Naiz.info
Bilbo

Ezker abertzaleak elkartasuna adierazi die preso kurdutarrei

Turkiako gobernuaren jarrera nazioarteko araudi demokratiko guztien kontra doala salatu du eta Europar Batasunari eta nazioarteko agintariei eskatu die oinarri demokratikoak errespetatzea exijitzea.

Ezker Abertzaleak elkartasun mezu bat igorri nahi izan du eta bere babes osoa adierazi Turkiako 58 espetxetan gose greba mugagabean aurkitzen diren 776 preso politiko kurdutarrei.

Prentsa oharrean gogoratu dutenez, iraila hasieratik hamarnaka preso gehitzen joan dira, hiru eskaera nagusi dituen gose grebara: neraien ama hizkuntzan ikasi, komunikatu eta defendatuak izateko eskubidea; Ocalan jaunaren isolamenduaren amaitzea eta elkarrizketa eta negoziazioetarako baldintzak sortzea.

Kurdutar preso politikoen aurka Turkiar agintariek egiten dituzten giza eskubideen bortxaketa guztiak amaitu behar direla aldarrikatu du ezker abertzaleak eta Europar Batasunari eta nazioarteko agintariei zuzendu zaie Estatu turkiarrari dei egin diezaioten oinarri demokratikoak bete ditzan eta kurdutar hiritarren eskubideak errespeta ditzan.