NAIZ.INFO
GAZA

Gazarako sarbideak itxi ditu Israelgo Armadak

Gazako eremurako sarbideak itxita izango ditu Israelek gaur egun osoan, palestinar milizianoek atzo hiru suziri jaurti zituzten aitzakiarekin. Ez zen inor zauritu.

Israelek Kerem Shalom eta Erezeko kontrol postu militarrak itxita izango ditu gaur egun osoan, Armadako iturriek azaldu dutenez. Atzo palestinar milizianoek Israelgo lurraldera hiru suziri jaurti zituztela-eta hartu dute erabakia. Suziriek ez zuten inor zauritu, ezta kalte materialik sortu ere.

Kerem Sholomeko postutik lehengaiak eta produktuak sartzen dituzte Gazara, eta Erezetik, berriz, pertsonak pasatzen dira.

Joan zen astean Maysara Abu Hamdiyeh preso palestinarra espetxean hil zenetik areagotu egin da tentsioa Israel eta Palestinaren artean. Palestinarrek protesta ugari egin dituzte eta Israelgo Armada gogor oldartu da haien aurka eta Gaza bonbardatu du. Enfrentamenduetan bi gazte palestinar hil ziren.