NAIZ.INFO
GASTEIZ

Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeak gaur egin du bere lehenengo bilera

Gasteizko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeak gaur egin du lehen bilera. Agiriak elkar trukatu eta lan egutegia eta metodologia finkatu dituzte.

Bake eta Elkarbizitzarako lantaldearen bileraren irudia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Bake eta Elkarbizitzarako lantaldearen bileraren irudia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldea gaur bildu da lehen aldiz, apirilaren 11an eratu zenetik. EAJko Joseba Egibarrek eta Iñigo Iturratek; EH Bilduko Laura Mintegik eta Julen Arzuagak; eta PSEko Jose Antonio Pastorrek eta Rodolfo Aresek osatzen dute lantaldea. Alderdi bakoitzak bere txostena jarri du mahai gainean, lanerako abiapuntu gisa.

Ordu eta erdi inguru egon dira elkartuta eta amaieran ez dute komunikabideen aurrean adierazpenik egin. Agiriak elkar trukatu dituztela eta lan egutegia eta metodologia finkatu dutela besterik ez dute azaldu. Hurrengo hitzordua maiatzaren 13rako finkatu dute.

Lantaldean ez dira izan ez PP ezta UPyD ere. Azken alderdi horrek hasieratik esan zuen ez zuela parte hartuko foro horretan, eta PPk ere sorreran ez zela izango iragarri zuen bezperan.