NAIZ.INFO

Valverderentzat izan da Arrateko etapa eta baita lidergoa ere

Alejandro Valverde izan da Arrateko helmugatik pasatzen lehena, lehia estua izan du Joaquim Rodriguez kataluniarrarekin azken esprinean. Buruko taldean Froome eta Contador ere izan dira eta sei segundo galdu dituzte Intxaustik eta Igor Antonek. Informazio dena gure BEREZIAn.

Larri lortu du garaipena Valverdek Arrateko helmugan. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS
Larri lortu du garaipena Valverdek Arrateko helmugan. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS

Espainiako Vueltan indartsuenak zein diren argi utzi dute gaur Arrateko maldetan Valverdek, Rodriguezek, Froomek eta Contadorrek. Lauak ere mokoka izan dira azken kilometroetan, egunean zehar Markel Irizar bere baitan izan duen ihesaldia bertan behera utzi ostean. Azken kolpean bereganatu du etapa Alejandro Valverdek.

Lehen euskaldunak Beñat Intxausti (8.) eta Igor Anton (12.) izan dira, biak ere sei segundora. Galdutako denbora txikia izan da eta amaieran Igor Antonek esan du indartsu dagoela eta «esperantza bete-beteekin» uzten duela gaurko etapak.

Indarrak parez pare neurtzeko lehen aukera izan da gaurko Arratekoa azken garaipenerako hautagai nagusientzat. Buruan iritsi den laukoteak (Valverde, Rodriguez, Froome eta Contador) gainontzekoak baino koska bat gorago daudela erakutsi dute, baina Intxaustik (2. sailkapen nagusian) eta Antonek ere ez daudela makal agerian utzi dute. Jonathan Castroviejok Arrateko aldapetan ezin izan dio eutsi onenen erritmoari.

Euskal Herritik kanpora

Bihar atzean utziko du itzuli espainiarrak Euskal Herria. Barakaldotik abiatuko da etapa eta Valdezcarayen amaituko da. Lehen mailako portua, beraz, amaierarako. Berriz ere, indartsuenen artean nor den gehiago erakusteko aukera.