Beñat Zaldua
BASTIDA

Dena prest Bastidan Araba Euskaraz ospatzeko

Herri Urrats eta Ibilaldia ospatu ostean, Araba Euskaraz da ikastolen jaien egutegian gorriz markatutako hurrengo data: ekainaren 17a. Aurten izen bereko herrian kokatutako Bastida Ikastolak hartu du jaiaren erantzunkizuna, laugarren aldiz.

Aurten Araba Euskaraz antolatzen duen Bastida Ikastolaren argazkia (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Aurten Araba Euskaraz antolatzen duen Bastida Ikastolaren argazkia (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Araba Euskaraz jaiak Arabar Errioxara zuzenduko ditu euskalzaleak ekainaren 17an, han ospatzen baita Arabako ikastolen jaia aurten, zehazki Bastidan. 1989, 2004 eta 2008an bezala, Bastida Ikastolak hartu du festa antolatzeko erantzunkizuna, «Arabar Errioxan aurrera eramaten ari garen proiektua ezagutzera emateko», ikastolako zuzendaria den Ketxu Bedialaunetak azaldu duen bezala.  

Hiru kilometroko ibilbideak herri barnean izanen du ardatza, ikastola bera jaiaren leku garrantzitsuena bihurtuz. Komunikazioa, gainera, asko landu dute aurten eta aparkalekuak ibilbidetik oso hurbil kokatu dituzte, ‘Barneratu, barreiatu’ leloa duen jaian ahalik eta jende gehiago biltzeko helburuarekin.  

Ibilaldiak lau gune izanen ditu, non mota guztietako jarduerak antolatu diren. Horien artean, ohi den bezala, musikak berebiziko garrantzia izanen du. Horretarako eskaintza dotorea prestatu dute, besteak beste, Gatibu, Bizardunak, Ze esatek! eta Johny & Josep taldeen emanaldiekin. Aurtengo abestia egin duen Nahixan taldeak ere, nola ez, kontzertua eginen du.  

Bastida Ikastolak teknologia berriak ere ez ditu ahaztu eta eskuko telefonoentzako aplikazio berezi bat sortu dute, bai iPhone, bai Android telefonoekin erabilgarria. Aplikazioari esker, besteak beste, erabiltzaileak egitaraua, ibilbidearen mapa, abestia eta bideoklipa izan ditzake momentu oro eskura.