
Donostiako Intxaurrondo auzko Kultur Etxean aurkeztu dute Julen Arzuaga abokatu eta EH Bilduko parlamentariak idatziriko «Oso latza izan da. Tortura en Euskal Herria» liburua. Toki sinbolikoa aukeratu dute aurkezpena egiteko bertatik gertu aurkitzen baita Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartela eta torturak jasan dituzten ia 200 lagunek parte hartu dute ekitaldian.
Arzuagak azaldu duenez, azken 50 urteetan 9.600 tortura kasu baino gehiago gertatu dira Euskal Herrian eta liburuan hainbat testigantza jaso dituela esan du. Ildo horretan, instituzioek errolda ofizial bat osatu beharko luketeela azpimarratu du.
Unai Romano gasteiztarrak Egiari Zor Fundazioaren izenean hitza hartu du eta torturaren inguruan lehen pertsona mintzatu da. Romanok tortura jasan duten pertsonentzat «justizia» eta «erreparazioa» lortzea dela erronka nabarmendu du eta aldi berean, «egia osoa» ezagutu beharra dagoela eta «Estatuek beren erantzunkizuna» onartu behar dutela.
Torturaren Aurkako Taldearen bozeramaile Lorea Bilbao ere izan da liburuaren aurkezpenean eta Estatuaren ardurak ezagutzeko ikerketa kolektibo bat burutzearen beharra aldarrikatu du. Instituzioek ordaindutako batzorde independiente bat sortzea eskatu du Bilbaok.
Torturaren inguruko liburua Durangoko azokan izango da salgai eta informazio gehiago Euskal Memoria Fundazioaren webgunean aurkitu daiteke.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
