Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Nikola Jokic, bere alaba besoan hartuta, Denverrekin eraztuna irabazi berritan.
Nikola Jokic, bere alaba besoan hartuta, Denverrekin eraztuna irabazi berritan.
Matthew STOCKMAN (AFP PHOTO)

Nikola Jokic, saskibaloiko lapurrik handiena

NBAko jokalari onena ez da indartsuena, ez azkarrena, eta bere jauziekin inor ere ez da txundituko. Baina Denver Nuggets bere historiako aurreneko eraztuna irabaztera gidatu du pibot serbiarrak eta bere erara lortu du, parekorik gabea bihurtu duen estilo horrekin.

Nik ere badakit lapurreta bat jasatea zer den. Denok, egia esan. Baina batzuetan are umiliagarriagoa da, oso-oso berandu konturatzen baitzara lapurreta jasan duzula.

Nikola Jokic NBAko Finaletako jokalari onenari buruz ari naiz. «Ah!», esango du kursiren batek, «zuri ere ‘Jokerrak’ bihotza lapurtu dizu». Edo NBAko drafta ikusten goizaldeko ordu txikiak arte esna egoten zalea denak antzemango dio “Draft Steal” horietakoren batez ari naizela. Izan ere, 2014ko draft hartan bigarren txandan aukeratu zuten pibot serbiarra, 41. lekuan. Jokic ez zegoen “Green Room” delakoan, gurasoek lagunduta eta gero ikusita lotsa emango duten traje barregarri horiek soinean. Sombor bere sorlekuan zegoen orain Munduko Jokalari Onena dela hizki larriz esan dezakeen jokalaria. Lo seko. Telebista ere anuntzioak ematen ari omen zen Adam Silver NBAko buruak, David Sternen lekukoa hartu berritan, Denver Nuggetsek Nikola Jokic aukeratu zuela argitu zuenean. Anaia zaharragoak telefonoz deitu omen zion draftean aukeratu zutela esateko. «Utz nazak bakean!», bota ei zion Nikolak erantzuna. «Zer egingo diat nik NBAn!»

Halako lapurretarik! Ez ordea. Hori baino umiliagarriagoa da Nikola Jokicen inguruan daukadan sentimendua. 2014ko drafta baino urtebete lehenago, Pragan jokatu zen 19 urtez azpiko Munduko Txapelketan lekutua. Ez du beti irabazten, baina ohikoena den moduan, AEBtako selekzioa izan zen txapeldun; zilarra Serbiarentzat eta Lituaniak brontzea –Marius Grigonis eta Lukas Lekavicius tartean–, hirugarren posturako lehia zirraragarri bat luzapenean Dante Exumen Australiari irabazi eta gero.

Hantxe ginen gu, gazte mailako saskibaloiari buruz zerbait genekielakoan, Pragako O2 Arena itzel hartan, hurrengo izarrei so... Eta Nikola Jokic bazenik ere enteratu ere ez! Baina ezta enteratu ere! Vasilije Micic antolatzailea zen serbiarren izarra, eta Nikola Milutinov serbiarren barruko erreferente nagusia. Europako izar nagusienak, berriz, Darijo Saric kroaziarra eta, gure ustean, Guillermo Hernangomez espainiarra ziren; Dario Brizuela donostiarra behintzat ikusi genuen, «txikitxo aukeran eskolta izateko», genioen. Baskonia zaleak, gainera, Daniel Barbieri gazte brasildarrarekin adurrari eutsi ezinik genbiltzan: 1994an jaiotakoentzat egindako lehiaketa hartan 1996an sorturiko Daniel Bordignon zen Baskoniaren itxaropena, lesioek bidetik atera zuten arte.

Nola ezkutatu liteke hain ondo 210 zentimetro eta 100 kilotik gora pisatzen dituen morroi puska? Ez da posible! Izan ere, ordezkoa bai baitzen Nikola Jokic selekzio hartan –Jokic 1995eko otsailean jaiotakoa da, eta nabari zen artean heldu beharra zuela–. Micic, Jankovic, Milutinov, Novak eta Andric aurretik zituen saskiratzaile nagusien zerrendan, eta orotara 7,1 puntu eta 5 errebote eskuratu zituen. Asistentziak? Bada, partidako 1,5, eta kitto!

