NAIZ.INFO
DONOSTIA

Ingurumen arloan egindako lanarekin «harro» agertu da Juan Carlos Alduntzin

Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzin «harro» agertu da saila zuzendu duen artean egin duen lanagatik, baina «haserre» ere agertu da, EAJ, PSE eta PPk beren «interes politikoak» lehenetsi dituztelako.

Bilduko kargu ugari gerturatu da Juan Carlos Alduntzini babesa adieraztera osoko bilkura hasi aurretik. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Bilduko kargu ugari gerturatu da Juan Carlos Alduntzini babesa adieraztera osoko bilkura hasi aurretik. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Juan Carlos Alduntzin «oso harro» eta «lasai» agertu da gaur Gipuzkoako Ingurumen diputatu moduan egin duen lanagatik baina, era berean, «haserrea» adierazi du, bere aurkako zentsura mozioa sustatu duten EAJ, PP eta PSE alderdiek beren «interes politikoen» alde eta Bildu kaltetzeko helburu bakarrarekin jokatu dutelako.

Ordubete baino gehiago iraun duen diskurtsoan, zaborren inguruko eskumen gehienak udalen eta mankomunitateen esku daudela defendatu du, eta ez Aldundiarenean edo Batzar Nagusienean.

Zentzu horretan, errefusatu egin ditu Bilduri «Gipuzkoaren gehiengoak esaten duenaren aurka» jotzea egozten dioten adierazpenak, «gipuzkoarren borondatea ez baitago bakarrik mozioa bultzatu duten hiru alderdiak nagusi diren erakundeetan».

Azaldu duenez, hondakinen kudeaketak udalen nahia errespetatzea oinarri duen akordioa eskatzen du eta, zentzu horretan, txarretsi egin du alderdi batzuk proposamenak eztabaidatzeko prest ere agertu ez izana.

Alduntzinen diskurtsoa baino lehen, EAJ, PSE eta PPk uko egin diote mozioa defendatzeari, araudiak baimentzen ez dituen banakako interbentzioak egiteko aukerarik eman ez dietelako.

Behin Ingurumen diputatuaren interbentzioa amaituta, talde guztietako ordezkarien txanda iritsi da, eta banaka ari dira beren jarreren berri ematen.

Mozioa

Diputatua kargutik kentzeko mozioa EAJko Markel Olanok, PSEko Rafaela Romerok eta PPko Juan Carlos Canok aurkeztu zuten ekainaren 22an.

Aipatutako hiru alderdiak errauskailuaren aldekoak dira, eta zentzura mozioa aurrera ateratzeko gehiengoa dute: Bilduk 22 eserleku ditu, EAJk 14, PSEk 10, PPk 4 eta Aralarrek 1. Aurreikuspenak betetzen badira, Bilduk eta Aralarrek zentsura mozioaren aurka bozkatuko dute, eta, EAJk, PSEk eta PPk, aldiz, alde. Beraz, Alduntzinek kargua utzi beharko du, eta, hartara, Martin Garitanok Ingurumen diputatu berria izendatu beharko du ia ziur.