NAIZ.INFO
AGOITZ

Euskaraz Bizi Eguna Agoitzen, «bikaina» antolatzaileen esanetan

Festa giroan euskaraz bizitzeko hautua berretsi dute Agoitzen EHE-k antolatutako Euskaraz Bizi Egunean. Musika, dantza eta ikusikizunak izan dira egun osoan zehar, ekitaldian «euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak» aldarrikatu dituzte.

Haur, heldu eta gazte eskutik ibili dira Agoitzen Euskaraz Bizi Egunean. (EHE)
Haur, heldu eta gazte eskutik ibili dira Agoitzen Euskaraz Bizi Egunean. (EHE)

Eguraldia lagun, goizeko hamarretan dianek Euskaraz Bizi Egunaren abiatzea iragarri dute Agoitzen. Urtez urte indartzen doan ekimena aurten «bikaina» izan dela adierazi du Euskal Herrian Euskaraz eragileak bere bilanean.

Iluntzean 2.000 lagun inguru elkartu dira, antolatzaileen esanetan, kalejira aldarrikatzailean. Martxaren osteko ekitaldian EHEko Nestor Estebanek euskara eta politika ez direla nahastu behar diotenei zuzendu zaie, «euskarak politikak behar ditu» esanda «menpeko hizkuntza politikak» aldarrikatzeari utzi eta «euskarari lehentasuna emango dioten legeid eta politikak aldarrikatzeko garaia» dela adierazi du.

Aurrez Agoizko bertako EHEko kideek eta Karrika euskara elkartekoek hartu dute hitza. Herrian eta eskualdean euskarak izan duen garapena izan dute hizpide.

Agoitz txiki

Aldarrikapena jai giroan izan da gaur txiki geratu den Agoitzen. Horren adibide, Txan magoaren ikuskizunean guraso dezente kanporatu egin behar izan dituztela kultur etxeko antzokitik haurrak sar zintezen.

Ehunka lagunek parte hartu dute kantaldi herrikoiarekin bukatu den herri bazkarian, herri kirolak izan dira, buruhaundi eta dantzariak, trikitilariak, erraldoiak... eta bereziki, euskaltzaleak. Balorazio oharrean EHEk adierazi du «euskaraz biziko den herriaren erakuslehio» izan dela gaur Agoitz. Azken mezua bertatik Euskal Herri osora hedatu nahi izan dute: «ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!».