NAIZ.INFO
BILBO

Familia bereko hiru bizkaitar zendu dira Palentzian, karbono monoxidoa arnastuta

Familia bereko hiru kide –Senar-emazte bikote bat eta emakumearen aita, Trapagaranen bizi zirenak– hil egin dira, Palentziako Carrion de los Condes herriko (Estatu espainola) etxebizitza batean karbono monoxidoa arnastu ondoren.

Larrialdi Zerbitzuek berri eman dutenez, astearte gaueko 22.00ak aldera jazo zen gertakaria Carrion de los Condes herri palentziarreko urbanizazio batean kokatuta dagoen etxebizitza batean.

Pertsona batek 112 telefono zenbakira hots egin zuen, etxe barruan hiru pertsona, lurrean eta konorterik gabe zeudela ikusi zuenean.

Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako, hiru pertsonen heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin. Etxean zegoen txakurra ere hilik zegoen.

Polizia iturrien arabera, hildakoak Trapagaranen bizi ziren hiru lagun dira: 55 urteko gizonezkoa, 54ko haren emaztea, eta 83 urteko honen aita. Oporrak igarotzen ari ziren Palentzian.

Suhiltzaileek karbono dioxido aztarnak aurkitu dituzte etxean eta, lehen datuek diotenez, gas galdaran edota edo berogailuetako batean izandako akatsen bat egon daiteke ezbeharraren atzean.