Beñat Zaldua
Donostia
Elkarrizketa
Karmele Artetxe
UEUko zuzendaria

«Oso pozik eta oso gazte iritsi gara urteurrenera»

UEUren baitan urte dexente eman ostean, Karmele Artetxe elkarte akademikoaren zuzendaritzara iritsi zen 2010ean. Atzera begira bide oparoa aurkitu du, etorkizunean epe labur eta epe luzeko erronkei aurre eginez jarraitu nahi duen ibilbidea.

Karmele Artetxe, UEUko zuzendaria. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Karmele Artetxe, UEUko zuzendaria. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

40 urte uda euskal hezkuntzaz betetzen. Nola iritsi zarete urteurren honetara?
Oso pozik eta oso gazte. Pixka bat zaharkituta gaudela eman dezake 40 urte bete ditugulako, baina inoiz baino gazteago eta inoiz baino indartsuago gaude gure erronkei aurre egiteko, nahiz eta testuingurua ez izan aproposena guretzat.

Zoritxarrez, urteurrenarekin batera murrizketa ekonomiko larriak jasan dituzue. Krisiak bakarrik justifikatzen du Lakuako Gobernuaren diru laguntzaren desagerpena?
Krisiak justifikatzen du neurri batean, izan ere, denok pairatzen ditugu krisia eta murrizketak. Baina murrizketak ulergarriak diren moduan, diru laguntzaren desagerpena ez du krisiak justifikatzen. Hor badago erabaki bat, desagerrarazteko asmo kontziente bat.

Nola egin diozue aurre?
Elkarte kultural bat garen neurrian, begirada inoiz baino gehiago jarri dugu gure oinarri sozialean, bazkideengan. Haiei eskatu diegu laguntza ematea eta laguntza modu askotan eman ahal zen. Batetik, laguntza ekonomiko extra bat eskatu dugu eta izan dugun erantzuna oso ona izan da, gehienak ekarpen hori egiteko moduan egon direlako. Baina pertsona batzuek krisiaren ondorioz ezin izan dute ekarpen ekonomiko extra hori egin. Horrekin batera, eta oso garrantzitsua da, auzolana aktibatu dugu, bai ikastaroak moldatzeko, bai lekuak lortzeko. Lantalde profesionala gutxitu dugun neurrian, hor ere behar genuen laguntza.

Euskara jakintzarako hizkuntza bezala garatzeko bidean paper garrantzitsua jokatu du UEUk. Zeintzuk izan dira orain arteko lorpenak eta zeintzuk erronkak?
70eko hamarkadan, euskara eta jakintza erabat aldenduta zeuden, ez zeukaten inongo harremanik. Are gehiago, ez zuen ematen euskara kultur hizkuntza izan zitekeenik eta UEUk, beste elkarte batzuekin batera, erakutsi du euskara jakintzarako posible dela. Baina ez hori bakarrik, unibertsateko irakaslegoa euskaraz irakasteko trebatzea ere lan garrantzitsua izan da. Ekarpen handia ere egin du UEUk hiztegigintzan, jakintza arloz arloko hiztegi berezitua garatzen ikastaro eta argitalpenen bitartez. Beraz, euskararen egoera unibertsitatean gaur egun asko hobetu da. Orain hainbat karrera ikas litezke euskaraz, 70eko hamarkadan inondik inora. Neurri handi batean UEUren lanari esker izan da, beste elkarte batzuen lanarekin batera.

Geroari begira, nik esango nuke ibilbide luzea gelditzen zaiola euskarari. Oraindik ez dago beteta graduondokoen esparrua, hau da, behin gradua lortuz gero, lau urteko karrera bukatu eta gero, graduondoko espezializazioak oraindik urrun daude. Oso oso apala da euskararen erabilera hor. Aurten lau graduondoko berri jarriko ditugu martxan pixka bat hutsune hori betetzeko eta gure asmoa da ikasturtetik ikasturtera graduondoko eskaintza areagotzen joatea.

Urteurrena atzera begiratzeko une egokia da, baina baita etorkizunaz hitz egiteko ere. Aurrera begiratuta, zein da UEUren etorkizuna?
Aurrera begira, Euskal Unibertsitateak epe laburreko eta epe luzeko erronkak ditu. Epe laburrekoak dira egoera honi eustea eta bizirautea, hain zuzen ere epe luzekoari eragiteko eta lanean jarraitzeko. Eta epe luzeko erronka, espero dugu oso luzea ez izatea, euskal unibertsitatea da. Horretarako bizi behar dugu, oraindik ez dagoena, euskaraz funtzionatuko duen unibertsitatea.