NAIZ.INFO
GASTEIZ

Gas-ihes batek hornidurarik gabe utzi ditu ehun familia baino gehiago Gasteizen

Bost orduz gas-hornidurarik gabe izan dira Gasteizko ehun familia baino gehiago. Lanean ari zen makina batek gas-hodi bat zulatu du eta, ondorioz, hornidura etetea erabaki du Naturgasek.

Gasteizko hirigunean bizi diren 106 familia gas-hornidurarik gabe egon dira bost orduz obra batzuk egiten ari diren tokian gas-hodi bat zulatu dutelako. Ihesa dela eta, Naturgasek hornidura zerbitzua etetea erabaki du.

Gertakaria goizeko 8.30ak aldera jazo da, lanean ari zen makina batek gas-hodi bat zulatu duenean. Gertakariaren arriskua dela eta, suhiltzaileak eta udaltzaingoak bertaratu dira eta trafikoa moztu eta desbideratu egin dute.

Naturgaseko langileek goiz osoan jardun dute lanean egoera bere horretara itzul zedin. Bost orduren bueltan, gas-hornidurarekin zegoen arazoa konpontzea lortu dute.

Ez da bizilagunak euren etxeetatik ateratzeko beharrik izan eta ez da zauriturik ere suertatu.