NAIZ.INFO
BILBO

Euskalakari uholde batek bat egin du Bilbon Korrikarekin

Bilbora iritsi da Korrika. Jendetza bildu da, arratsalde eguzkitsuarekin bat eginez, Bizkaiko hiriburuko kale eta etorbide nagusienetan. Euskara elkarri eman diote hainbat eragilek.

Aduriz, Iribar eta Iraola, Bilboko kaleetan korrika. (ARGAZKI PRESS)
Aduriz, Iribar eta Iraola, Bilboko kaleetan korrika. (ARGAZKI PRESS)

Zortzigarren lasterketa eguna du gaurkoa Korrikak. Atzokoan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar ibili zen eta gaur goizaldean Arratiako eskualdean sartu da.

Gipuzkoan egin zituen azken pausuak oso jendetsuak izan ziren. Arrasate, Oñati edota Aretxabaleta bezalako herriak fin erantzun zioten Korrikaren deiari eta kaleak jendez betez euskararen aldeko aldarria egin zuten.

Goiz partean, aldiz, eskolako umeak eta gaztetxoak izan dira nagusi. Hala, Zeanuriko gaztetxoek gogoz hartu dute parte ekimenean. Areatza, Artea, Arantzazu, Igorre... Arratia bailara osoak giro ederrean hartu du parte Korrikan.

Dimara sartzean hainbat pilotari ziren zuriz jantzita, kirolez nahastuta edo. Gaztetxeko kideak, dantza taldekoak, bertsolariak, langileak... Dima herri euskalduna dela erakutsi dute.

Lemoan aurten omenduak diren euskara ikasleek hartu dute testigua, Udaleko kideekin batera. Arraroa egin badaiteke ere, Marijaiaren doinuak bertaraino iritsi dira. Harrera taldeak gaurkoan hartu du lehen aldiz testigua, Zornotzan.

Aipatzekoa Larrabetzun izan den giroa. Plaza jendez gainezka egon da, bertan luntx moduko bat prestatu baitute. Korrika herrira iritsten ari zela iragartzeko, leihoetatik globoak eta suziriak jaurti dituzte.

17.30ean iritsi da Korrika Bilbora. Lau ordu eta erdi egingo ditu ekimenak hirian. Denbora horretan, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek hartuko dute lekukoa.

Horien artean izan dira Athleticeko jokalariak. Hauek 18.00ak inguruan hartu dute lekukoa, San Mames zaharraren inguruetan. Andoni Iraola eta Jose Angel Iribar izan dira protagonistetako batzuk.

Bilbotik irtenda, Bizkaian jarraituko du Korrikak eta Basaurin amaituko du eguna.