NAIZ.INFO
BILBO

Mintegik dio bere ahaleginak «Europan estatu libre bat sortzearen aldekoak» izango direla

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak Bilbon egin dituen adierazpenen arabera, bere ahaleginak «Europan estatu libre bat sortzearen aldekoak» izango dira eta bide horretan elkarlanerako prest dagoela esan dio EAJri.

Bilboko Alhondigan egin den Berbalagunean izan dira Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, Maribi Ugarteburu eta Dani Maeztu zerrenda kideak, baita Iratxe Ibarra hizkuntza normalizazioaren ataleko arduraduna ere.

Bertan egin dituen adierazpenen arabera, bat dator Mintegi EAJrekin Euskal Herriaren egituran eta estatuaren eraikuntzan gehiago sakontzeko orduan, baina bere ahaleginak «Europan estatu libre bat sortzearen aldekoak» izango direla esan du.

Bestalde, Katalunian ematen ari diren eztabaida «oso interesgarria» iruditzen zaio lehendakarigaiari. «EH Bilduk bere programan jasotzen du herritarrei galdetu egin behar zaiela independentziari buruz», aipatu du.

Independentziaren inguruko eztabaida Gasteizko Legebiltzarrera eramateko asmoa erakutsi du Mintegik.