Aurreneko jardunaldian, Bordignonen, Brasilen aurka, ez zuen jokatu; sei minutu Australiaren aurka; 23 Senegalen aurrean; 11 Errusiako selekzioarern aurka eta 14 Txinaren aurrean. AEBen aurkako bigarren faseko neurketan, 21 minutu, 10 puntu eta 7 errebote; Kroaziaren aurka, 16 minutu, 8 puntu eta 4 errebote; Australiaren aurkako finalerdian, 25 minutu, 6 puntu eta 6 errebote; AEBren aurkako finalean, 19 minutu, 10 puntu –tartean bi hiruko– eta 3 errebote. Estatubatuarren indarra nagusitu zen: 39 errebote 28ren aurka; amerikarrek 11 baloi ostu zituzten eta fisikoki Serbia eskailera maila bat beherago zegoela garbi ikusi zen.

Ia barregurea ematen du AEBtako selekzio hartako izarra zein zen idazteak: egun Real Madrilen jarraitzen duen Nigels Williams-Goss antolatzailea,, nahiz eta egun Celticsen dir-dir egiten duen Marcus Smart –Memphis Grizzliesra pasa berria– ere bertan izan.

Alegia: jokalari gazteei buruz zerbait bagenekiela uste genuelakoan Pragara joango 19 urtez azpiko Munduko Txapelketa ikustera, eta gerora NBA txundituko zuen Serbiako azti hura han zebilenik ezta antzeman ere! Hau lotsa, jainko maitea!

Askoren mina... tontoen atsegina, dio atsotitzak. Nikola Jokic NBAren historiako «lapurretarik handiena» dela diote NBAren inguruko webguneek, Kobe Bryant –Charlottek 13. postuan aukeratua Los Angeles Lakersi Vlade Divacen trukean eskaintzeko, Jerry West handiaren trikimailua–, Karl Malone, Dennis Rodman edo Manu Ginobili –57. postuan aukeratua 1999ko draftean– bezalako jokalarien gainetik. Beraz, gu 2013an ezertaz ez enteratzeak badu barkamenik, NBAk berak ere esku artean zer zerabilen ez zekielako.

Izan ere, 2014ko NBAren draft hartan Andrew Wiggins izan zen aurreneko postuan aukeratua, eta ez dago gaizki, eta Joel Embiid Kamerungo pibot erraldoia aukeratu zuten hirugarren. Baina hamar aurrenekoen barruan hautatu zuten ere Baskonian xelebre aritu zen Nik Stauskas –Real Madrilen aurkako Euroligako partida bat alperrik egin zuen falta batek erabaki zuen–; aurreneko hamabost onenen artean azaldu zen Drazen Petrovicen oinordeko behar zuen Darijo Saric kroaziarra; 20 onenetan hautatu zuten egun Alemaniako Ratiopharm Ulm taldearekin Liga irabazi berritan berpiztu nahian dabilen Bruno Caboclo brasildarra eta Jokic baino hamar postu aurrerago aukeratu zuten Bilbao Basketen hain itxura eman zuen Damien Inglis hegal-pibot frantsesa ere.

Draft hartako hamaseigarren postuan aukeratu zuten ere Jusuf Nurkic pibot bosniarra. Chicago Bullsek aukeratu bazuen ere, Charlotte Hornetsekin batera halako truke anitz bat eginda, Denverren amaitu zuen Nurkicek eta hasiera baten Mike Malone entrenatzaileak titular postua eman zion Nurkici Jokicen lekuan.

Izan ere, Jusf Nurkic atleta bat da: “Bosniako Hartza”. 2,11 metro, muskulatua, arina, erreboteak harrapatzen indartsua eta iaioa... eta Nikola Jokic, berriz, gosaltzeko “burek” jan zalea –haragi xehez eta martorriz betetako masa kiribildua, Balkanetako jaki tipikoenetako bat– eta egunean bizpahiru litro Coca Cola edan zalea. Ingeleraz ere... tamainan, eta Denverrekin egin zuen aurreneko aproban ia hitzik ere ez omen zuen egin bere balizko taldekideekin.

