Aimar ETXEBERRIA
GASTEIZ

Iñigo Urkullu: «Guztien arteko akordioaren legegintzaldia izango da ondorengo lau urteetakoa»

«Akordio» hitza azpimarratu du behin eta berriro Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak bere inbestidura saioan eta, horrez gain, Gasteizko Legebiltzarra izendatu du bake bidean hitz egiteko eta akordioak lortzeko «gune bakar» bezala. Lehendakari suertatzen bada, ekonomiaren sustapena, bake eta elkarbizitzaren aldeko lana eta estatus politiko berri baten aldeko jarduna izango ditu oinarri bere Gobernuak.

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia, Legebiltzarrean eman duen diskurtsoan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia, Legebiltzarrean eman duen diskurtsoan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Herritarrak izango ditu oinarri Iñigo Urkulluren Gobernuak lehendakari suertatzen bada, hala adierazi du EAJko lehendakarigaiak Gasteizko Parlamentuan egin den inbestidura ekitaldiko lehen saioan. Bide horretan «akordio» hitza erabili du behin eta berriro, «guztien arteko akordioa», eta ondorengo legegintzaldiak ezaugarri nagusi hori izango duela azaldu du.

Iraganean legebiltzarkide izan direnak izan ditu gogoan hitzaldiaren hasieran eta Legebiltzarrean «garai berri bat» irekitzen dela aldarrikatu du, «mehatxurik gabekoa eta ideia guztiak barnebiltzen dituena».

Gasteizko Legebiltzarra da Urkulluren esanetan eztabaida gune nagusi, «ez dago arrazoirik eztabaidari ezetz esateko», azaldu du. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko bide bakarra «ezberdinen artekoa eztabaida» dela aldarrikatu du, eta bera horretarako «irekita» dagoela azaldu.

Hiru zatitan banatu du bere hitzaldia: suspertze ekonomikoa, bakea eta elkarbizitza eta estatus politiko berri baten aldeko aldarria.

Ekonomia

Ekonomiaren arloan suspertze ekonomikoaren aldeko lanean zentratuko dela azaldu du, «enpresei lagunduz enplegua sortuz». Egoeraren «larritasuna» aipatu du, Estatu espainiarrari eta Europari begira. Hala ere, «aukera berriak» sortu direla uste du.

Krisi egoera finantza sistemari leporatu dio eta aurerra begira balizko bere Gobernuak izango duen panorama ez dela erraza izango aipatu du, «krisi luze, larri eta sakona baita honakoa». Egoera horrelakoa izanik ere, hiritarren «eskariari eta beharrizanei» erantzuten ahaleginduko dela agindu du.

Atzeraldi ekonomikotik irteteko eta langabeziari aurre egiteko neurriak agindu ditu Urkulluk eta Lakuako Gobernuaren egoera jakin bezain laster, eta 2013ko aurrekontuen bidea argitu bezain laster, proposamen zehatzak egingo dituela ziurtatu du. Gainontzeko alderdiei aurrekontuak babesteko eskatu die.

Alderdi ekonomikoan, hala ere, egin du proposamen zehatz bat; Administrazio Publikoa %20an murriztuko duela esan du. Bere Gobernua oraingoa baino murritzagoa izango dela aurreratu du eta murrizketa plan hori Administrazio Publiko osora zabaltzea porposatu du, «betiere herritarrekin konpartituz».

Krisiari aurre egiteko «gaitasuna» dutela esan du, «sare landu bat» dutela. Historikoki krisi bakoitzaren aurrean «hortzak estutu» eta aurrera jo izan dela aipatu du eta, oraingoan ere, hala izango dela agindu du.

Proposamen zehatzak aztertuz, merkataritza ertain eta txikiaren alde egiteko borondatea azaldu, industrian ahalegin berezia egingo duela argitu du eta gazteentzako lana sor dadin jardungo duela agindu du.

EAJren lehendakarigaiak berrikuntzan eta lehiakortasunean oinarrituko den jardun bat aldarrikatu du eta ‘Basque Country’ leloa nazioartean zehar zabaltzeko ahalegina egingo dutela azaldu du. Zerbitzu sozialak ere izan ditu hizpide eta laguntza sozialak handitu, zerbitzu publikoak bermatu, hauen arteko harremanak koordinatu eta, etxebizitzaren arloan, alokairu soziala aldarrikatu du.

Hezkuntza arloan Madrildik ezartzen duten «banaketa» gaitzetsi du eta autogobernuaren bidean sakontzea eskatu du. Eleaniztasuna eta hezkuntza digitala izango dira Urkulluren balizko gobernuaren ardatzak eta euskararen normalizazioan lan egingo duela azaldu du.

Bakea eta elkarbizitza

Bakea eta elkarbizitzaren bidean aukera «bakar eta historiko» baten aurrean gaudela azaldu du Iñigo Urkulluk eta, arlo honetan ere, «ezberdinen arteko akordioak» aldarrikatu ditu. «Azken urte honetan asko irabazi dugu eta batere ez dugu galdu», aipatu du.

«Gizarteak ez luke onartuko aukera berri hau galtzea», esan du eta Legebiltzarreko talde guztiei egin die elkarlanerako deia. Afera honetaz hitz egiteko gune bakarra Gasteizko Legebiltzarra dela esan du, kanpo agenteak eztabaidatik at utzi nahiko balitu bezala.

Gatazkaren biktimak ere izan ditu gogoan eta hauek ordainik jaso gabe ezin direla gelditu aldarrikatu du. Oroimena da Urkulluren ustez bakea eraikitzeko oinarria.

Iraganaren balorazio kritiko bat egiteko eskatu du eta egindako mina aitortzeko eskatu die aldeei.

Estatus politiko berria

Estatus politiko berri baten proposamena ere egin du Urkulluk, «autonomia estatutua eta Europa aldatu egin direlako», baina ez du zehaztu EAJren proposamena zein den. Garaiak aldatu egin direla-eta, horretan oinarrituko da estatus politiko berriaren proposamena.

Europak aniztasunaren bidean aurrera egin duela esan du eta «gu hor kokatzen gara» gaineratu du. Mugaz gaindiko elkarlana aldarrikatu du.

Euroeskualdearen ideia ere aldarrikatu du, bai alor politikoan bai ekonomikoan ere.

Erabakitze eskubidearen aldeko jarrera duela esan du baina Urkulluren aburuz Gasteizko Legebiltzarraren akordio batek soilik egin dezake eraginkor tresna hori.

Azkenik, lehendakari hautatzen badute legegintzaldiari «ausardiaz» ekingo diola esan du.