Naiz.info

Diru laguntzen inguruko informazioa emango die Bermeoko Udalak suteak kaltetutakoei

Bermeoko Udalak suteak kaltetutakoei laguntzeko bulego bat ireki du eta Lakuako Gobernuak diru laguntzak emateko konpormisoa hartu du.

Bermeoko erdiguneko hainbat etxebizitza kiskali zituen suak. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Bermeoko erdiguneko hainbat etxebizitza kiskali zituen suak. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Bermeoko Udala joan den ostegunean izandako suteak kaltetutako herritarrekin biltzen hasiko da astelehenean, diru laguntzen eta etxebizitzen berritze lanen inguruko informazioa helarazteko.

Juan Maria Aburto Enplegu, Etxebizitza eta Gizarte Politiketako sailburua Bermeoko Udaleko ordezkariekin batzartu da laguntza horien inguruan hitz egiteko eta Juan Carlos Agirre Bermeoko Zerbitzuen zinegotziak Efe agentziari esandakoaren arabera, diru laguntzak emateko konpromisoa hartu du Lakuak.

Agirrek azaldu duenez, oraindik ezin da diru-laguntzen kopurua zehaztu, kalteen inguruko kalkuluak oraindik egiteke daudelako, baina esan duenez diru kopuru finko bat emango dute oinarrizko beharretarako eta beste kopuru bat hirigintzako berreskuraketa lanetarako.

Aldi berean, Bermeoko Udalak kaltetutakoei laguntzeko bulego bat ireki du, herritarrei seguruekin eta tasazioekin lotutako dokumentazioarekin laguntzeko.