Naiz.info
Baiona

Gatazkaren konponbidearen aurkako norabidean kokatu ditu Batasunak Albiko atxiloketak

Estatu frantsesak Aieteko konferentziaren ondorioei «muzin eginez», errepresioarekin jarraitzen duela salatu du Batasunak.

Ohar bidez, Batasunak François Hollanderen Gobernuaren urratsak «norabide errepresibo horretan eta gatazka integralaren konponbidearen aurkako zentzuan» kokatu ditu.

Hartara, gaurko atxiloketen ondoren, Estatu frantsesak Aieteko bake konferentzia burutu zenetik, «honi muzin eginez» errepresioarekin jarraitzen duela ohartarazi du, «Euskal Herrian gehiengo sozialaren nahiaren kontrako norabidean».

Hollanderen jarrera gogor kritikatu du Batasunak. Aldaketaren lelopean irabazitako hauteskundeen ostean, bere iritziz «ez du euskal gatazkaren eremuan aldaketa izpirik ekartzen, aldiz, hori ez da euskal jendartea itxaroten duena Gobernu honetatik». «Ordua da, denbora heldu da aldaketa bidean sartzeko. ETA erakundeak Aieten eskatutako baldintzak bete ditu, orain Estatuek dute baloina beraien aldean», adierazi du.

Hala, Hollanderi «aukera ez galtzeko» eskatu dio, eta «aldaketa garaia» dela azpimarratu du Batasunak. «Estatuak urrats baikorrik ez badu ematen ere, euskal herritarrek aldaketa bidea jorratuko duela argi eta garbi diogu».