NAIZ.INFO
ANDOAIN

Hamaika egunez eta 24 orduz, euskararen aldeko aldarriak hartuko du Euskal Herria

Gaur ekingo zaio Andoainen Korrikaren 18. edizioari ‘Eman euskara elkarri’ lelopean. Euskara ikasleak omenduko dituzte edizio honetan eta hamaika egunen ostean Baionan amaituko da. Jarraipen berezia egingo dugu NAIZen webgune berezian.

Edurne Brouard Korrikako arduraduna, furgonetetako kideei lekukoa ematen. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Edurne Brouard Korrikako arduraduna, furgonetetako kideei lekukoa ematen. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Korrikaren 18. edizioari emango zaio hasiera gaur arratsaldeko 16.00etan Andoaingo Martin Ugalde kulturgunean. 2.000 kilometroko ibilbidea da aurtengoa eta hilaren 24an amaituko da Baionan.

Euskalgintzako jendea izango da Korrikaren testigua eramaten lehena. Era horretan, Kontseilua, Sortzen Ikasbatuaz, Kantuzaleen Elkartea edota ‘Bertsolari’ aldizkariko ordezkariak izango dira testiguarekin lehengo kilometroa egingo dutenak.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emango diote segida euskararen aldeko aldarriari, hamaika egunez eta 24 orduz Euskal Herria hartuko duen aldarri horri.

‘Eman euskara elkarri’ da aurtengo edizioaren leloa eta euskara ikasten ari diren ikasleak omenduko dituzte.

Korrika 18ren jarraipena egingo dugu NAIZen, albisteak, erreportajeak, eguneko argazkiak... barnebilduko dituen webgune berezi baten bidez.