Naiz.info
Donostia

Ines del Rio preso politikoa Europan defendatuko duen talde juridikoa aurkeztuko du Herrirak

Martxoaren 20an Europako Gizako Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio preso politikoaren kasua aztertuko du, Estatu espainolak bere aurka 197/2006 sententzia ezartzearen harira jarritako helegitea hizpide. Del Rioren defentsan arituko den talde juridikoa gaur aurkeztuko du Herrirak. Horien artean izango dira Didier Rouget, Amaia Izko, Mark Muller eta Michael Liviers.

Ines del Rioren askatasuna galdegiteko elkarretaratzea, Iruñeko Juztizia Jauregian. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Ines del Rioren askatasuna galdegiteko elkarretaratzea, Iruñeko Juztizia Jauregian. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Ines del Rioren auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegian aztertua izango da martxoaren 20an. Auzitegi berberak preso politikoari 30.000 euroko kalte ordainak ordaintzera zigortu zuen Estatu espainola eta lehen bait lehen aske uzteko eskatu zion, 197/2006 sententziaren aplikazioaren aurka presoak helegitea jarri ostean.

Gobernu espainolak, ostera, sententzia aplikatzeaz urrun, helegitea ezarri zion Auzitegiko erabakiari.

Martxoaren 20an aztertuko da helegitea eta Herrirak gaur Donostian aurkeztuko du Del Rioren defentsa lanetan arituko den talde juridikoa. Horien artean izango dira Didier Rouget, Amaia Izko, Mark Muller eta Michael Liviers.

Herriraren arabera, «gero eta gehiago dira, nahiz eta erritmo ezberdinetan» espetxe politika ezberdin bat eskatzen duten sektoreak, baita «oinarrizko eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriak» desagertaraztea ere, ‘Parot doktrina’ gisa ezagutzen den 197/2006 sententziaren gisan. 

Herri mugimenduak gogora ekarri du azken asteetan Gasteizen, Donostian, Tolosan, Gernikan, Oiartzunen, Sopelan edo Santurtzin neurri horren aurkako mozioak onartu dituztela.

Bere iritziz «beharrezkoa da gehiengo handi hau bistaratzea» eta Euskal Herriari «bakerako aukera bat» ematen diotela jakinaraztea.