NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako Udalak urtarrilaren 1era aurreratuko du 2013ko ekaineko ordainsaria

Donostiako Udalak urtarrilaren 1ean ordainduko die bere langileei 2013ko ekaineko ordainsaria eta Gabonetan jasoko ez duten paga etorkizunean berdintzeko funts bat sortu du.

Juan Karlos Izagirre alkateak eta Nerea Burutaran Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariak Gabonetako ordainsaria kentzeak sortu dituen ondorioei aurre egiteko neurriak aurkeztu dituzte. Neurria «inposatua» dela nabarmendu dute eta ez duela zerikusirik hiriaren egoera ekonomikoarekin.

Azaldu dutenez, zortzi aukera aztertu ditu Gobernu Batzordeak eta langileentzat «konponbiderik hoberena» hartu dute, azterketa juridikoak ikusi ondoren.

Hala, alkateak esan duenez, hilaren 14an abenduko soldata aurreratu zien Udaleko eta bere erakundeetako 2.300 langileei.

Gainera, 2013ko ekaineko ordainsaria urtarrilaren 1era aurreratuko dute, eta abendukoa ekainaren 15era. Horrela egingo dute, aurtengo Gabonetako ordainsaria konpentsatzeko aukera duten arte.

Orain jaso ez dutena aurrerantzean jasoko dutela bermatzeko, Udalak sei milioi euro inguruko funtsa sortu du. Alkateak garrantzitsutzat jo du gainontzeko talde politikoek neurri horri babesa ematea, funts hori erabil daitekeenean Bildu udal gobernuan ez badago ere ordainsaria gauzatu dadin.

Izagirrek adierazi du langileen ordezkariak hartutako neurrien jakinaren gainean daudela.