Zertarako hitz egin ordea? Mike Malonek begiak igurzten bazuen lana! Pelutxezklo hartz baten tankera zuen gizaseme lotsati hark baloia bere kideei beti abantaila izateko moduan ematen zien. Saskitik urrundu arren, hegaleko batek bezain ondo jaurtitzen zekiten pibot europearrak ordurako ezagunak ziren NBAn, baita jaurtiketa libreen marraren eremuan jarri eta paseak noranahi emateko abilezia zuten jokalariak ere –Arvydas Sabonis handia, Vlade Divac, Pau eta batez ere Marc Gasol...–, baina sekula halakorik! Gonzalo Vazquez kazetari bilbotarrak honela definitzen zuen Jokicen paseak emateko gaitasuna bere ‘El largo siglo hasta Jokic: Críptidos del pase en la quinta posición’ lanean, Zach Lowe kazetari estatubatuarraren hitzak bere eginez: «Asistentzia ugarik nornahik lotu ditzakeen bi puntu harilkatzen ditu. Jokicek berak bakarrik ikusten dituen jaurtiketei eskaintzen die asistentzia hori. Berak ikusi ezean, beste inork ezin du ikusi».

Jokicek behar zuen Nurkicen lekuan hasierako bostekoan, eta pibot izaera emanda ere, antolatzaile bat zegoen Mike Malonen begien aurrean. “Point Center” delakoa, alegia “Point Guard” edo antolatzaile klasikoa eta “Center” ohiko pibotaren arteko nahasketa perfektua.

Hautua garbia zuen Malonek eta Nurkicek lekurik ez Denverren. «Berdin zait aulkitik aterata ere! Berdin zait titular ez banaiz ere!», esaten omen zuen, alperrik, Nikola Jokic gazteak. Aurreneko denboraldi horretan, 2015/16 denboraldian, 21 urte baino ez zituela, Rookien bosteko onenean aukeratu zuten serbiarra, pisua galdu, ingelesez moldatu eta kirolariari dagozkion ohitura sanoak hartu bitartean.

22 urte bete baino bederatzi egun aurretik, 2017ko otsailaren 10ean, 40 puntu sartu zizkion New York Knicks taldeari eta batez beste ia 20 puntu eta 10 errebote pilatzen hasi zen, eta NBAn bere bigarren urtea baino ez zuen.

Bi urteren buruan, 2018/19 denboraldian, All-Star Weekenderako aukeratu zuten aurrenekoz eta handik bi urtera, 2020/21 denboraldian, Denboraldiko Jokalari Onenaren MVP saria irabazi zuen aurrenekoz, 26,4 puntu, 10,8 errebote eta 8,3 asistentzia batez beste erdietsi ostean. Hurrengo urtean, MVP izendatu duten bigarren aldiz, 27,1 puntu, 13,8 errebote eta 7,9 asistentziarekin.

Nikola Jokicek 516 partida behar izan ditu 10.000 puntu, 5.000 errebote eta 3.000 asistentzia pilatzeko: NBAko historiako bigarren jokalari bizkorrena marka hori lortzen; 515 partidarekin, Larry Bird izeneko batek ezarritako marka baino neurketa bat gehiago behar izan zuen «Jokerrak».

Ikuskizuna eta lehiakortasuna

Denver Nuggets NBAko play-offetara sailkatu da urtero 2018/19 denboraldiaz geroztik; hau da, Nikola Jokic heldutasunera iritsi denetik. Jamal Murray hegalekoa bidelagun hartuta, Colorado estatuko taldeak goranzko bideari ekin dio, baina ikusi egin behar noraino iritsi zitekeen.

Europear batek gidaturiko talde batek NBAko eraztuna lor zezakeela frogatuta utzi zuen Dirk Nowitzki alemaniarrak 2011an –eta bere garaian Clyde Drexlerrek esan omen zuena egia bada, Arvydas Sabonis sano batek askoz arinago frogatuko omen zukeen hori bera–, 2007an Toni Parker frantsesak lorturiko MVP hark nolabait esatearren Tim Duncan eta Manu Ginobilirekin banatuta beharko zukeelako. Baina Denverrek beti aurkitzen zuen norbait parean: 3-4 Portlanden aurka Mendebaldeko Finalerdietan 2019an; 2020ko «burbuilan», Denverren madarikazioa: 1-4 galtzaile Lakersen aurka Mendebaldeko Finalean –beti Lakers parean eta halakoetan, beti Lakers eraztunaren garaile, 1985ean eta 2009an bezala–; 2021ean 0-4 galtzaile Phoenix Sunsen aurka Mendebaldeko Finalerdietan eta iaz, berriz, lesioek erabat erasanda, 1-4 kalera gero txapeldun aterako ziren Golden State Warriorsen aurka aurreneko kanporaketan.

