Azken egun bi hauetako zutabeetan justizia aipatu izan dugu, baina kirola ez da beti justua izaten; bueno, ezta bizitza bera ere. Berez, lana egin duenak eta bere aldetik duen guztia jarri duenak arinago edo beranduago uzta jaso beharko luke, baina askotan ez da hala gertatzen, ez epe motzean behintzat.
Aurtengo Tourrera lanak ondo eginda joan ginen, baina emaitzak jasotzen hasi behar genuenerako (lehen aste arriskutsua pasata) bederatzi txirrindularietatik lau etxean gara, hasieran generaman planteamendua hankaz gora jarriz. Une horretan sortzen den galdera argia da: Eta orain zer?
Bada, ez dago atzera bueltarik, dagoena onartu eta aurrera begira jartzea beste aukerarik ez dago. Frantzian utzi ditugun kideak, burua jaso eta atseden eguna baliatuz Tourra berriz planteatu beharrean izango dira, bigarren zati oldarkor bat eginez etapa baten bila jarraitzeko.
Etxean gaudenok ordea, behin lesioen zenbatekoa aztertuta, osatzeko epeak ahalik eta motzenak izan daitezen gure esku dagoen dena egin beharrean gara. Gaur Tourrean ibili diren gisara, erlojuaren aurka ibili beharko dugu osatzeko fase honetan detailerik txikienak zainduz, ahalik azkarren lehiakor egoteko.
Egia da, denbora luzean prestatzen ibili eta hainbat sakrifizio egin ondoren dena pikutara joan zaigula ikusita, ez dela erraza berriz ere gorputzari kontra egin eta sasoi onaren bila gustuko hainbat gauza alde batera uztea. Baina, etapari begira, Haimar Zubeldia entrenamendukide eta lagunaren adibideak indarberritzen nau.
Arazo fisikoak tarteko, hilabete geldirik egon behar izan zuen arren, detailerik txikienak ere zainduta bere mailarik onenean itzuli zen lehiara eta badirudi Tour hau berak merezi duena ematen ari zaiola. Handia egiten ari da eta horrek erakusten digu une zailetan gogor eginez, arinago edo beranduago une gozoak ere irits daitezkeela. Horretan oinarrituta lanari ekingo diot ahal bezain pronto!

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»

Una multitud se moja en Bilbo por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

EH Bildu pregunta por qué, habiendo informes, no se arregló antes el muro de Ondarreta
