NAIZ.INFO
DONOSTIA

Manifestazioa deitu dute Donostian, kaleratzeen aurka konpromisoak eskatzeko

Stop Kaleratzeak kolektiboak manifestazioa deitu du larunbatean Donostian, erakundeei, banketxeei eta alderdi politikoei etxegabetzeak ekiditeko konpromisoak har ditzaten eskatzeko.

Stop Kaleratzeak kolektiboko kideak, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Stop Kaleratzeak kolektiboko kideak, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Stop Kaleratzeak kolektiboko kideek agerraldia egin dute Donostiako Bulebarrean, larunbat eguerdirako antolatu duten manifestazioaren berri emateko.

Ane Martin bozeramaileak azaldu duenez, manifestazioaren helburua da erakundeei, finantza entitateei eta alderdi politikoei etxegabetzeak ekiditeko «konpromiso zehatzak» har ditzaten eskatzea.

Esan duenez, Stop Kaleratzeak kolektiboak bere «sumindura» adierazi nahi du Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuenetik denbora igaro bada ere, Gobernu espainolak «oraindik ez du legea aldatu eta banketxeek ez dituzte hipoteka-gauzatzeak gelditu, alderantzizkoa baizik». Izan ere, azken asteotan epaitegietan etxebizitzen enkanteak hazi egin direla salatu du.

Kaleratzeen inguruan Mariano Rajoyren Gobernuak hartutako neurriak ez direla eraginkorrak nabarmendu du, egun indarrean dagoen Hipoteka-Legearekin ez direlako ez enkanteak ez kaleratzeak gelditu.

Kutxabanken jarrera ere gaitzetsi du, «ez baitu bete hilabeteotan hartutako konpromisoetako bakar bat ere». «Ez du Gobernu espainolak martxoaren 9an onartutako dekretua aplikatu, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzua oztopatu du, Amaia Egañaren suizidioaren ondoren ez du prozedura bat ere gelditu eta bere bezeroei konponbidea eskaini gabe jarraitzen du», salatu du.

Horregatik, alderdi politikoei kaleratzeen aurkako herri ekimen legegilea babesteko eskatu die; Lakuako Gobernuari, etxebizitza politika berria ezar dezala; udalei, kaleratzeak egikaritzen dituzten banketxeekin lan egiteari utz diezaiotela; Kutxabanki, egungo «politika antisoziala» alda dezala eta herritarrei, egoera honen aurka borrokan jarrai dezatela.