Naiz.info
Donostia

Zabortegietara eramaten diren hondakinen %81 birziklagarria dela dio Gipuzkoako Aldundiak

Errefusaren inguruko azterketa egin du berriki Gipuzkoako Aldundiak eta zabortegietara eramaten diren hondakinen %81 birziklagarriak direla ondorioztatu du.

Urriaren 6tik abenduaren 19ra bitarte egin zuen azterketa Aldundiak, errefusa oinarri hartuta, hau da, zabortegietara eramaten diren hondakinak. Ez dira kontzeptu horretan sartzen, beraz, birziklapenari edo konpostatzeari begira, gaika bildutako beira, papera eta kartoia, ontzi arinak, organikoa eta abarrak.

Guztira, 12 tona hondakin aztertu dira, Gipuzkoako hiru bilketa sistemetan: atez atekoa, bosgarren edukiontzia duena eta lau edukiontzi dituena.

Aldundia txostena bukatzen ari da baina ondorio nagusi baten berri eman du: errefusean utzitako hondakinen %81 birziklagarria dela iritzi dio. Hau da, gaur egun zabortegira bidaltzen denaren %81 birziklatzeko materiala da: %54 organikoa da, %8,5 papera eta kartoia, %5 beira, %13 ontzi arinak eta %0,5 egurra, txosten horren arabera.

«Birziklatu egin daiteke, eta birziklatu egin behar da; besteak beste, horixe dioelako Europako Batasunak. Hondakinak modu arduratsuan kudeatzeko bidean, aurrerapauso handiak ematen ari gara Gipuzkoan, Zero Zabor norabidea hartu dugu, baina argi dago asko dugula oraindik ere hobetzeko: lan honek agerian utzi duenez, milaka eta milaka tona hondakin birziklagarri botatzen ari garelako zabortegietara, eta hondakin horiek balioa dutelako. Ez da logikoa eta ez da iraunkorra», esan du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Are gehiago, «Gipuzkoak ez du errauskailurik behar. Janez Potocnik Europako Ingurumen komisarioak argi eta garbi esan duenez, 2020rako ezin izango da erraustu birziklagarria den ezer», esan du.

Europako Parlamentuak Gipuzkoako hondakinen eredua aztergai izango du datorren martxoan.