NAIZ.INFO
BAIONA

Estatu frantsesak aplikatzen duen espetxe politika gaitzetsi du Etxerat elkarteak

Euskal presoen senideen elkarteak Estatu frantseseko espetxeetako egoera islatzen duen txostena aurkeztu du eta Parisko Gobernuak presoen aferan «partehartze zuzena» duela ondorioztatu. Azaroaren 10ean Baionan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute.

Etxerat elkarteko kideak, Baionan eginiko agerraldian. (Gaizka IROZ)
Etxerat elkarteko kideak, Baionan eginiko agerraldian. (Gaizka IROZ)

Etxerat elkarteko hainbat ordezkarik Baionan egin dute agerraldia, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari aplikatzen zaion espetxe politikaren inguruko txostena aurkezteko. Esan dutenez, bertan bildutako datu, zenbaki, izen eta testigantzek duela urte asko Etxeratek salatzen daramana berretsi du: «Estatu frantsesaren partehartze zuzena euskal preso politikoen arazoan».

Hainbat datu kezkagarri aipatu ditu Etxeratek: 605 euskal preso politikoetatik, 136 daude Estatu frantseseko espetxeetan; Ipar Euskal Herriko 33 familik gutxienez senide bat daukate preso, eta beste batzuek bizpahiru; 40 presok daukate familia Ipar Euskal Herrian, eta horietatik 3 «perpétuité» [bizi osorako zigorraren] delako neurriaren aplikaziopean daude, «zeina bereziki gogorra den frantziar Estatuan».

Aipatutako hiru presook 22 urte daramatzate preso Estatu frantseseko espetxeetan. Haien artean den Ion Kepa Paroti hirugarren aldiz baldintzapeko askatasunaren eskubidea ukatu zioten iragan astean. Beste 18 presok 20 urte baino gehiagoko zigorra daukata, eta 20 presok 10 urte baino gehiago daramatzate kartzelan.

Datuoi erreparatuta, Etxeratek nabarmendu du Estatu frantsesean «beti» egon izan dela martxan presoen eskubideen urraketa, eta «orain inoiz baino gehiago». Parisko Gobernua «errepresioaren bidean tematzen» dela azpimarratu du Etxeratek, eta ardurak hartzeko tenorean «espainiar Estatuaren gibelean ezkutatzen» dela nabarmendu.

Hala ere, presoen senideen elkarteak argitu du gero eta aktore gehiagok –«haien artean, gaurko Gobernuaren kolore politiko bera duten hautetsi anitzek ere»– bat egin duela beren aldarrikapenekin, «arazo horren konpontzea prozesuan aintzinatzeko ezinbestekoa baita».

«Estatuak dira orain isolatuak direnak, eta honek justiziaren bidea hartzera eta denon  eskubideak errespetatzera behartzeko aukera paregabe baten aintzinean kokatzen gaitu», aderazi du Etxeratek.

Arrazoi horrengatik, datorren azaroaren 10ean Herrira mugimenduak Baionan deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin diote euskal jendarteari.