NAIZ.INFO
QUITO

Correa hauteskundeetako garaile izendatu dute ofizialki, bigarren itzuli baten beharrik gabe

Hauteskunde Batzorde Nazionalak Rafael Correa egungo presidentea jo du otsailean egin ziren Ekuadorreko presidentetzarako bozen irabazle, botoen %57,2 eskuratuta. Ez dago, beraz, bigarren itzuli baten beharrik.

Rafael Correa, artxiboko irudi batean. (EKUADORREKO PRESIDENTZIA)
Rafael Correa, artxiboko irudi batean. (EKUADORREKO PRESIDENTZIA)

Ekuadorreko Hauteskunde Batzorde Nazionalak ofizialki jakinarazi du Rafael Correak irabazi zituela iragan otsailaren 17an egin ziren bozaldiak, botoen %57,2 bilduta.

Correak jasotako babes handiaren ondorioz, ez da beharrezkoa izango bigarren itzuli bat egitea.

Haren ondotik boto gehien eskuratu duena Guillermo Laso, CREO koalizioaren hautagaia dago, botoen %22,7arekin.

Alderdi desberdinek emaitzei helegitea aurkezteko epea bukatu denean iritsi da jakinarazpen ofiziala. 

Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidente Domingo Paredesek esan duenez, apirilaren 9an emango zaizkie hautetsiei beren kredentzialak.

Behin betiko datuen arabera, botoa ematera deituta zeuden 11.675.441 herritarretatik, 9.467.062k jo zuten hautestokietara. 179.230 boto zuri egon zen eta 684.027 baliogabe.