraren seme izandako Pedro Gassis pintoreak margotutako Pasai Donibaneren koadro ederrean. Pegatina horiek ugari dira: zilarrezko pitxerraren pean, besaulkian, mahaian.

Izan ere, Telesforo euskal gobernuko Barne sailburu eta bere anaia Isidro eusko gudarosteko komandante izanik, frankistentzat «arrain handiak» ziren biak. Eta, 36ko gerra bukatzean, beren etxea usurpatu, arpilatu eta hiru aldiz enkantera atera zuten. Erbestean egon ziren 40 urteetan Estatuaren eskuetan egon zen, bere aparatuen zerbitzura. Guardia Zibilak, zirkulu karlistak, sindikatu bertikalak, frankisten emakumeen sekzioak eta nekazari sindikatuak… denek hartu zuten egoitza bertan. Lehen solairuan, esate baterako, El Circulo Carlista izeneko taberna ireki zuten, herriko txikiteo errondaren geltoki bilakatu zuten, eta, bigarren solairuan, Falangeko Seccion Femenina-ren egoitza egokitu zuten. Monzondarrentzat, jakina, oso mingarria izan zen bere etxea nortzuek okupatu zuten jakitea.

Isidro Monzon Afrikan abiadore eta zinemagile aritu zen garaiko irudiak, 1950. urtean Txad-en ateratakoak.

Dorrea erabili bai, baina ez zuten sekula zaindu, ezta mantentze lanik egin ere. Are, altzairuak, koadroak eta dekoraziorako elementuak, balio artistiko eta historiko handikoak, konfiskatu eta Donostiako Aieteko Jauregiko Francoren logelako dekorazioaren parte izatera pasatu ziren. Hantxe bertan daude argazkiak, sarrerako egongelako mahaian: Franco ikusten da aulkian eserita, Larraona kardinala aurrez aurre du besaulkian. Eta orain gure begien parean daude biak, aulkia eta besaulkia, konfiskazioaren froga gordin eginda.

Hainbat koadro eta altzarik konfiskazio-zigilua dute itsatsita oraindik, baina frankistek konfiskatutako guztia ez da dagokion lekura itzuli. Aipatu digutenez, Olaso dorretik eraman zutenaren deskribapen nahiko zehatza dago, ondasun asko berreskuratu ziren, baina ez dago jakiterik. Francok udako bizileku egin zuen Pazo de Meiras-en inbentarioa publiko egite denean, adibidez, ziur Bergaratik adi-adi eta gertutik ikertuko dutela, lapurtutakorik han azalduz gero berreskuratzeko ahaleginean ez dutelako amore emango.

Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza.

Isidro Monzonen unibertsoa

Lorategian hasi dugun bisitak, Telesforo eta Maria Josefaren bi solairuko etxebizitzatik pasatu ondoren, anaia Isidroren etxebizitzara eramaten gaitu ondoren. Harrigarria da aldaketa, beste unibertso batera eramaten gaituela dirudi. Bere bizitza eta obra, anaia zaharraren nortasun indartsuak eklipsatu bazuen ere, eta publikoarentzat ezezagun izan arren, zinez aparteko eta polifazetikoak dira. Bruselan ikasitako arkitektoa zen, Intxortako frontean gudarien kapitaina, eusko gudarosteko zulatzaileen komandantea gero. Bilboko Burdin Hesia eraikitzeko lanen zuzendari izan zen Alejandro Goikoetxea ingeniari elorriarraren bigarrena izan zen, frankistekin egin zuen traizioaren lekuko zuzena. Venezuelan errefuxiatu eta Caracas hiriaren zabalkundearen burua izan zen, Afrikan abiadore, han 16 milimetroan filmatzen zuen zinemagile. Europako abangoardia artistiko eta erret etxeekin konektatua, ‘Lehen Orain eta Gero’ poema liburu ederra idatzi zuen, Argala ETAko buruzagiaren lagun eta konfidente handia izan zen.

Arkitekturan lan intelektual eta teoriko oparoa landu zuen eta Ludwig Mies van der Rohe maisuaren eraginpean, euskal artzainen borda hartu zuen arkitekturaren abangoardiekin bat egiteko bide. Ipar Euskal Herrian eraiki zituen 30 etxeetan estilo propio eta iraultzailea osatu zuen. Berarentzat funtsezkoa zen garrantzitsua, estetikoki edo doktrina mailan espekulatu gabe, formalismoetan erori gabe. Horizontearen, «marra demokratiko eta askatzaile horren», apologista izan zen, ekintzaile nekaezina. Dimentsio hori guztia ikusgarri egiten da Olasoko bere etxebizitzan.

