NAIZ.INFO
PARIS

Hollandek Rajoy hartu du Parisen, aldebiko lehen gailurrean

François Hollande Estatu frantseseko presidentea eta Mariano Rajoy Gobernu-buru espainiarra aldebiko lehen gailurra egiten ari dira Parisen. Ekonomia gaiak dituzte ardatz nagusi. Bruselari bankuen batasunerantz urratsak egiteko eskatu diote.

Rajoy eta Hollande, elkar agurtzen. (Patrick KOVARIK/AFP PHOTO)
Rajoy eta Hollande, elkar agurtzen. (Patrick KOVARIK/AFP PHOTO)

Mariano Rajoy eta François Hollanderen arteko aldebiko lehen gailurra da gaur Parisen egiten ari direna. Abuztuaren 30ean ere bildu ziren bi agintariak, baina Madrilen.

Oraingoan, Rajoyrekin batera Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroa, Jorge Fernandez Barne ministroa, Jose Manuel Soria Industria ministroa, Miguel Arias Cañete Nekazaritza ministroa eta Sustapen Ministerioko buru Ana Pastor joan dira Parisera.

Euroguneko egoera ekonomikoa izan du ardatz nagusi Estatu espainolaren eta frantsesaren arteko XXII aldebiko gailurrak, baina mahai gainean beste gai batzuk ere izan dituzte, hala nola «terrorismoaren aurkako elkarlana». Iazko urriaren 20an ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik egiten duten lehen gailurra da. Rajoyk Gobernu frantsesak eskainitako laguntza eskertuko du, agentzia espainolen arabera.

Eguerdian iritsi da Rajoy Eliseo jauregira eta Hollandek egin dio harrera. Kameren aurrean minutu batzuk eta ondoren barrura sartu dira. Ministorak, berriz, bakoitza dagokion egoitzara joan da, sektore-bilerak egitera.

Bileraren ondoren, Hollandek esan du ados dagoela Rajoyrekin bankuen batasunerantz urratsak egin behar direla Europan eta hori defendatuko dutela heldu den astean Bruselan Europako Kontseiluak egingo duen bileran. Europako Banku Zentralak (EBZ) «izan behar du ardura eurogunean, eta gero beste etapa batzuk gainditu beharko dira bankuen batasunari begira», esan du.