Giza ahalmenen mugetara heldu al dira kirol arloko errekorrak?
«Azkarrago, altuago, indartsuago» dio Olinpiar Jokoetako leloak, baina azken urteetan gero eta zailagoa ari da gertatzen munduko errekorrak haustea. Dopinaren edo teknologiaren laguntzarik gabe, giza ahalmenen mugetatik oso gertu gaudela uste dute zenbait zientzialarik.

«Argi dago kirol guztietako errekorrak euren sabaira heldu direla», adierazi du orain dela gutxi Steve Haakek, Britainia Handiko Sheffield Hallam Unibertsitateko Ingeniaritza Ikerketa Saileko zuzendariak.
Zenbakiek arrazoia ematen diote. Gizonezko luzera-jauziko marka 1991. urtekoa da -Mike Powell estatubatuarrak Tokion lortua-, pertika jauzikoa 1994. urtean ezarri zuen Sergey Bubka handiak Sestrieren, eta igeriketakoak asko moteldu dira, 2010. urtean poliuretanozko bainujantziak debekatu eta igerilariek ohiko jantzietara itzuli behar izan zutenean. «Egia da oraindik badaudela zenbait kiroletan markak hausten ari diren kirolariak, baina hobekuntza marjinak asko murriztu dira», nabarmendu zuen Haakek.
Frantziako Kirol Institutu Nazionaleko Parisko bere bulegoan, Geoffroy Berthelotek 1968. urtean Atenasen egin ziren lehen Olinpiar Jokoetatik gaur egunera arteko olinpiar marka guztiak sakonki aztertu ditu. Bere datuen arabera, kirolariek gizakion ahalmen fisiko naturalen %99a garatu dute dagoeneko.
«Hemendik 2027. urtera aztertu ditudan 147 kirol desberdinen erdiak beren mugara heldu izango dira», azaltzen du bere azterketen arabera. «Eta epe horretatik aurrera, errekorrak ezin izango dira %0,05 batean baino gehiago hobetu», jarraitzen du, bere azalpenak horretarako garatu duen formula matematikoaz justifikatuz.
Bere ikerketen arabera, 1968. urtean atletak euren ahalmen fisiologikoen %75ean aritzen ziren eta gaur egun aldiz, %99ean aritzen dira, eta hor apenas dugu hobekuntza ahalmenik. Gainera, joera hauek mota guztietako esfortzuetan berresten dira, bai jarduera aerobikoetan (igeriketa), anaerobikoetan halterofilia), beheko adarrak erabiltzen dituztenean (txirrindularitza), goiko adarretakoetan (pisu jaurtiketa) eta errendimenduzkoetan (lasterka).
Reza Noubary Ameriketako Estatu Batuetako Pennsylvaniako Unibertsitateko irakaslearen iritziz, gizonezkoen 100 metroko lasterketa, askorentzat atletismoko eta Olinpiar Jokoetako frogarik garrantzitsuena, ezin da 9,4 segundoz azpitik bukatu. «Datuek argi utzi dute giza abiaduran izandako garapena gelditzen ari dela eta erabat geldituko da», azaldu du. Horrela dio behintzat, bere ustetan %90eko fidagarritasuna ematen duen formula matematikoak.
Holandako Tilburgeko Unibertsitatean egindako beste ikerketa batek, hala ere, marjina apur bat ematen dio gizakiari eta muga 9,29 segundoan jartzen du. Johm Einmahl irakaslearen arabera, «ikerketa serioa da hau, muturreko balioen teoria matematikak eta estatistika bezala, onartutako zientzia bat da, eta azterketa hauek kontuan izan dira, esaterako, uholdeen aurkako dike bat eraikitzeko, burtsako akzioen garapenerako edota aseguru konpainiek euren istripu aukerak kalkulatzeko garaian.
Baina horrelako ikerketek ezin dituzte kontuan izan noizean behin irteten diren Usain Bolt jamaikarra bezalako ohiz kanpoko talentuak. Reza Noubaryren ustez, «Bolt adibide perfektua da, gizon garaien gorputzen abantaila mekanikoak baititu, gorputz txikiagoko gihar zuntz bizkorragoekin bikain uztartuta». 2009. urteko abuztuan, Berlinen, jamaikarrak 9,58 segundoan jarri zuen egun indarrean jarraitzen duen marka.
Egun horretan, bere batez besteko abiadura 37,5 km/h-koa izan zen, baina 60 eta 80 metroen artean 44,7ra ere heldu zen. Jamaikarrak ordura arte zintzoki betetzen ari zen progresio aritmetikoaren aurreikuspen guztiak txikitu zituen, Boltek egindako denbora 2030. urtean betetzekoa baitzen, 2100. urtera arte egindako grafikoan.
Emakumezkoen kasuan, egun indarrean dagoen marka 10,49 segundoan dago, Florence Griffith-Joyner estatubatuarrak 1988. urteko Seulgo Olinpiar Jokoetan ezarritakoa. Dena dela, atleta honek Seulen ezarritako 100 eta 200 metroko errekorrak beti egon dira dopinaren susmopean. Inor ez da sekula denbora horietara gerturatu -2009. urtean Camelita Jeter herrikideak 10,69 egin zuen- eta 1998. urtean bat-batean hil izanak susmo horiek handitu baino ez zituen egin.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina



