NAIZ.INFO
IRUÑEA

Korrika Laguntzaile izateko kanpaina abian jarri dute

Gau-eskola zein euskaltegien lana indartzeko zein Korrika bera aurrera eraman ahal izateko dirua lortzeko xedez, Korrika Laguntzaile kanpaina abian jarri du AEK-k.

AEKren Artezkaritza Kontseiluko Nafarroako kide Helios del Santo, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika, Korrika 18ren arduradun Edurne Brouard eta Gorka Martin, Olga Lopera, Tomas Arroyo eta Gillen Morales ikasleak egon dira Korrika Laguntzaile kanpainaren aurkezpenean.

Duela bi aste aurkeztu zen Korrika eta, edizio guztietan bezala, bi helburu ditu: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Horrela, bigarren xede horretan, Korrika bera aurrera eramateko «ezinbestekoa da Korrika laguntzaileek osatzen duten sostengu sarea», Iruñean burutako aurkezpenean azaldu dutenez.

Korrikaren arduradunek nabarmendu dute «euskaltegi indartsu eta onak» behar direla, eta «bide horretan goaz aski ez diren administrazio nagusien diru-laguntzak eta herritarrek Korrika orotan ematen diguten sostenguei esker». «Beraz, bada garaia gurea den hizkuntza ikasteko bideak errazteko, bada garaia behar diren baliabideak jartzeko eta doakotasunean aurrerapausoak emateko; finean, bada garaia esanetatik ekintzetara pasatzeko eta hartu behar diren erabakiak hartzeko», azaldu dute.

Hori dela-eta, botere publikoei dei egin diete, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak abian jar ditzaten eta, horren haritik, euskara ikastea doakoa izateko deia luzatu dute agerraldian.

«Herritarron sostengua behar dugu»

«Baina, zoritxarrez, ikasleei zein euskaltegiei zuzendutako diru-laguntzen falta ez digutenez egun batetik bestera konponduko, berriz ere herritarron sostengua eskatu behar dugu gaurko honetan aurkezten ari garen Korrika Laguntzaile kanpainaren bidez», esan dute.

Modu honetan, tamaina honetako kanpaina batek aurrera egingo badu, «herriaren eta herritar bakoitzaren laguntza ekonomikoa» behar duela ziurtatu dute. Hala, AEKn eta Korrikan bi urterik behin eskatzen duten ahalegin ekonomikoa «ez dela makala» hainbat herritarrentzat aitortu dute, eta hori dela eta, beti saiatu izan dira beti laguntza hori nola edo hala «bueltatzen».

«Horregatik ematen diegu laguntzaile egiten diren guztiei Korrika Laguntzaile pin-a eta Euskal Herriko 300 komertzio baino gehiagotan beherapenak ahalbidetzen dituen txartela. Gure esker ona adierazteko modu xume bat baino ez da», azpimarratu dute.

Hala ere, «bene-benetan garrantzitsua», bi urterik behin, 12 euroren truke Korrika Laguntzailea izatea dela nabarmendu dute. Korrika Laguntzailea izateko zein informazio gehiago eskuratzeko, AEKren euskaltegi batera joatea edo www.korrika.org webgunean sartzea besterik ez dago.