Amaia UGARTE
DONOSTIA

Urte arteko inflazioak behera egin du Hego Euskal Herrian

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) ez du ia aldaketarik izan 2012. urteko azken hilabetean eta urte arteko inflazioak behera egin du Hego Euskal Herriko herrialde guztietan, Bizkaian ezik. Herrialde horrek du inflaziorik altuena, %2,8koa.

2012. urtea %2,8ko inflazioarekin itxi du Bizkaiak, INE estatistika institutu espainolak gaur zabaldu dituen datuen arabera. Herrialde horretan bakarrik egin du gora Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) abenduan, aurreko hilabetearekin alderatuta, baina ez da igoera handia izan, hamarren batekoa. Urte arteko inflazio tasan ez da aldaketarik izan azarotik.

Nafarroan prezioek ez dute aldaketarik izan azarotik abendura eta urtea %2,7ko inflazio tasarekin amaitu da herrialde horretan. Urte arteko eboluzioari erreparatuta, bi hamarren jaitsi da KPI abendutik.

Araban (-%0,2) eta Gipuzkoan (-%0,1), aldiz, KPIk behera egin du abenduan. Arabak %2,3ko inflazioarekin bukatu du 2012. urtea, eta Gipuzkoak, %2,6koarekin. Urte arteko inflazioa hamarren bat jaitsi da bi herrialdeetan.