Naiz.info
Baiona

Bildu dituzte fidantzarako 15.000 euroak Baionan eta Donibane Garazin egindako bilketa masiboan

Goizeko 09.00etik 11.00etara Baionako Pyrénnées eta Donibane Garaziko Kalaka ostatuetan diru bilketa masiboa egin dute. 400 herritar inguruk eman dute laguntza ekonomikoa eta bildu dituzte Aurore Martin askatzeko behar diren 15.000 euroak.

Baionako Pyrénnées ostatuan, dirua biltzen. (Gaizka IROZ)
Baionako Pyrénnées ostatuan, dirua biltzen. (Gaizka IROZ)

Batasunak herritarren artean diru bilketa masiboa egin du Aurore Martini Auzitegi Nazionalak ezarritako 15.000 euroko fidantza ordaindu ahal izateko.

Alderdi politikoaren arabera, 300 lagunek 50na euro jartzea nahikoa zen diru kopurua biltzeko.

Hala, 09.00etatik 11.00etara Baionako Pyrénnées eta Donibane Garaziko Kalaka ostatuetan eman dira diru laguntzak. Guztira 400 herritar inguruk parte hartu dute bilketa masiboan eta lortu dituzte Martinen askatasuna lortzeko beharrezkoak diren 15.000 euroak.

Oraindik zehazteke da ziurtasunez Batasuneko militantea zein ordutan irtengo den Soto del Realgo espetxetik. Arratsaldeko 16.00etatik aurrera aterako dela adierazi dute hainbat iturrik.

Martinen familiak atzo adierazi zuenez, ez zaio ongietorri publikorik egingo larunbatean, zuzenean etxera joango dira. Baina datozen egunetan harrera ekitaldia egitea espero da.

Auzitegi Nazionalak atzo jakinarazi zuen Aurore Martinen baldintzapeko askatasuna.