NAIZ Irratia eta Mediabask
Checkpoint
Migratzaileen heriotzak salatzeko ekintza egin zuten Sortuk eta Africa United elkarteak joan den uztailean Santiago Zubian.
Andoni CANELLADA (FOKU)

Checkpoint: kontrolek fluxua trabatzen dute, baina ez gelditu

Gobernu frantsesak apiril honetan ebatziko du oraindik itxita dituen mugako pasabideak ireki ala ez. ‘Bideak’ podcastaren laugarren atalak Parisen argudioak aztertu ditu, itxuraren araberako kontrolak ugaritzeak dakarren eskubide urraketa, baita auziak inguruko herrietan duen eragina ere.

Audio_placeholder

Checkpoint: kontrolek fluxua trabatzen dute, baina ez gelditu

Loading player...

Azken urteetan Euskal Herrian bi estatuen arteko mugako hainbat pasabide itxi ditu Frantziak, eta zabalik daudenetan kontrol zorrotzak ezarri ditu. Itxitako bideetako bat Irun eta Hendaia arteko oinezko pasabidea da.

Schengeneko itunaren arabera Europako barne mugak ixteko irizpide oso zehatzak bete behar dira, eta gehienez sei hilabeterako hartu ahal den neurria da. 2015etik Parisek behin eta berriz luzatu du erabakia. Azaroaren 1ean ebatzi zuen enegarren luzapena.

Erabakiaren aurka ehunka herritar elkartu ziren Irun eta Hendaian, bakoitzak bere aldetik zubirainoko bidea egin eta bi udalerriak bereizten dituzten hesiak puskatzeko.

«Aitzakiak dira»

«Kontrol arrazistak» salatu zituzten. «Pertsona migratzaileak bidean datoz bizimodu hobe baten bila, hiru egun egoten dira gehienez, eta polizia frantsesa zain izaten dute. Azken bi urteetan gutxienez bederatzi lagun hil dira eta ez da ezer aldatu, migratzaileek presio onartezina jasaten dute, eta arriskua gero eta handiagoa da», ohartarazi zuten.

Zubiak irekitzea aldarrikatu zuten, kontrolak kentzea. Arduradun politikoek ere hala eskatu zuten, Euroeskualdeko Exekutiboak, Iñigo Urkulluk, Jean-Rene Etchegarayk, baita Akitaniako presidenteak ere.

Iker Barbero Zuzenbidean doktorea da. Azaldu duenez, Gobernu frantsesak «une bakoitzean aitzakia ezberdinak» erabili ditu mugak itxita mantentzeko, eta terrorismo mehatxuarena behin eta berriz baliatu du. «Aitzakiak dira. Praktikan ikusten duguna da migratzaileak direla muga horien eraginak pairatzen dituztenak».

Mikel Mazkiaran abokatua eta SOS Arrazakeriako kidea iritzi berekoa da.  Algeciraseko edota Kanarietako egoera eta Irun eta Hendaia artekoa bereizi ditu. Algeciras edo Kanarietakoa Europa kanpoko muga bat da, Schengen akordioaren arabera indartu behar dena. Bidasoakoa, berriz, barne muga bat da, teorian behintzat kontrolik behar ez duena. Zergatik dago kontrol hori, hortaz? 2015eko azaroan Bataclaneko atentatua gertatu zen Estatu frantsesean eta hortik aurrera egoera berezi batean dago. «Aitzakia bat da Gobernuak kontrola luzatzeko erabiltzen duena».

 

Sortuk eta Africa United elkarteak elkarrekin egin zuten ekitaldia, iragan uztailean Santiago Zubian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

 

Muga pasa dutenak bueltan bidaltzen dituzte

Parisek ukatu arren, Euskal Herrian eragile eta instituzio denek salatu dute Polizia frantsesak mugan kontrolak ezartzearekin batera hartu dituen neurriak. Ez dira ezkutuan ari, kontrolak mugan ez ezik garraio publikoan ere ezarri dituzte denbora honetan guztian eta ohiko irudia da muga pasa berri duten pertsonak polizia ibilgailuetan sartu eta berriro Irunen, errepide bazterrean uztea.

Gorte espainiarretara eraman zuten udazkenean auzia, Madrilek Parisi presioa egin ziezaion.

Madrilgo Gobernuak bere Senatuaren interpelazioari bide eman diola esan izan du, Parisi eskatu diola mugak irekitzea, eta norabide horretan urratsak izango direla berandu baino lehen.

 

Lore eskaintza Bidasoan itotako pertsonei. (Andoni CANELLADA/FOKU)

 

Irregularki eman ohi diren itzuleren inguruan, ordea, ez da Madrilen salaketarik. Ez ikusiarena egiteko hautua egin duela dirudi. Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariari galdetu diogu, Guillermo Echeniqueri, eta erantzun du beraiek dakitela behintzat Frantziak ez duela mota horretako itzulketarik egiten.

