NAIZ.INFO
BILBO

Preso politikoak eta gatazken konponbidea aztergai izango dituzte Bilbon, ostegunean

Preso politikoen nazioarteko egunaren harira, mahai-ingurua antolatu du Bilbon EPPKren bitartekaritza taldeak. ‘Preso politikoak eta gatazken konponbidea’ izenburua duen mahai-inguruak Irlanda, Hegoafrika, Palestina, Kolonbia eta Kurdistango hizlariak bilduko ditu.

Mahai-inguruaren aurkezpena Bilbon egin dute. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Mahai-inguruaren aurkezpena Bilbon egin dute. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

‘Preso politikoak eta gatazken konponbidea’. Horixe da EPPKren bitartekaritza taldeak Bilbon antolatu duen mahai-inguruaren izenburua. Preso politikoen nazioarteko eguna asteazkenean ospatzen den arren, mahai-ingurua ostegunean izango da, Bizkaia Aretoan, arratsaldeko 18.00etatik aurrera.

Euskal Herria, Palestina, Kurdistan, Irlanda, Hegoafrika eta Kolonbiako esperientziak partekatuko dituzte hitzordu horretan. Aniztasun hori dela-eta, EPPKren bitartekaritza taldeko ordezkariek bertaratzeko gonbitea egin diete komunikabide zein herritarrei, «konferentziako edukiak aberasgarri izan daitezkeelako Euskal Herrian irekitako prozesu politikoari begira».

Alderdi politiko eta sindikatuei gonbidapenak igorri dizkiete.

Era berean, EPPKren zein bitartekaritza taldearen inguruko informazioa bilduko duen webgune bat ere aurkeztu dute Bilbon burututako agerraldian.

Euskal presoen inguruan, horiek ere izaera politikoa dutela nabarmendu dute, «gatazka politiko bat dagoen heinean preso politikoak daudelako».