NAIZ.INFO
DONOSTIA

Orain arte 1.174 hautetsiren babesa jaso duela azaldu du Udalbiltzak

Udalbiltzaren berrantolatze prozesuaren orain arteko balorazioa egin dute erakundeko kideek Donostian. Bertan, besteak beste, 1.174 hautetsiren atxikimendua jaso dutela azaldu dute eta euren lanketaren hiru ildo garrantzitsuenen berri eman dute.

Udalbiltzako kideek eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Udalbiltzako kideek eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostian eman duten prentsaurrekoan, Udalbiltzaren berrantolatzeari ekin zitzaionetik gaur arteko balorazioa egin dute hainbat hautetsik. Haien artean izan dira, besteak beste, Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotzia (Bildu), Igor Eguren (Bildu) eta Daniel Olzomendi Ordizia eta Izurako alkateak, hurrenez hurren.

Bertan, erakundeak bere berrantolatze prozesuan jarraitzen duela adierazi dute eta 318 udaletako 1.174 atxikimendu jaso dituztela azaldu dute, horietatik 143 alkateak izanik.

Zentzu horretan, kargudun hautatu guztiei deia luzatu diete, «euren ideologiaz gain» prozesuan parte har dezaten. «Ez dugu ezer berririk aldarrikatzen, hamabi urteetan zehar egon diren espresio ezberdinen arteko batzea soilik».

Aro politiko berri honetan Udalbiltza «beharrezkoa» dela azpimarratu dute, «bi estatuen partetik jasaten dugun suntsiketa kultural, linguistiko eta ekonomikoari aurre egiteko».

Gaur egun lanean hiru zentzutan ari direla azaldu dute. Alde batetik, atxikitu diren udal hautetsi guztiekin eztabaida prozesu bat ireki dutela azaldu dute. Ekimenaren helburua hautetsiek Udalbiltzaren inguruan duten iritzia ezagutzea izango litzateke.

Bestalde, Euskal Herriaren inguruko argazki «multisektoriala» egiteko ahaleginetan dabiltzala esan dute, hau da, Euskal Herriko udal, eskualde, herrialde eta abarren egoera aztertzen dihardute.

Eta azkenik, nazio mailako gizarte eragileekin elkarrizketa bira baten prestaketan dabiltzala azaldu dute, proiektuaren inguruko xehetasunak konpartitzeko.