NAIZ.INFO
BILBO

Korrika 18 «mundiala», jendetsua eta «plurala» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek

Korrikaren 18. edizioa «mundiala» izan dela adierazi dute antolatzaileek. Edurne Brouard arduradunak azpimarratu duenez, parte-hartzea inoiz baino handiagoa izan da eta parte-hartze hori «inoiz baino pluralagoa» izan da.

Bilbon eginiko agerraldian Brouardekin batera, AEKren Artezkaritza Kontseiluko Asier Amondo, Iñaki Urkijo, Oskar Elizburu, Jakes Bortairu eta Helios del Santo, eta AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika izan dira, Korrikaren balorazioa egiteko.

Bertan, Euskal Herriari, modu batera edo bestean Korrikan parte hartu dutenei, antolatzen lagundu dutenei, laguntzaile egin direnei, Korrika Kulturalean parte hartu dutenei, kilometroa erosi dutenei, lekukoa eraman duten elkarte, erakunde eta norbanakoei, AEK-ko ikasle eta irakasleei, Euskal Herritik kanpo ere Korrikarekin bat egin duten guztiei eskerrak emanez hasi du bere mintzaldia Broaurdek.

Izan ere, «inoiz baino parte-hartze handiagoa» izan dela eta «inoiz baino pluralagoa izan dela» nabarmendu du, «orain arte parte hartu ez dutenek ere bat egin dutelako». Halaber, inoiz baino kilometro gehiago egin dira eta inoiz baino lekuko eramaile gehiago izan da.

Gainera, Baionan, Korrikaren amaieran, Lapurdiko hiriburuak «inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena» izan zela nabarmendu du, bai eta Korrika pasatzen ez zen lekuetan ere -Arabako Errioxan, adibidez-, Korrikarekin bat egin dutela eta Korrika egin dutela.

Halaber, Brouardek azaldu du diasporan inoiz baino Korrika gehiago egin direla, «30 leku baino gehiagotan, munduko kontinente guztietan». «Indar mediatiko izugarria» ere aipatu du, «nahi izan duenak Korrikaren berri jaso ahal izan duelako 24 orduz, 11 egunez, hasieratik amaierara».

Bestalde, interneten inoiz baino zabalpen handiagoa lortu du Korrikak. Horrela, milaka eta milaka bisita izan ditu Korrikaren webgunean, 5.160 zale ditu Facebooken eta ia 2.000 jarraitzaile Twitterren, eta Korrikaren sakeleko aplikazioak 11.900 deskarga izan ditu.

Leloa eguneroko bihurtu

Hemendik aurrerakoari begira, Korrika 18ren leloa izan den ‘Eman euskara elkarri’ egunerokoa bihurtu behar dela nabarmendu du Brouardek, eta «benetako erronka» Korrikarekin metatzen den indarra nola kanalizatzea dela adierazi du.

Ildo horretan, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak ere, Korrika 18 «mundiala» izan dela-eta «pozik eta baikor» daudela esan ondoren, «hemendik aurrera euskara elkarri ematea ohiko» bihurtu beharra dagoela nabarmendu du.

Horrela, Amets Arzallusek Baionako amaierako ekitaldian esandako hitzak bere eginda Mugikak adierazi duenez, «herri hau euskaraz pentsatuko badugu, guztion artean, elkarlanean eta bakoitzak bere arduragatik eman diezaiogun euskara elkarri».