NAIZ Irratia eta Mediabask
Bide galduak1
Lore eskaintza Bidasoaren ertzean, 2021eko ekainean. Maiatzean ito zen bertan Yaya Karamko Boli Kostako 28 urteko gaztea.
Guillaume FAUVEAU

‘Bide galduak’: miseriatik ihesi azken arnasa Bidasoan eman duten pertsonak

NAIZ Irratiak eta Mediabaskek elkarlanean ekoitzitako lana da ‘Bideak’. Gobernu frantsesak Euskal Herriko mugako kontrolak gogortu zituenetik, honek migratzaileentzat izan dituen ondorioak aztergai ditu. Zazpi atal dauzka, eta lehena, ‘Bide galduak’, azken arnasa gurean eman dutenei eskainita dago.

Audio_placeholder

‘Bide galduak’: miseriatik ihesi azken arnasa Bidasoan eman duten pertsonak

Loading player...

Tessfit Temzid suizidioz hil zen Bidasoaren ertzean, 2021eko apirilean. Maiatzean, ibai berean ito zen Yaya Karamko Boli Kostako 28 urteko gaztea, eta abuztuan, Abdoulay Koulibaly 18 urteko ginearra. Urrian, Ziburun trenbide bazterrean Poliziatik ezkutuan lotan zeudela, trenak harrapatuta hil ziren Mohamed Kemal, Faycal Hamidouche eta Ahmed Belhiredj aljeriarrak.

Azaroan, muga pasatzen saiatzen ari zela ito zen Sohaibou Billa Boli Kostako gaztea. 2022ko martxoan desagertu zen Ibrahim Diallo 24 urteko senegaldarra, eta ekainaren 16an ito zen Abdou Bah ginearra. Migratzaileei bideak ixten saiatu da azken urteetan Parisko Gobernua eta Euskal Herria lekuko zuzena izaten ari da.

‘Bideak’ podcast berezian, mugaren itxiera horren eraginak aztertu dituzte NAIZ Irratiak eta Mediabaskek. Lehenengo atala bildu dugu erreportaje honetan. Miseriatik ihesi, azken arnasa gurean eman dutenak ditu protagonista, eta haiei eskainita dago.

Elkarretaratzea Irungo Udaletxe Plazan, 2021eko abuztuan, Abdoulay Koulibaly 18 urteko ginearra Bidasoan ito zenean. (Jon URBE/FOKU)

2021eko abuztuaren 13an gizon gazte bat ikus zitekeen Bidasoa ibaian makurtuta, otoitzean. Lore sorta bat ur gainean bare-bare eta inguruan egoerari hitzik jartzen asmatzen ez zuen isiltasun kolektibo bat. Abdoulay Koulibalyrentzat ziren loreak. Azken agurra eskaintzen ari zitzaiona Mohamed Lamine Camara zen, 31 urtekoa. Naoneden bizi da eta gaztearen osaba da. «Tristea da, bidean horrenbeste zailtasun pasatu ondoren, bere helmugara iristear dela hau gertatzea», zioen.

2015eko azaroaren 13ko gauean hiru leherketa, sei tiroketa eta bahiketa bat izan ziren Parisen. Atentatu hark beldurra eta kaosa eragin zuen Estatu frantseseko hiriburuan. Ehun pertsonatik gora hil ziren. Gobernuak mugen erabateko kontrola ezarri zuen segurtasunaren izenean. Europa barnean mugarik gabe mugitzeko eskubidea bermatzen du Schengengo akordioak, eta halako salbuespenak onartzen ditu, betiere sei hilero berritzeko betebeharrarekin. Estatu frantsesean, ordea, larrialdi egoera eta honek zekarren mugen kontrola berrituz eta berrituz joan da, ia betiko bihurtu arte.

Atentatuak, eta gero pandemia

Parisko atentatuak izan ziren lehenbizi, pandemia gero. Françoise Hollanden Gobernua aurrena, Emmanuel Macronena ondoren.

Pandemiaren okerrena igaro zenean, Nizan izandako beste atentatu baten ostean iragarri zuen Parisek mugen kontrolen areagotzea. 2020ko urrian gizon batek labana bat eskuan zuela hiru pertsona hil zituen Nizako eliza batean. Lau urte lehenago hiri berean eraso larriago bat izan zen, kamioi batekin uztailaren 14ko ospakizunetan ziren pertsonen aurka izan zen atentatua, dozenaka hildako eraginez. Baina 2020ko erasoaren ostean mugen kontrolarekiko jarrera arrunt gogortu zen; aste gutxira, Kataluniako mugara joan zen Macron eta muga zaintzan aritzen diren poliziekin berau igarotzen duten migranteengan jarri zuen fokua.

2021eko apirilaren 18an, Irungo Azken Portu auzoan, Bidasoa ibaitik gertu gizon baten hilotza agertu zen. Urkatuta zegoen. Eritreakoa zen. Inork ez zuen ezagutzen hirian. Instituzioek ez zuten bere arrastorik. Mamu bat zen.

«Ezin dugu normaltzat hartu»

Jon Aranguren Irungo Harrera Sareko kidea da. Egoera hauek salatu eta ikusgarri egiten saiatzen da, baita bidean diren migratzaileei laguntzen ere. «Ezin dugu normaltzat hartu gure inguruan jendea horrela hiltzea», adierazi zuen Azken Portun gorpua azaldu zenean.

