NAIZ.INFO
KABUL

Bagramgo atxilotze zentroaren kontrol osoa eskuratu du Afganistango Armadak

NATOko indarrek Afganistango Armadaren erabateko kontrolpean utzi dute Bagramgo espetxea, izen bera daraman AEBetako basetik hurbil dagoena. «Afganistango Guantanamo» ezizenez ere izan da ezaguna kartzela hau.

Aginte transferentzia irudikatzeko ekitaldia, Bagramgo espetxean. (Aref KARIMI/AFP PHOTO)
Aginte transferentzia irudikatzeko ekitaldia, Bagramgo espetxean. (Aref KARIMI/AFP PHOTO)

«Atxilotze zentroaren transferentzia hau pausu garrantzitsu bat da segurtasuna Afganistango indarren esku uzteko prozesuan», baieztatu du Joseph Dunford jeneralak, NATOko misioaren eta AEBek Afganistanen dituzten tropen buruak.

Bagramgo espetxearen transferentzia, ekitaldi xume baten bitartez irudikatu dute.

Kabul hiritik 60 kilometro iparraldera dago kokatuta kartzela, eta Amerikako Estatu Batuek herrialde horretan erabili duten espetxe handiena eta garrantzitsuena izan da.

Horrez gain, 2001ean NATOren indarrek herrialdea okupatu zutenetik, polemika ugari izan da espetxe honen inguruan.

Amnesty International bezalako antolakundeek sarritan salatu dute AEBek bertan atxilotuta izan dituztela ehunka lagun, tartean adin txikikoak, abokatuak edukitzeko edo epaituak izateko eskubiderik gabe.

Hamid Karzai presidente afganistandarrak ere behin baino gehiagotan adierazi du kartzela hura bere herrialdearen subiranotasuna urratzen duela.

2012ko irailean, NATOk, espetxearen kontrolaren zati bat afganistandarren esku utzi zuten, baina preso «arriskutsuenak» AEBetako indarren menpe jarraitu zuten. Al-Qaedako buru bezala hartuak diren asko daude preso bertan.

Gaur burutu den botere aldaketa arinago burutzekoak ziren, azkenekoz iragan urtarrilean, baina hainbat aldiz atzeratu egin dute data, ofizialki inolako arrazoirik eman ez direlarik.