NAIZ.INFO
BARAKALDO

Lutxanako tunelak ixtea erabaki du Barakaldoko Udalak

Larunbatean izan zen sexu eraso saiakeraren ondoren, Barakaldoko Udalak Lutxanako tunelak ixtea erabaki du. Gainetik joango den pasabidea eraikitzeko proiektua aurkeztu du.

Lutxanako tunelak. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Lutxanako tunelak. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Barakaldoko Udalak Lutxanako tunelak ixtea erabaki du, ingurune horretan «segurtasuna bermatzeko», ohar batean jakinarazi duenez.

Erabakia larunbatean izan zen azken sexu eraso saiakeraren ondotik dator. Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak azaldu zuenez, adin txikiko neska bat bortxatzen saiatu ziren toki horretan.

Udal Azpiegitura zinegotzi Alfonso Garciak ohar batean azaldu duenez, Lutxanako tunelak arriskutsuak dira, batik bat emakumeentzat, eta azken hilabeteetan izan diren sexu eraso saiakera eta lapurreten ondorioz erabaki dute tunelak ixtea.

«Emakumean gure lehentasuna dira eta babestu egingo ditugu, kosta ala kosta», adierazi du.

Argudiatu duenez, lehenago ez dituzte itxi uste zutelako Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren zaintzak «emaitza ona emango zuela».

Pasabidea

Tunelen ordez, gainetik joango den pasabide bat eraikiko dute. Gaur bertan onartu dute proiektua, 245.000 euroko aurrekontuarekin. Udalak espero du Foru Aldundiak lagunduko duela, bai teknikoki bai ekonomikoki.

Pasabide hori eraiki bitartean, Lutxanako bizilagunek itzuli handiagoa eman beharko dute Barakaldora joateko, eta alderantziz.