2022/23 denboraldia bikaina izan da Denverrentzat, batik bat beste inork ez bezala egin dituelako etxeko lanak. Philadelphia 76ers taldeko Joel Embiid lagun zaharrak eraman zuen denboraldiko MVP titulua, baina hori bost Nikola Jokicentzat. “Mendebalde Basatiko” markarik onena lortu zuten Coloradokoek, 53-29ko balantzearekin, baina denboraldiko hiru balantzerik onenak Ekialdean izan ziren: Giannis Antetokounmporen Milwaukee, 58-24; Boston Celtics, 57-25; Philadelphia 76ers; 54-28.

Baina zer da kontua eta Miami Heatek ezustean Milwaukee hankaz gora bota zuen aurreneko kanporaketan, 1-4; aldiz, Denverrek Minnesotarekikoak 4-1 egin zituen bien bitartean. Bostonek 4-3 eta asko kostata kendu zuen bidetik Philadelphia, eta Denverrek 4-2 irabazi zion Kevin Duranten Phoenix Sunsi. «Nik ez dakit nola egiten duen Jokicek, baina hain dirudi erraza saskibaloiak bera jokatzen ikusten duzunean!», onartu behar izan zuen «Durantulak» seigarren partidan denboraldiari agur esan behar izan zion egunean.

Mendebaldeko Finalean, Los Angeles Lakerseko arerio zaharrak aurrez aurre, ezustean Memphis Grizzlies eta Golden State Warriors atzean utzi ostean. LeBron James inork uste baino itxura hobearekin, Anthony Davis behingoagatik osasuntsu eta Nikola Jokic geratzeko ustean, eta Austin Reaves eta Rui Hachimura sekulako maila erakusten.

Gezurra badirudi ere, Denverrek 4-0 irabazi zuen, nahiz eta Denverren jokaturiko neurketetako baten Jokicek gorriak ikusi Anthony Davisen defentsaren aurrean. Ezin zuela saskiratu? Bada, egongo zen baten bat bakarrik botako zuena! Jakina da paseak bilatzea ez zaiola asko kostatzen “Jokerrari”.

Ekialdean, berriz, Miami 3-4 garaile Bostonen aurrean eta galtzeko batere gabe, Jimmy Butler hegalekoaren eskutik eta, Jokicen moduan, NBAra atzeko atetik iritsitako jokalari andanari esker. Are gehiago, Denverren jokaturiko bigarren partidan, Miami Heat bera nagusi.

Baina akabo. Miamik Jokicen asistentzia ekoizpena eten zuen, baina serbiarrak, Bam Adebayo pibotaren defentsa zorrotza nozitu arren, errekurtsoak barra-barra dituela erakutsi zuen, berdin uztaipean «dantzan» zein distantzia luzeko jaurtiketekin.

Nolabait esatearren, Nikola Jokic ikusten duenak 70. hamarkadako Kresimir Cosic kroaziarra dakusa, baina hura baino altuagoa, indartsuagoa eta sendoagoa. Era berean, 80. hamarkada amaieran Los Angelesa iritsi eta Sacramenton ia goia jo zuen Vlade Divac dakusa ere; hau da, talentua izateaz gain, bere taldekideei agindu edota barre eginarazteko gaitasuna uzartzen dakien buruzagi/pailazoa.

Miami Heat dena eta gehiago egiten saiatu zen, baina Nikola Jokicek bosgarren partidan Finalari amaiera jarri zion: 94-89 azkenengo deman, Jokicek 28 puntu eta 16 errebote pilatu ostean. NBAko play-offen historian, txapeldun atera den taldeko aurreneko jokalaria da Nikola Jokic puntu gehien, errebote gehien eta asistentzia gehien pilatzen dituena.

«Bost partidatan irabazita hobe, zazpitan baino. Etxera joan eta atseden hartzeko denbora gehiago!», Jokicen erantzuna kazetari estatubatuarren galderei. Ezin esan Jokici ez zaionik saskibaloia atsegin, baina bere pasioa zaldiak dira. Ez da azkarrena, ez da jauzirik handienak egiten dituena eta ez du play-offetan Michael Jordanen antzera “game face” delako kopeta ilunik jarriko, baina hor dago, saskibaloiko Munduko Jokalari Onena, hizki larriz idatzita. Nork esan behar zigun pailazoa izango zenik errege?