NAIZ.INFO
DONOSTIA

«Hasieratik gure musika eta kulturaren gaineko interesa erakutsi zuen Madonnak»

Kalakan taldeko kideak elkarrizketatu ditu Infozazpi irratiak. Euskal Herriko hirukotea Madonnaren munduko biran parte hartzen ari da eta Turkian daude orain.

Kalakan taldeko hirukotea Madonnarekin elkarlanean dabil munduko MDNA biran parte hartuz. Turkian harrapatu ditu Infozazpi irratiak eta taldeko kide den Ttirritt-ekin hitz egiteko aukera izan du. Taldeko kideak nabarmendu du Madonnak «hasiera hasieratik» erakutsi zuela euskal musika eta kulturaren gaineko interesa.

Elkar Getarian (Lapurdi) ezagutu zirela azaldu du, Katia eta Marielle Labèque pianista ospetsuak tarteko. Hasierako harremana «naturala» izan zela nabarmendu du, «euskarazko hitzak ikasi zituen, txalapartarekin ere ahalegindu zen...».

Bizi duten salto handiaren inguruan hitz egin du. «Oso berezia da guretzat estadio handi batean jotzea» esan du, baina «20 pertsonaren aurrean jotzeak beldur handiagoa ematen du». Pozik agertu da bizitzen ari diren esperientzia tarteko baina argi dauka bira hau urtarrilean amaituko dela, eta «gero gerokoak».

Etorkizunari itxaropentsu begiratzen diote taldekideek baina zalantzak dituzte haren inguruan. Jaialdietatik eta beste toki batzuetatik deituko dituztela espero dute; «gure musika eta gure kantuak munduan zehar zabaltzea nahi dugu».

Denbora libre gutxi izaten dutela azaldu du, «kontzertua eman ostean hotelera joaten gara zuzenean, bestela autobusa hartu eta beste hiri baterantz abiatzen gara».