NAIZ.INFO
AZPEITIA

Ixte arrisku «larria» aurreikusten dute Corrugados Lasaoko langileek

Nahiz eta enpresak merkatua duela uste duten, Gallardo taldearen jarreraz kezkaturik agertu dira Corrugados Lasaoko langileak eta, zuzendaritzaren etorkizuneko asmoen faltan, lantokia «ixteko arrisku larrian» dagoela uste dute.

Corrugados Lasaoko langileak prentsaurrean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Corrugados Lasaoko langileak prentsaurrean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Prentsaurrekoa eskaini du Corrugados Lasaoko enpresa komiteak, Gallardo taldeak azken aldian hartu dituen erabakien inguruko balorazio bat egiteko. Langileen ustetan, zuzendaritza aurrez prestatutako estrategia bat ari da garatzen eta, ildo horretan, lantokia «ixte arrisku larrian» dagoela ondorioztatu dute.

Prentsaurrean azaldu dutenez, 2012 amaieratik zuzendaritzak ez du lan kargarik sartu enpresan eta horren ondorio izango litzateke lantokiak galerak izatea. Gogoratu dutenez, 64 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2011n, «eta hala izaten jarraituko zuen hartu diren erabakiak hartu ez balira», aldarrikatu dute.

Enpresak merkatua baduela uste dute, zuzendaritzak dioenaren aurka, Corrugados Lasaoren merkatuaren %70a Estatu espainiarretik kanpo kokatzen baita.

Gauzak horrela, Gallarado taldearen «makinaria zapaltzaileak» aurrera darraiela uste dute. «Ez du bideragarritasun planik aurkeztu, ez digute beraien asmoen berri eman», azaldu dute. Horregatik, enpresa «ixte arrisku larrian» dagoela ondorioztatu dute.

Era berean, lantoki bakoitzak bere negoziaketa propioa izatea defendatu dute, Gallardo taldeak dena Madrilen egitea nahi duela salatuz.

Egoera honetan mobilizazioaren beharra azpimarratu dute eta egunero 13.30etatik 14.30etara errepide bazterrean izango direla azaldu dute. Era berean, Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari «babesa eta partehartzea» eskatu diote afera hau konpontzeko.