Zaila da auzitegietan defendatzea

Barberok oroitu duenez, nazioarteko hainbat itun dago bidean diren migratzaileen eskubideak aitortzeko. Giza Eskubideen Europako hitzarmena, adibidez. Horiek bete beharko lituzkete estatu kideek, sinatu egin dituzte eta. Baina praktikan eskubide horiek urratzen dituzte. Gainera, oso zaila da gero auzitegietan defendatzea. Kontuan hartu behar da zapalketa hauen biktimak oso ahulak direla juridikoki, egoera irregularrean baitaude.

«Egon dira adibideak non auzitegien aurrean eskubideak bermatu diren. Beste batzuetan, tamalez, nahiz eta bortizkeria agerikoa izan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du hala interpretatu eta pauso bat atzera eman du oinarrizko eskubideen aitortzan».

«Kontrol arrazistak»

Migratzaileen kontrol neurriak mugaz harago eraman ditu Parisek, eta horrekin diskriminazio kasu agerikoak diruditenak.

Mazkiaranek baieztatu duenez, azalaren kolorearen araberako kontrolak dira. Lapurdiko garraiobide nagusietan izan dira. Bai Hendaiako Topoaren geltokian, eta baita Baionako autobus geltokian ere. Bertan sortu zen egoerak eragin zuen Baionako Herriko Etxearen esku-hartzea.

Jean-Rene Etchegaray alkateak zuzenean esku hartu zuen hainbat elkarte solidariorekin batera hainbat garraiobidetan etorkinei ezarri zitzaizkien mugapenen aurka.

Estatu frantsesak ukatu egiten ditu akusazio horiek. Urtarrilera arte Baionako suprefeta zenari, Phillipe Le Moing-surzurri, galdetu diogu, eta ez dela azalaren araberako kontrolik izan segurtatu du.

Muga irekiko dute?

Apirilean berritu beharko du Parisek mugen itxieraren inguruko ebazpena. Bartzelonan bi estatuek urte hasieran egin zuten gailurrean aurrerapausoak izango zirela aurreratu zuen Emmanuel Macronek. 

Itxita dauden mugako pasabideen irekiera dute mahai gainean, eta hala baieztatu die Gobernu espainiarraren Gipuzkoako ordezkariak, Guillermo Echeniquek, Mediabaski eta NAIZ Irratiari. Mugako herrietako alkateei ere norabide horretan urratsak izango direla aurreratu diete bi estatuetako ordezkariek. Zain dagoela adierazi du Jose Antonio Santano Irungo alkateak, eta egin duten presio handia azpimarratu du.

Parisek mugen kontrolerako tresna berrien baitan kokatu du, ordea, mugen irekiera. Schengen akordioaren eguneratze baten beharraz ere hitz egin izan du Macronek, eta Estatuaren tokiko arduradunek diote ez dagoela kontrolak bertan behera uzteko asmorik.

Zubia ireki zuten sinbolikoki

Eñaut Aramendi sindikalista eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboko kidea da. «Azaroaren 1ean zubia ireki genuen sinbolikoki. Segituan itxi zuten berriro. Bagenekien horrela izango zela, baina ekimenak balio izan zuen arazoa mahai gainean jartzeko», oroitu du.

 

Jean-Rene Etchegaray Elkargoko lehendakariaren eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren arteko topaketa Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian, duela urtebete. (Maialen ANDRES/FOKU)

 

Arduradun politiko gehienek esaten dute ireki behar dela. Herritarrak kokoteraino daude. Estatuak du eskumena, baina sindikalistaren ustez horrek ez du kentzen arduradun politiko horiek herrietatik jasotzen dutena transmititzea.

«Hendaiako Herriko Etxeko langileei poliziak deitu zien zuzenean hesi horiek jartzeko. Ondoko egunean bildu ginen alkatearekin. Hortik akta bat atera dugu. Argi eta garbi esan du publikoki ez dela berriro gertatuko, hitz egin duela Paueko prefetarekin, poliziarekin. Posizionamendu horiek inportanteak dira».

«Norenak dira hesiak, herrikoarenak ala estatuarenak? Herrikoak baldin badira, berreskuratu, zureak dira», nabarmendu du.

«Beste politika bat egin daiteke»

Mikel Mazkiaranek agertu duenez, fluxuak betidanik izan dira eta kontrolek ez dituzte geldituko. Migratzaileak beti saiatuko dira gurutzatzen. «Zailtasun gehiago jartzen badituzu, diru gehiago kostako da. Zergatik daude mugalariak? Zuk oztopo pila bat jarri duzulako gurutzatzeko».

Zergatik pasa daitezke ukrainiarrak eta besteak ez? Zergatik ez siriarrak? «Europar Batasunak horrela funtzionatzen du. Bi ikuspuntutatik begiratu daiteke: diskriminazioaren aldetik, tratua ez delako berdina. Beste puntu bat da Europar Batasunak halako erabakiak hartuta frogatzen duela migratzaileekin beste politika bat egin daitekeela», azpimarratu du abokatuak.