Gaineratu zuen ez zutela nahi Bidasoa hilerri bihurtzerik. Baina ez zen denbora asko igaro zoritxarreko iragarpena bete arte. Maiatzaren 22an ito zen Bidasoan Yaya Karamko eta abuztuaren 8an, Abdoulaye Koulibaly.

 

Elkarretaratzea Bidasoaren bazterrean, 2021eko maiatzean, Tessfit Temzide, Yaya Karamko eta gainerako bide galduak omentzeko. (Jon URBE/FOKU)

Azken honen osabak, Mohamed Lamine Camarak, ez zuen gehiegi hitz egin nahi izan, esan nahi izan zuen bakarra izan zen bere ilobari gertatu zitzaiona ez zuela beste inori pasatzerik nahi. Gineako Errepublikakoa zen Koulibaly, 18 urte zituen eta aurrez bere osabak egin zuen bide antzekoa eginez hil zen.

Izen eta abizenik gabeko heriotzak izan dira gehiegitan migranteenak. Bidasoko mugan hildakoenak Marie Cosnay idazlearen lanari esker dakizkigu, besteak beste. 2022ko ekainaren 16an hil zen itota Abdouramane Bah. Bere lagunik onenak bazekien gau hartan egin behar zuela Bidasoa igarotzeko saiakera, baina ingurukoek ez dute hitz egin nahi izaten, eurak ere legez mugatu nahi zaien bide batean sartuta daudelako.

Hildakoak nor diren argitzeko bidean, Lakuako Migrazio Zuzendaritzak eta hildako pertsonen herrialdeko kideek egiten duten lanari eman dio balioa Cosnay idazle engaiatuak.

Kontrolak kentzea, soluzioa

Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako abokatua da. «Jendea Irunera doa eta galdetzen du zer egin behar duen muga gurutzatzeko. Irungo Harrera Sarekoek azpimarratzen diete ez saiatzeko ibaitik gurutzatzen, oso arriskutsua delako. Baina beren kabuz joaten dira sarritan. Zergatik? Kontrol handia dagoelako. Kontrolik ez badago, ez da halakorik gertatuko. Tragedia bat da barneko muga batean hiltzea», agertu du.

Guillermo Etxenike Gobernu espainiarreko Gipuzkoako ordezkariak azaldu du Bidasoa ibaian Guardia Zibila etengabe egotearen aldeko hautua egin dutela. «Euren presentzia ez da pasatzea eragozteko, baizik eta arriskutsuak diren bideetatik ez pasatzeko», argitu du.

 

Herritarren omenaldia Bidasoan, barne muga batean, bizia galdu duten pertsona migranteei, 2021eko maiatzean. (Jon URBE/FOKU)

Bi aldeetako gobernuek, Parisek eta Madrilek, ziurtatu dute neurriak hartu dituztela halako heriotzarik gerta ez dadin. Baina Mazkiaranek ez daki zein neurri diren horiek. «Nik jarri dut neurri bat mahai gainean: kontrolik ez. Espazio ireki bat da». Eñaut Aramendi sindikalista eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboko kidea da. Bere ustez ere Polizia da arazoa. Mugaren itxiera da bidea mugatzen duena eta ibilbide lasai bat arriskutsu bihurtzen duena. Irun eta Hendaia arteko mugan kontrolak areagotu diren bezala, beste hainbat puntutan erabat ixtea ebatzi du Parisek.

Polizien elkarlana

2023. urte hasieran Bartzelonan egin zuten goi bilera presidente frantsesak eta espainolak, Emmanuel Macronek eta Pedro Sanchezek. Ez zuten azalpen handirik eman nahi izan, espainiarraren kasuan 23 segundo eskas baliatu zituen kazetariei erantzunez gaia aipatzeko, eta polizien arteko elkarlana indartzeaz hitz egiteko izan zen.

Erantzun zabalxeagoa, baina askoz gehiagorik esateko balio izan ez zuena eman zuen Macronek. Nizako atentatuaren egilea Estatu frantsesera ilegalki sartu zela esan eta horrekin lotu zuen mugako pasabideak oraindik ere itxita izatearen arrazoia, eta migrazio mugimenduen inguruko mafiak aipatu zituen.

Sanchezek aurreratu bezala, polizien arteko elkarlan handiago bat sustatu asmo dutela azaldu zuen.

Mugako pasabideen irekiera Presidente frantsesarekin batera Gerald Darmanin Barne ministroa ere Bartzelonan izan zen, eta kazetariekin izandako solasaldi informal batean brigada mistoak sortzeko asmoaz mintzatu zen. Bere hitzetan, horrek posible egingo luke mugako pasabide guztien irekiera. Kazetariek hori noiz izango den galdetu ziotenean, laster izan dadin lanean ari direla erantzun zuen.

Macroni eta Sanchezi inork ez zien galdetu mugako kontrolen inguruan. Bertakoentzat irekiko dituztela dirudi... bertakoak ez direnentzat behar bezain estu itxita daudela ziurtatzen dutenean.

‘Bideak’ NAIZ Irratiak eta Mediabaskek elkarrekin ekoiztutako podcast berezia da. Lan honen koordinazioa Goizeder Tabernak eta Ion Telleriak egin dute. Elkarrizketak, berriz, Ximun Larrek eta Hegoi Belategik. Lokuzioa, Oihana Dagerrek. Eta edizioa eta errealizazioa Larraitz Otazorenak dira.

Argitalpen hau ‘Bideak, inmigrazioa eztabaidan’ proiektuan sartzen da. ‘Ideiak’ mugaz gaindiko aurrekontu parte hartzailearen irabazlea da.