NAIZ.INFO
GASTEIZ

Ongietorri euritsu baina beroa jaso du Korrikak Gasteizen

Industrialdetik sartu da Korrika Arabako hiriburura arratsaldean. Eguraldia erabat trakestu da ekimena iristearekin batera baina Gasteizko kaleetan bildutako jendetzak ongietorri beroa eskaini dio Korrikari.

Iluntzean heldu da Korrika Gasteizera eta giroa bikaina izan da. (ARGAZKI PRESS)
Iluntzean heldu da Korrika Gasteizera eta giroa bikaina izan da. (ARGAZKI PRESS)

Astelehenean Nafarroako hegoaldetik euskara ematen ibili ondoren, Arabako lurretan dabil Korrika.

Gau hotza igaro dute korrikalariek, baina gogotsu jarraitu dute kilometroak egin eta egin, goizeko 8.00ak aldera Kanpezutik Arabara iritsi diren arte.

Orduek aurrera egin ahala, herriak atzean uzten joan dira korrikalariak: Antoñana, Atauri, Maeztu...

GARAko berriemaile berezi Maider Iantzik azaldu duenez, adibidez, Azazetako ikastolako 60 ikasleek eta bide bazterrean txalo eta indar oihuak ematen ari zirenek, herrialdean barrena bizitzen ari den giro ederra islatzen du. 

Dulantzin ere, ikastetxeko 400 ikasle inguruk bat egin dute euskararen aldeko lasterketarekin.

Herririk herri parte hartzen dutenetaz aparte, badira batzuk kilometro luzez aritzen direnak korrika. Adibidez, Kanpezun, bi maratoilari batu zaizkio Korrikari, Nafarroako bandera handi bat eskutan, eta eguerdiko ordubata igarota, bidean jarraitzen zuten, eta arnasik bazuten oraindik kantuan aritzeko.

Herririk herri pasa du eguna eta arratsaldean hiriburura heldu da. Jendetzak euskararekin bat egin du Gasteizen. Euri tanten azpian egin ditu lehenengo kilometroak, baina harrera beroa jaso du Korrikak.

Umandi ikastolako lagunek hartu dute lekukoa, ondoren suhiltzaileek eta blusen ordezkariek, baita Emakundek eta Lakuako langileek ere. Erakundetako ordezkariak ere korrika, tartean Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua edota Arabako Batzar Nagusietako batzarkideak.

Gauerdira arte izango da Korrika Gasteizen, eta goizaldean Trebiñurako bidea hartuko du. Araba atzean utzi eta goizean Bizkaian sartuko da.