
‘Eman euskara elkarri’ lelopean, Andoaindik abiatuko da martxoaren 14an Korrika 18. Hurrengo edizioko kantua eta bideoklipa aurkeztu dituzte gaur abiapuntu izango duen herrian. Esne Beltza taldeak osatutako abestia da, ‘Bagoaz!’ izenburuduna. Xabi Solanok zuzenean jo du Bastero kulturunean eta publiko artean izan ditu animatzen taldekideak eta Andoaingo herritarrak.
Edurne Brouard Korrikaren arduradunak azaldu du, leloari jarraituz, euskarak elkarrekin kantatzeko eta dantzatzeko hizkuntza ere izan behar duela, eta kantua eginez herriak ekimenari ematen dion guztia itzultzen saiatuko direla. «Mezua zabaltzeko modu alai eta eraginkorra ere bada, eta beti izan du Korrikak honetan Euskal Herriko talderik onenen eta puntakoenen laguntza», adierazi du. Korrika eta Esne Beltza bidean topatzera «kondenatuta» zeudela gaineratu du, hainbat elementuk lotzen baitituzte: egindako kilometro ugariek, furgonetak, etengabeko mugimenduak, koktelera koloretsuak izateak…
Xabi Solanok abestia egiteko aukera «sekulako ilusioz» hartu dutela agertu du, eta Jon Garmendia Txuriaren hitzek eta bere musikak Korrika egiteko gogoa piztea dutela xede jakinarazi du. «Euskarari buruzko abesti asko daude eta zaila zen zerbait berria egitea, baina lema oso ona da eta lan polita egin dugula uste dugu, gu behintzat oso harro gaude egindakoarekin».
Bideoklipa IKBren laguntzaz egin dute marrazkiak, eskuak eta Korrikaren aurreko edizioetako irudiak eta musikarienak nahasiz, eta Euskal Herri osoan zabaltzeko asmoa dute.
Aurkezpen umoretsuan, Korrikaren edizio honetako arropa ere aurkeztu dute, Esne Beltzako taldekideak eta Andoaingo euskara ikasle, irakasle eta herritarrak modelo lanetan jarriz. Hain zuzen, egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiak omenduko ditu Korrikak; «bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako».
Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, martxoaren 24an amaituko du Korrikak bere ibilbidea Baionan.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»