Afrikako faunaren adarrak eta elefanteen hortzak, nazioarteko artearen edo antzinako euskal literaturaren perlak, koloreak, denak harrigarri eder. Baina, dudarik gabe, ikusgarriena Isidro Monzonek berak Ramiro Arrue lagunari eskatu zion murala da. Katalogatu gabe dagoen obra, estilotik kanpokoa. Euskal nortasuna munduratzeko Agirre lehendakariak sustatutako Eresoinka taldearen bultzatzaile izan zen Arrueren lanak Euskal Herriaren erakusgarri izan dira, bere ohiko subjektuak baserritarrak, arrantzaleak, nekazariak, dantzariak, pastoraletako antzezleak, maskarada eta ihauteriak eta, batez ere, pilotariak izan ziren. Isidrorenean aurkituko dugun Arrueren mural erraldoian, baina, tirokatutako guardia zibilak ikusiko ditugu, kontrabandistak, akelarrea… sakonera handiko urdin mugagabean, arkitektoaren eta pintorearen arteko konplizitate artistiko betean.

Bere logela eta bulegoa aurkituko ditugu, paretetan argazkiak, koadroak, erlikiak, mapak, tapizak, Afrikako tribuekin ehizatutako animalien adarrak. Hitz egiten duten paretak dira, gordetzen duten espazioan gauza asko pasatu zirela kontatzen dute, aterpetu zuten bizilaguna neurri handikoa eta mundu askokoa izan zela, ezagutu eta ezagutarazi behar den historia baten jabe.

Olaso dorrearen egun duen itxura. Miradorea galdu du, 1971. urtean erori zen, frankistek konfistatu eta erabili baina mantentze lanik ez egitean galbidean utzi ondoren. Argazkia: Raul Bogajo | FOKU

«Fundaziñoa», nahia egia bihurtuta

Telesforo Monzonen hil aurreko nahia oso argia izan zen: «Etxea Euskal Herriari eta Bergarari nahi diot utzi. Biblioteka eta artxiboa ere baditut. Horiekin guztiekin eta jendeak emango duenarekin ‘fundaziño’ bat nahi dut egin, eta hori bergararrentzat eta Euskal Herriarentzat izatea nahi dut». Nahia egia bihurtu da. Egun, irabazi asmorik gabeko Olaso Dorrea Fundazioa da eraikinaren jabe bakarra. Fundazioak gordetzen du ondare material eta immaterial guztia, bere gain hartu du Telesforo eta Maria Josefaren balore eta legatu politikoa mantentzea. Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, iraganari begiratuz, arraunlarien antzera aurrera egiteko, bere gakoak berrasmatuz eta egitasmo berriak sortuz. Gorde, zaindu eta gezia urrutirago jaurtiz.

Olaso dorrearen ondarearen kudeaketaz arduratzen da Fundazioa. Batetik, artxibategia dago, dorrean bizi izan ziren olasotar eta monzondarrek 1491. urtetik osorik mantentzea lortu zutena. Balio dokumental eta bibliografiko itzela du eta zati bat Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian gordetzen da. Besteak beste, Georges Lacomberen funtsaren jabea da, euskararen ikerketen artxibo eta liburutegi garrantzitsuenetakoa dena. Baina bestelakoak ere topatuko ditugu: Agustin Xahoren hiztegia eta pentsamendua; Europako euskalari nagusien lanak: Louis Lucien Bonnaparte, Uhlenbeck, Van Eys, Dodgson… Historia liburu esanguratsuak, gehienak Ipar Euskal Herriko ikuspuntutik (Lancre, Oihenart, Diharce de Bidassouet...). Julio Urkixoren korrespondentzia eta dokumentuak, Joana Albretekoa Nafarroako erreginari eskainitako Joanes Leizarragaren ‘Testamentu Berria’, Pierres Lartzabalen antzezlanak, Anai Artearen funtsa edo XVI eta XVIII. mendeen artean euskaraz idatzitako liburu ederrenak, Axularren ‘Gero’ eta ‘Geroko gero”, Etxeberri Sarakoaren ‘Noelak’… benetako perlak.

Fundazioak, Bergarako Udalarekin batera, Olaso dorrean bisita gidatuak antolatzen ditu, hilean hiru, bi larunbatetan banatuta, bi euskaraz eta bat gaztelaniaz. Bergarako Turismo bulegora idaztea (turismoa@bergara.eus) edo telefonoz deitzea aski da erreserbak egin eta memoria gordailu honen barrunbeetan bidaia zoragarria egiteko. Liburutegi eta artxiboen berri bideoan ematen da, eta gainontzeko misterio eta marabillak, gidari baten azalpenekin. Plan ederra da, benetan.

Dorrea Euskal Herriaren garapenean estrategikoak diren jakintza esparruetan proposamenak egiteko TM eLab ideien laborategiaren egoitza ere bada. Areto Nagusia ere badu: ganbaran, 125 metro koadrokoa, 60-70 bat pertsonarentzako, ikus-entzunezko eta bat-bateko teknologiaz hornitua. Han ere margolan ederrak eskegita daude paretetan; besteak beste, Jesus Mari Lazkano eta Manu Muniategiandikoetxea pintore bergararrenak eta Nestor Basterretxea bermeotarrarenak. Jardunaldiak, hitzaldiak, mintegiak, musikariak, idazleak, erakusketak, orotariko kultur ekintzak antolatzen dira bertan. Eta politika, hizki larriz idatzitako politika ere egiten da, iraganean bezala orainean ere, Euskal Herriaren geroa ardazteko goi mailako bileren eta ideien lekua ere badelako.